Nafarroako Erdialdeko ekialdean kokatua eta izen bereko mendiak bere nagusitasuna agertzen duela, Uxue Erdi aroko zaporea eta aire menditarra dituen herri txikia da, meseta baten gainean eraikia, 840 metrotan.
Ez dago argi noizkoa den Uxue. Han bizi izandako jendearen lehen testigantzak erromatarren garaikoak dira, baina herria VIII. mendearen bukaeran edo IX. mendearen hasieran sortu zen. Zehazki, Iruñeko lehen errege Eneko Haritzak gotorlekua eraiki zuen musulmanen hedapena mozteko.
Dena dela, elezaharrak dio uso bat agertu zitzaiola artzain bati. Usoa harkaitz bateko zulotik sartu eta ateratzen zen; kobazuloan sartzean, Andre Maria eta Haurraren irudia aurkitu zuen eta inguruan bizi zirenek Ama Birjinaren agindutzat jo zuten agerpen hura, jendea han bizitzeko. Horrela jaio omen zen Uxue.
Herria bere osoan
Erdi Aroko adibide bikaina da. Malda latzak dituen mendixka batean dago eta etxeak aldapan beheiti hedatuak daude mailaz maila, harik eta herriaren beheko aldean labirinto itxurako trazatua zabaltzen den arte. Etxeetako fatxadek aire zaharra dute, eta guztietan badira atari zabalak. Gainera, etxe handi ederrak ere badira, batzuk barrokoak, besteak herri eraikuntzari jarraiki eginak, eta aurrealdean armarri gaitzak dituzte.
Gauza atsegina da bere kale estu eta aldapatsuetan gora eta behera ibiltzea, uste ez bezalako txokoak eta ikuspegiak aurkituko dituzu. Alderik gorenean,
Uxueko Andre Mariaren santutegi-gotorlekua dago zut. Bi mende behar izan zituzten hura eraikitzeko. Eliza prerromanikoaren gainean eliza erromanikoa altxatu zuten (XI-XIII) eta XIV. mendean, berriz, nabe gotiko handia, bai eta erronda-pasabideak eta almenadun dorreak ere. Gaur egun, bi dorre daude, Cuatro Vientos eta Picos. Hori dela eta, eraikuntzak gotorlekuaren itxura handiagoa du santutegiarena baino.
Eraikuntzaren ataria nafar gotikoaren aberatsenetakoa da. Tenpluaren barnealdean hainbat gauza dira miresteko modukoak: zilarrezko kaliz esmalteduna, XVIII. mendeko pulpitu barrokoa eta 1774ko aulkiteria rococoa. Burdinsare gotiko ederraren atzealdean, Ama Birjinaren tailu ederra dago, zilarrean bildua, 1190ekoa, armarri esmaltedunak ditu eta dominak baxuerliebean. Nafarroako eskultura erromanikoaren irudirik
eder eta zaharrenetakoa da. Aldamenean, beira-arasa batean, hantxe dago XIV. mendean santutegia gotortu zuen erregearen bihotza, Karlos II.a "Gaiztoa"-ren bihotza, alegia. Bere etsai frantsesek jarri zioten goititzen hori eta esaten da Gaztelako eta Frantziako errege-erreginak hiltzen saiatu zela.
Bisitaren ondotik, izanen duzu zer jan: almendra garrapiñatuak eta artzain-apurrak, ogiarekin, ura, gatza eta ardi-bilkorrarekin egindakoak.
Herri tradizioak gustuko badituzu, ez galdu apirilaren 25aren ondoko igandean egiten den
erromeria: horrela, Tafalla, Erriberri, Pitillas eta inguruko beste herri batzuetako erromesak tunika eta mozorro beltzaz jantzita joaten dira; kateak eramaten dituzte arrastaka eta gurutze astunak soin gainean.