Argaren ibai parkea 30 kilometroko ibilbide luzea da, Arga ibai bazterrean kokaturik.
Iruñean Magdalenako baratzeetatik -leku horretako barazkiak oso famatuak dira beren kalitateagatik eta zaporeagatik- barneratzen da, Arrotxapeako auzoa zeharkatzen du eta, hirigunera hurbildu ondoren, Sanduzelai auzotik urruntzen da. Era berean, Argak Iruñerriko herri aunitzetako bazterrak gurutzatzen ditu; Burlata, Atarrabia, Arre, Barañain edo Zizur Nagusikoak, hain zuzen.
90eko hamarraldian hasi ziren ingurumen lehengoratze lanei esker sortu da berdegune eder hori. Ederra izan da emaitza: natur pasealeku bat, alegia, luzea eta jarraitua. Oinez edo bizikletaz egiten ahal da, eta elementu asko ditu: parke berriak, zaldainak, bederatzi zubi, ontziralekuak eta errota zaharrak (gaur egun zaharberriturik). Era berean, zuhaitzak eta animaliak daude bazter horietan: lizarrak, sahatsak, haltzak, urkiak, elorri beltzak, dortokak, arrainak eta ahateak, besteak beste.
Iruñeko ibilbideak
lau zati ditu, ibaiaren norabideari ekialdetik mendebaldera jarraiki: Magdalena, Arantzadi, Arrotxapea eta Sanduzelai. Horietako bakoitzak gauza erakargarriak ditu kirolariarentzat, arrantzalearentzat, paseatzaile lasaiarentzat, familiaren jolasarentzat, edo maitemindutako bikotearentzat...
Magdalenako meandroa: baserri eta baratze ugari. Ospetsuak dira hango barazkiak, kalitate eta zapore ederrak baitituzte. Han bertan bada presa polit bat Caparrosoren errotaren eta Magdalenako zaldainaren ondoan, Telleriako parkera joateko. Gainera, Magdalena zubia deigarria da. Erdi Arokoa da, eta Donejakue bidean dabiltzan erromesek zeharkatzen dute.
Arantzadin, ibaia harresietatik urrundu eta Cigandaren errota ondotik pasatzen da. Irudi hori oso maiz agertzen da hemengo pintoreen lanetan. Errotazar kalean, Ingurumen Heziketarako Museoa dago eta, aurreraxeago, San Pedro zubia, hiriko zaharrena, jatorriz erromatar garaikoa izan daitekeena.
Arrotxapeako tartean, ibaia berriro alde zaharrera hurbiltzen da, hondoan katedraleko dorreak daudela. Auzo horretan merkataritza eta aisia jarduera handia dago. Ibaiak hainbat zubi zeharkatzen ditu: Vergel, Arrotxapea (Curtidores ere esaten diotena), Dona Grazia eta Cuatrovientos izenekoak.
Azkenik, Sanduzelaiko tartean, ibilbidearen parean badago pilotaleku bat, bai eta iturri bat, presa bat, zubi bat eta errota bat ere. Parkearen alde banatan parke bana dago: Sanduzelaikoa eta Biurdanakoa. Urrunean, Donibane auzoa ageri da eta, harataxeago, Milutzeko zubia, hiriaren bukaera iragartzen duena.
Leku horretatik aitzinera, Arga
inguru zuhaiztu lasai eta isilean barneratzen da. Iruña atzean gelditu da.