Hilobi Santuaren eliza
Torres del Rioko hirigunean txertatua dago. Nafarroako Erdialdean kokaturiko herri txikia da, betiere Donejakue bidearen arrimuan. Zehazki, mendixka baten gainaren eta sakonune sakonaren artean dago, Errioxako lurretatik hurbil. Bisitariak
erromanikoaren harribitxia aurkituko du begien aurrean, 1170 inguruan eraikia,
Jerusalemgo basilikaren erreplika bezala, baina forma zirkularraren ordez oin poligonala jarri zen.
Bere hasieratik
Donejakue bideari lotua, erromesentzako argia izan zen
Eunateko Andre Mariaren eliza bezala. Eraikinaren goialdeko linternan piztua zegoen argiak gidatzen zituen erromesak. Inguruko lursaila, gainera, ibiltarien kanposantua izan zen.
Oin oktogonala du, eta ezin hobeki konpentsatua dago akabera. Eraikin soila da, harmoniatsua eta hiru gorputz bereiziko dituzu argi eta garbi: lehenbizikoa, itsua; bigarrena, bi leiho txikik argitua; eta goikoa, puntu-erdiko leihoen bidez irekia barneko kupula bikaina argitzeko. Alde banatan, eraikinak absidea eta dorre zilindriko bat mantendu ditu eta, zortzi isurialdeko teilatuaren gainean, zortzi alde ere badituen linterna bat eraikia dago, tenpluaren gorputza bera miniaturan irudikatzen duena.
Eraikinean sartu nahi izanez gero, hegoaldeko atetik sartuko gara. Bere tinpanoan patriarka-gurutze bat dago, hau da,
Jerusalemgo Hilobi Santuaren ordena militar sakratuaren intsignia.
Barnealdean, begiak gorantz joanen zaizkigu, kalifa-eragineko nerbio lodiz osaturiko kupula bikainerantz, hain zuzen ere. Kupula multzoaren burua da eta zortzi puntako izarraren itxura du, saretatik iragazten den argi apal batez argitua.
Meskita batzuen antzeko eredu islamdarrak ekarriko dizkizute gogora nerbioek. Horrek aukera ematen digu tenpluaren egileak nor izan ote ziren pentsatzeko. Beharbada, artisau mudejarrak, Guadalquivir ibaiaren bazterretatik Torres del Riora iritsitakoak.
Eta
absidean, tenpluaren zaindari,
XIII. mendeko Kristo bat ageri da. Hilobiko Zaldunen Kristo Santua ere deitzen zaio. Han ere zutabe finak ikusiko dituzu, eta munstroak eta zentauroak irudikatzen dituzten eragin moriskoko kapitelak ere bai.