Otsagabia 764 metrotan dago Zaraitzuko iparraldeko mutur-muturrean, Nafarroako ipar-ekialdean.
Zaraitzu Pirinioetako ibarra da, eta Otsagabia gailur garaiz eta pagadiz nahiz pinudi gorriz inguraturik dago. Azken finean, nafar Pirinioetako herririk ederrenetakoa da bai bere etxeen arkitekturagatik bai Zatoia eta Anduña erreken elkargunean egoteagatik. Leku horretatik aurrera, ibaiari Zaraitzu deitzen zaio.
Historia zertzelada zenbaitXI. mendekoak dira Otsagabiari buruzko lehen aipamen idatziak. Beti izan zen Zaraitzuko herririk jendetsuena eta, horregatik izan da ibar horretako "hiriburua". Dena den, gaur egun Ezkaroze da hiriburua.
XVIII. mendearen akaberan, frantsesek lur hauek guztiak larrutu zituzten, penintsulan sartu ziren eraso haietako batean. Dena den, herria berreraiki eta XIX. mendeak baretasuna ekarri zuen behin betiko.
Pirinioetako arkitekturaOtsagabiari darion xarma hein handian zor zaio herriak bere Erdi Aroko zubiarekin eskaintzen duen irudiari. Irudi horretako karrikak meharrak eta harriztatuak dira eta etxe zainduak txukun lerrokatuak daude Anduña errekaren inguruan.
Etxeak harrizkoak dira, teilatu pikoak dituzte, hiru edo laun isurialdekoak, eta ateburuak eta balkoiak landuak daude. Etxeen artean, Urrutia, Iriarte eta Donamaria izeneko jauregiak nabarmenduko ditugu, hirurak Erdi Arokoak. Halaber, badira XVIII. eta XIX. mendeetako armarridun etxeak.
Arkitektura erlijiosoari dagokionez,
San Joan Ebanjelariaren eliza azpimarratu behar da, Erdi Aroko arrastoak dituen XVI. eta XVII. mendeetako eliza, alegia. Kanpoaldean, tenpluak kontserbatu du Zaraitzuko eraikuntzek XX. mendearen hasiera arte izan zuten ohiko teilatua, oholez egindakoa. Barnealdean badira errenazimendu eta barroko garaietako hainbat erretaula.
Muskildako Ama Birjinaren santutegia ere eraikuntza interesgarria da, hots, XII. mendeko baseliza erromanikoa, Otsagabitik lau kilometrora mendixka batean eraikia.
UsadioakPirinioetako Nafarroak badu harribitxi bat, zaraitzuarrek belaunaldiz belaunaldi gordetzen jakin dutena:
Otsagabiko dantzak, aspaldi-aspaldikoak. Aukera paregabea da herria
irailaren 8ean bisitatzeko. Egun horretan erromeria egiten da Muskildako baselizara.
Zortzi dantzariz osatutako taldeak bi makil-dantza eta jota dantza bat dantzatzen ditu, Ama Birjina prozesioan atera baino lehen. Dantzariak jantzi tipikoak dituzte soinean eta "Bobo" esaten dioten arlekin dantzariak gidatzen ditu. Azken horren jantzia gorri-berdea da. Ikuskizun eder horrek bisitari ugari erakartzen ditu.
Kirola Otsagabiko inguruetanOtsagabiko inguruetan kirola egin nahi baduzu, zorionak. Negu garaian, Abodi-Zaraitzuko iraupen
eskiko pistek aukera emanen dizute Iratiko oihanaren bihotzean barneratzeko. Pistetan sartzeko eraikina Pikatuako aduana zaharrean dago, Larrauko errepidean, Otsagabitik 13,5 kilometrora. Lau ibilbide dituzu aukeran eta, guztira, 30 kilometro, elurraren egoeraren arabera, eta zailtasun handi-txikikoak.
Ori mendia da (2.021) Zaraitzuko mendirik adierazgarriena. Aisa iritsiko gara kaskoraino eta goi hartatik sekulako ikuspegia dago. Horrela, ordu labur bat beharko dugu Larrauko gainean dagoen aparkalekutik abiatuta eta ikuspegiak zoragarriak dira benetan Iratiko oihanera eta hurbil dauden gailurretara.
Halaber,
bidexka batzuetan ibiltzeko aukera izanen duzu: "Irati eta Muskildako bide zaharra", "Otsateko zintzurra", "Otsagabia-Udi-Jaurrieta-Ezkaroze" edo "Otsagabia-Izaba". Iratiko oihan pistez gozatu nahi baduzu, hartu zure mendiko bizikleta eta erabaki zure ibilbidea.
Otsagabian badago turismo bulegoa eta han azalpen zehatzak emanen dizkizute egin daitezkeen ibilbideez. Eraikin berean
Naturaren Interpretazio Zentroa dago. Zentro horrek informazioa ematen du Zaraitzuko bizitzaz eta naturaz eta, bereziki,
Iratiko oihan handiaz. Herritik bertatik, 23 kilometroko errepideak barneratuko zaitu pagadiz eta izeidiz oparo jantzitako paradisuan, Abodi mendia zeharkatu ondoren.
GastronomiaEz utzi alde batera herriak -eta ibar osoak- gastronomian duen eskaintza goxo-goxoa. Dastatu ogi artzain-apurrak, artzainen janaria. Hona osagaiak: ogi zaharra, bilgorra edo koipea eta ziztorra. Zartaginean egin behar da. Dastatu txahalkia eta arkumea, edo Nafarroako amuarraina urdai azpikoarekin frijitua.
Beste aukera zizen eskutik dator, udaberriko
perretxikoak eta udazkeneko onddoak bezala, edo ehizatik datozen jakiak: oreina, basurdea edo usoa. Bukatzeko, mamia edo
Erronkari Jatorrizko Deitura duen gazta. Ondotik, Nafarroako patxarana, oso digerigarria.