Lizarratik oso hurbil, Abartzuzatik 3 kilometrora, Deierriko mendien arteko ibar berdeetan dago Irantzuko monasterioa. Beraz, inguru horrek ederki betetzen ditu monasterioa non eraiki erabakitzeko baldintzak: "...ibar itxiaren hondoan, ur handiko errekatik hurbil eta, zeruertz gisa, zerua, zertarako eta Jainkoarengandik hurbilago egoteko". Monje zistertarrak 1176an etorri ziren monasteriora bizitzera eta, 1835eko desamortizazioan karlistek babestu bazituzten ere, 1839an bertatik alde egin behar izan zuten, Irantzu Estatuaren jabetzapera pasa zelako.
1942ra arte eraikina hutsik egon zen eta, urte horretan, zaharberritzeko lanak hasi ziren betidanik beneditarra izan zen monasterioan. Urtebete geroago, aita teatinoak joan ziren Irantzura bizitzera eta hantxe diraute.
Barrutiko sarrerak XII. mendetik XIV. mendera eraikitako
klaustro gotikora eramanen gaitu. Hori dela eta, era askotako estiloak ditu. Horrela, alderik zaharrenetan erdi-puntuko galeriak ageri dira eta beste batzuetan, aldiz, badira barne-trilobuluak dituzten arku zorrotzak eta poliki landutako trazeria duten idi-begiak, gotiko petoari dagozkionak. Klaustroan oraindik dago iturri hexagonala duen ikuztoki gotikoa eta abiapuntu egokia da multzo osoa bisitatzeko.
Hain zuzen ere,
bisita gidatua klaustroan hasten da. Lehenbizi, Erdi Aroko sukaldea ikusiko dugu eta bere tximini handi-handia; XVII. mendean berritutako jangela; biltegitako erabiltzen zuten aletegia; barrokoan berritutako abadetxea; zigor ziegak, non monjeek eta besteek beren erruak ogiaz eta uraz ordaintzen zituzten; XII. mendean eraikitako kapitulu-gela, hasieran eraiki bezala kontserbatua; eta, azkenik, Andre Mariaren eliza, XII. mendearen bukaeran altxatua. Tenpluak gurutze latinoa du, erdiko kapera eta, bi, alboetan. Barruko argitasunak bisitaria harrituko du. Izan ere, leihateetatik argi handia sartzen da barne osora.
Klaustrotik bertatik
interpretazio zentrora joanen gara. Zentroak hainbat gauzari buruzko informazioa ematen du: monasterioa, inguruak, eskualdeko kontu turistikoak, bai eta Nafarroako gainontzeko eskualdeetakoak ere. Monasterioak ez du deus ekoizten, baina bere marka daramaten produktuak saltzen ditu, esaterako: likorea, txokolatea, almendra garrapiñatuak, eztia, erroskilak, gazta, ardoa eta zeramika eta, horrez gain, monasterioari buruzko liburuak, Irantzu errekaren zintzarri buruzko eskuorriak eta ibilbide turistikoak ere bai.
Monasterioaren ondoan, badago askaldegi zabala. Handik
hainbat ibilbide abiatzen dira, adibidez, Irantzuko zintzurrean gora doan huraxe. Bide erraza da eta ikuspegi ederrak daude inguruko artadi sarrietan eta kareharrizko erlaitzetan.