Urrunxkotik hasiko zara Erriberriko
jauregiko dorre dotore eta bitxiak ikusten, arbelezko teilatuak koroatuak. 3.000 biztanle pasatxo dituen hiri txikia da Erriberri, mendien eta lurralde lauaren artean kokatua, Iruñetik 40 kilometro hegoaldera.
Badira erromatarren arkeologia arrastoak, I. mendekoak. Baina, Suintila errege godoari egotzi zaio Erriberriren sorrera, 621. urtean. Nafarroako errege Gartzia Ramirezek lehen forua eman zion hiriari eta, bere aldetik, Teobaldo II.ak urtero feriak egiteko baimena eman zion 1276an. Urte horretatik aitzinera ere, Erriberrin Gorteak bildu ziren.
Errege-erreginen egoitza izan zen Erdi Aroan eta
Karlos III.a Prestuaren bizitoki kutuna (1337-1425). Errege horrek luxuzko jauregia eduki nahi zuen eta, hartara, animalia exotikoak eraman zituen -jirafak, lehoiak edo bufaloak- eta lorategi tropikal ikusgarriak eginarazi zituen hormetan.
Urrutiko garai hartan izan zuen distiraren lekuko, Errege-erreginen
Jauregia iritsi zaigu, Erdi Aroko hirigunearen herena hartzen duena. Egia esan, elkarren ondoan eraikitako bi jauregi dira. Jauregi "zaharrean" (XII-XIII), gaur egun
Turismo Paradorea dago, baina soilik hormek eta dorrek diraute zutik.
Aldiz, jauregi "berria (XIV-XV) Frantziako gotiko zibilaren adibide bikaina da. Patio zabalak barnealdera eramanen zaitu eta badago jauregia gidari bidez bisitatzeko aukera. Dorre guztien artean, "Ochavada" deitutakoa da bitxiena: bere behatoki estuan zabiltzanean, maitagarrien gazteluan zaudela irudituko zaizu. Alderik ospelenean, arrautza erraldoi gisako bat aurkituko duzu. Izotzaren putzua zen eta elurra pilatzen zuten han, elikagaiak gordetzeko. 1813an, suak jauregia goitik behera erraustu zuen, eta gaur egungo itxura zor zaio 1937an egindako zaharberritzeari.
Baina Erriberri osoa da ikusgarria eta ez soilik bere jauregi ederra. Hirian barna zabiltzala, etxe nobleak ikusiko dituzu, armarri bikainak, erromatarren harresiak, arku gotikoek zeharkatutako "rua" edo karrikak eta
Andre Mariarena bezalako elizak (XIII).
Torre del Chapitel portalearen bidez Karlos III.a plazara iritsiko zara eta han Udaletxea dago, 1950ean eraikia, etxe noblearen gisara. Plazan bertan, Erdi Aroko bi galeria daude lurpean (XIV), bai eta taberna eta terraza zenbait ere.
Karrika Nagusian
San Pedro eliza bisitatzeko aukera izanen duzu, estilo erromanikoan hasia eta barroko garaian handitua. Baina gainontzeko kaleak ere ikusgarriak dira, eta tarteka Errenazimenduko eta barroko garaiko jauregiak daude, Arradako Markesarena bezalakoa.
Hiriaren arte ondarearen osagarri, San Frantzisko eta Santa Engraziako monasterioak daude harresiz kanpo, XVIII. mendean berreraikia bat eta zaharberritua bestea, hurrenez hurren.
Hiria Erdi Aroan nolakoa izan zen irudikatzeko une aproposa izaten da abuztuan egiten diren
Erdi Aroko festak. Hiria merkatariz, artisauz, titiriteroz, trobalariz, apezez, arkulariz, belatz-zainez eta malabaristez betetzen da. Den-denek beren produktuak eta ikuskizunak eskaintzen dizkiete bisitariei; erregeen eta printzesen desfileak egiten dira eta zaldunen arteko torneoak ere bai. Era berean, badaude Erdi Aroko bazkari eta afariak, garai hartako arropekin jantzita dauden ostalariek lurrezko ontzietan zerbitzatutakoak.
Erriberriko kultur eskaintzaren osagarri, uda oparoa gertatzen da
Cultur programari esker eta, batez ere,
Antzerki Klasikoaren jaialdiari esker. Emanaldiak kalean eta atari zabaleko agertokietan izaten dira.
Hirira eginen dugun bisita borobiltzeko, hirian bertan eta inguruetan dauden upeltegi eta kooperatiba ugarietako ardoa dastatu beharko dugu. Erriberriko ardoen ospea -ongi merezitako ospea- probatzeko aukera izanen duzu eta sorta ederra dago zinez: ardo gorriak, beltzak, gazteak, onduak, erreserbakoak eta erreserba handikoak, den-denak Nafarroa Jatorrizko Deiturari atxikiak. Halaber, ardoak dastatzeko parada izanen duzu
Mahats-bilketaren Festan (irailaren lehen hamabostaldian) eta, ardoari buruz gehiago jakin nahi baduzu, bisitatu
Mahastiaren eta Ardoaren Erakusketa Zentroa, Teobaldos plazan kokatua.