Lesaka
Bortziriak izeneko eskualdean dago, Nafarroako ipar-mendebalean, Donostiatik nahiz Frantziako mugatik hagitz hurbil. Herri hau guztiz aldatu da denbora gutxian, nekazari- eta baserri-herri izatetik inguruko industria-gune garrantzitsuenetakora izatera pasatu baita. Halarik ere, honek ez dio batere ebatsi
antzinako xarma, ezta XVIII. mendekoak diren ola, irin-errota, sagardoa egiteko lantoki edota zurgindegi zenbait ere. Lan horiek harrezkero herriarendako sos-iturri izan dira, eta hala nabarmentzen da bertako eraikin dotore anitzetan.
Mendiz inguratua eta Onin ugaldea bihotzetik igarota, auzo batzuetan banatzen da Lesaka, eta
Tourseko San Martin bere parrokia elizak babestua da. Muino baten gainean tente,
Nafarroako eliza monumentalenetakoa da; bertan gotikoak eta barrokoak bat egiten dute katedral tamainako erlijio arkitekturaren adibide bikaina sortzeko. Gainera, bere baitan Carmonako Ama Birjina babesten du, eta interes kulturaleko ondarea izendatu den organo bat.
Bere aldetik, hiribarnea historiaren igarotzearen lekuko da eta tradizioko etxeak gordetzen ditu. Leiho eta ate gotikoak herriko karrika harriztatuetako etxe-aurrealdeen apaingarri. Baina, dudarik gabe, herriko ezaugarri den irudia, ibairen gaineko harrizko zubia da, eta
Kaxerna edo Zabaleta dorrea, haren ondoan eraikia. XV. mendeko dorre-etxe eder bat, harri landuzkoa. Herrian barrena
Minyurinea bezalako beste leinu-dorre batzuk aurkitzen dira, XIV. mendekoa hura, bertako eraikin zaharrena jotzen dena.
Lesakara hurbiltzeko parada ederra uztailean dago, Iruñean bezalaxe, hemen ere
San Fermin jaiak ospatzen baitira. Hango ekitaldi koloretsuenetako bat, Onin ibaiaren ondoko petrilen gainean egiten diren dantza tradizionalak dira.
Agiñako eremu megalitikoaNaturazaleek Lesakatik hagitz hurbil dagoen Agiñako eremu megalitikoa ikaragarri gozatuko dute. Bertan paisaiak eta historiaurreak bat egiten dute. Tumuluak, trikuharriak eta harrespilak Aita Donostiaren omenez
Jorge Oteiza artista handiak eginiko monumentu modernoaren ondo-ondoan. Tokia zinez ederra da paseoan ibiltzeko.