Victor Eusak eraiki zuen Medialuna Parkea 1935ean, zalantzarik gabe XX. mendeko nafar arkitektorik nabarmenetakoa. 67.000 metro karratu ditu luze-zabaleran eta hiriko harresi-barruti zaharraren mutur batean dago, San Bartolome bastioiaren eta Nafarroa Beherea etorbidearen artean. Etorbide horrek
Iruña lotzen du Frantziarako irteerarekin (Irunetik joanez gero).
Hiriaren erdigunean bertan egon arren, parkearen diseinuak eta zabalerak eraginik, sosegurako paradisua da. Baliteke parkea zedarritzen duen behatoki luze horretatik
Katedralaren profilik ederrena ikustea, nafar pintoreen mihise askotan ageri den bezala. Izan ere, behatokiak aukera ematen du begiak ikuspegi gozagarrian pausatzeko: horra hor hiriaren alde bitxia, Arga ibaiak inguratua. Gure begiradapean ikusiko ditugu Magdalenako zubi zaharra (Erdi Arokoa) eta izen bereko baratzeak, Argako pasealekua eta, are gehiago, baita zaldiak eta behiak ere.
Begiratu kontrako norabidean, barneratu lorategietan. Zure begien aurrean
irudi erromantiko hutsaz zipriztindutako osagaiak agertuko zaizkizu: pergolak, uraskak, eskalarrak, iturriak, landare-hesiak, eskultura txikiak, eite handiko zuhaitzak, ur-zorrotadak eta eserlekuak, den-denak berdetasunean tartekaturik.
Medialunan badira landare eta zuhaitz bitxiak -43 zuhaitz espezie, guztira- eta, haien artean, zut eta harro ageri da
sekuoia erraldoi lerdena. Baina hala ere, eta bidenabar esanik, ez da Iruñeko handiena. Badira bi handiago: bat
Nafarroako Jauregian dago eta bestea, berriz, Nekazaritza Laborategi zaharrean, Alde Zaharrean, eta hirurak daude
monumentu natural deklaratuak.
Zalantzarik gabe, bada beste toki erakargarri bat bisitariarentzat, hots,
Pablo Sarasate biolin-jole entzutetsuaren omenez eraikitako monumentua, 1959ean egina, eserlekuz inguratutako toki batean. Handik oso hurbil, taberna terrazaduna dago, txukuna eta apaina. Udal kontzesioa da eta egunero dago zabalik goizeko 11etatik aurrera. Leku ezin hobea mokadu bat hartzeko. Tabernak, gainera, tankera pribatuko festak antolatzen ditu.
Ez da harritzekoa hainbat estilotako musika gure belarrietaraino iristea, berdegune honetan maizko antolatzen diren kontzertuei esker. Oso gomendagarria da uda hasierako arratsetan egiten den jazz zikloa.
Medialuna parkearen bukaeran - Nafarroa Beherea etorbidearekin bat egiten den tokian- Iruñeko errege Antso Handiaren monumentua aurkituko duzue. Aldamenean, baxuerliebe batean, XVII. mendeko mediku eta filosofo nafarra ageri da, Joanes Uharte Donibanekoa. Horrela, 1955ean eraikitako
jauregira iritsiko gara, jendeak "Izuren txaleta" esaten diona.Topaketa Profesionalen Nafarroako Zentroa da eta hainbat elkargo ofizialen egoitza. Barnealdea luxu finaz apainduta dago eta
jatetxe bat dago, jendearentzat zabalik.