Erriberako hiriburua eta bere iragana osatu zuten kulturen topalekuaren erakusketa bizia da Tutera eta kokapen bikaina du geografiaren aldetik, Ebro ertzean, eta urari esker,
nekazaritza eskualde emankorra da eremu osoa. Ongi komunikatua dago, 30.000 bizilagun inguru bizi dira eta, bere kokapenari esker, musulmanen hiria izan zen kristauen aurka eta, gero, Nafarroako Erresumaren talaia, Aragoi eta Gaztelaren aurkako borroketan.
Tuterako historian izandako mugarrien artean, esan beharra dago 1498an 3.000 judutar kanporatu zituztela, eta mairuak eta moriskoak 1516an eta 1610ean, hurrenez hurren. Hiria
Espainiako Judutegien Sarean dago -Sefarad bidea-, bai eta turismo ibilbide sefardietan ere.
Gutxiengo sozialek aztarna handia utzi zuten. Horren lekuko izanen zara
Ebro gaineko zubitik hirian sartu bezain laster. Arabiarrek egindako zubi horrek puntu-erdiko 17 ogiba-arku ditu, 360 metro luzeran eta, hartatik, Erriberako hiriburuaren ikuspegirik hoberenetakoak ikusiko dituzu.
Arteari begira,
Andre Mariaren katedrala da hiriko altxor preziatuena, 1180 aldean meskita zaharraren gainean eraikia; 1884tik hona
monumentu nazionala da. Atari ederra du, klaustro erromanikoak, bai eta erdiko nabe argitsu gotikoa ere. Santa Ana kapera ere nabarmentzekoa da, barroko churriguereskoan landua eta 1948an zaharberritua.
Katedralaren ondoan Elizbarrutiko Museoa dago,
Decanal jauregian kokatua (XVI) eta hirian badira eliza gehiago: San Jorge eliza (XVII), Karmen eliza (XVII), San Nikolas Barikoa (XVIII), Andre Maria (XVI) eta
Magdalena (XII), azken hori monumentu nazionala eta Nafarroan ikusiko duzun dorre erromanikorik bakanetakoa.
Arkitektura erlijiosoari dagokionez,
interesgarriak ere badira: Karmen (XVII), Dominiken (XVII), Kaputxinoen (XVIII) eta Klaratarren (XVIII) komentuak; halaber, bi ermita - Virgen de la Cabeza eta Santa Cruz-, eta Jesusen Bihotzaren irudia gain batean kokatua, hiriaren ikuspegi ederra begipean izateko.
Era berean, harritzeko modukoa da hiriko arkitektura zibila. Horrela, kaleetan badira hainbat etxe,
jauregi eta eraikin eder: San Adriango markesaren jauregia (XVI),
Uharteko markesaren jauregia (XVIII), Castel Ruiz Kultur Zentroa (XVII), arte modernoko
Muñoz Sola museoa.
Foruen plaza alde zaharraren eta berriaren arteko pasabidea da, tuterarren topaleku nagusia. 1687an eraikia, zezenketak jokatzeko erabili zuten, erdian kioskoa du eta inguruz inguru dituen etxeetako fatxadetan Nafarroako Erriberako herrien armarriak ageri dira.
Merkataritza aberatsaz gain, Tuteran jakirik goxoenak ere aurkituko dituzu; dastatu barazki ezin hobeak -alkatxofak, zainzuriak, kogolloak, karduak- eta ez zaitez joan menestra ezaguna dastatu gabe. Plater konbinatua da: alkatxofak, ilarrak, lekak, zainzuria, zerba eta urdai azpikoa. Produktu horiek kontserban ere salgai daude.
Festa eta ohitura lurraldea ere bada. Santa Ana dute zaindari eta herriko festak haren omenez ospatzen dituzte uztailaren 24tik 30era. Bestalde, interes historikoa eta kulturala du
El Volatin izeneko jaiak, bai eta
aingeruaren jaitsierak ere. Biak Aste Santuan egiten dira, martxoan edo apirilean.
Naturan jarduerarik egin nahi izanez gero, Tutera oso abiapuntu egokia da
Bardean ibilbideak egiteko,
Arradako Gaztelua ikusteko edo
Tarazonica deritzon natur bidean ibiltzeko.
Haurrekin bazoaz, bisitatu hilabete beroetan
Sendaviva parkea (Arguedas). Erdi aske dabiltzan animaliak bizi dira eta bestelako atrakzioak ere baditu.