Zure egonaldian atseden hartzeko moduko leku baten bila zabiltza? Kontsultatu aukera guztiak eta kudeatu erreserba.
Hemen aurkituko dituzu ezagutu beharreko leku guztiak, eta, era berean, jarduera eta esperientzia batzuei buruzko zenbait iradokizun ere bai, Nafarroaz ahalik eta gehiena goza dezazun.
Lokalizatu zure errekurtsoa mapan eta aurkitu ordutegiak, prezioak, fitxak eta halakoak bilatzaileak erabiliz.
Ohar orokorrak
Baso horietan artea edo arte laparra da zuhaitz nagusia (Quercus ilex).
Arte laparrek osatutako artadiak (Quercus ilex subsp. rotundifolia) Nafarroako hegoaldean hedatzen dira eta artadiek (Quercus ilex subsp. ilex), aldiz, bi nukleo txiki osatzen dute ipar-mendebalean. Baso mediterranear tipikoak dira eta euri gutxi egiten duen klima kontinentalizatuetan egoten dira.
Antzina Nafarroako erdialdean eta hegoaldean eremu zabalak estaltzen zituzten baina gutxituz joan dira historian zehar. Gaur egun, masa zabalenak Nafarroako Erdialdean, erdialdeko harroetan eta Pirinioaurreko zenbait ibarren hegoaldean daude.
Arteak eta arte laparrak ez dira oso altuak eta osatzen dituzten basoak ez dira oso sarriak. Oihanpe aberatsa izaten dute honako zuhaitz eta zuhaixka hauek osatuta: astigarrak, abaritzak, gurbitzak, basagurbeak, ipar-ipuruak, ipuruak, erromeroak, ezkaiak...
Hegazti-fauna
Baso horietako landaredi-aberastasunak errazten du hegazti espezie ugari egotea; halere, horien dentsitatea ez da oso altua izaten eta 50-60 hegazti/10 ha ingurukoa izaten da ugaltzeko garaian. Neguan, ordea, arte laparrek eta arteek paseriforme negutar asko eta asko hartzen dituzte; horiek hosto iraunkorreko zuhaitz horiek eskainitako babeslekuak baliatzen dituzte, baita bertan dauden fruitu eta baiak ere.
Baso horietako espezien artean honakoak ditugu: pagausoa, usapal arrunta, kuku europarra, txepetxa, txantxangorria, zozoa, zozo-txinboa, txinbo burubeltza, txinbo papargorrizta, mendi-erregetxoa, kaskabeltz handia, buztanluzea, txonta arrunta, txirriskil arrunta, txorru arrunta eta karnaba. Arte laparren ale gutxi dituzten basoetan etze-txinboa, miarritza eta, urriago, ezkai-txinboa ageri dira.
Zertxobait urriagoak dira okil handia, okil berdea, txoloma, amilotx urdina eta, are urriagoa, karraka.
Harraparien artean ditugu miru gorria, arrano sugezalea, arrano txikia, zapelatz arrunta, gabiraia eta zuhaitz-belatza. Gauekoei dagokienez, apo-hontza, mozoloa eta hontz ertaina ageri dira.
Neguan, iparraldetik, talde handiak iristen dira: birigarro arruntak, garraztarroak, birigarro txikiak, durdulak, txonta arruntak eta negu-txontak.