Zure egonaldian atseden hartzeko moduko leku baten bila zabiltza? Kontsultatu aukera guztiak eta kudeatu erreserba.
Hemen aurkituko dituzu ezagutu beharreko leku guztiak, eta, era berean, jarduera eta esperientzia batzuei buruzko zenbait iradokizun ere bai, Nafarroaz ahalik eta gehiena goza dezazun.
Lokalizatu zure errekurtsoa mapan eta aurkitu ordutegiak, prezioak, fitxak eta halakoak bilatzaileak erabiliz.
Gorputza eta burua sasoian behar dituzu, are gehiago gaur egun. Horretarako, ezin aproposagoa da naturarekin konektatzea, hura behatuz, ibiliz, ukituz, arnastuz... Gauzen muinera heldu, baita janarien eta edarien jatorrira ere.
Zertarako? Zure barrenarekin konektatzeko eta, aldi berean, deskonektatzeko.
Lagunduko dizugu hori lortzen, zu ongi zaintzeko zerbitzuez hornitutako ostatu ederretan, ingurune egokietan, eta COVID neurriak zorrozki betetzen dituzten jatetxeetan, produktu hoberenak emango dizkizutenak.
Nafarroa naturaz gozatzeko destinoa da, jende pilaketarik gabea, aproposa asteburu batez joan-etorria egin eta indarberritzeko, lasaia, garbia eta esklusiboa delako.
Nafarroak zaintzen zaitu, eta nahi du zuk “ongizate efektua” sentitzea.
Ur mineralen terapia jaso nahi baduzu, Nafarroan dago Elgorriagako bainuetxea, Europako ur gazienak dituena. Flotazio igerilekuan flotatu dezakezu, Itsaso Hilean bezala, eta tratamenduekin zeure burua zaindu. Gainera, Baztan-Bidasoa eskualde berdeaz goza dezakezu. Eman egun oso bat bainuetxean, zure gorputzak eta buruak eskertuko dizute.
Edo, bestela, atsegin duzu atseden hartzea ostatu xarmagarri batean? Irin fabrika zahar bat birgaitua, spa bikain bat zure gelatik bista ederrak ikusiz, XVII. mendeko baserri polit bat, Erriberriko gaztelutik metro batzuetara egotea, esperientziak nahieran... Aukera tentagarri horien pot-pourria aurkituko duzu Erresumako Hotel Nobleetan.
Edo nahiago duzu ostatu hartu landa-hotel batean, beren leitmotiva baita tratu hurbila eta zerbitzu hoberena ematea, eta beren filosofia, halaber, turismo atsegin, jasangarri eta ez-masifikatu baten alde lan egitea? Hala bada, bisitatu ezazu Reckrea hotel bat. Hotel horietan bertako tradizioak ezagutuko dituzu, bai eta eskulanak, paisaiak eta kultura ere, eta gauza txikien balioa ikasiko duzu.
Zerbait ezberdin eta berezi egin nahi baduzu, aukeratu erretiro espiritual bat Leireko monasterio ederrean. Leku historiko, isil eta baketsua nahi baduzu, bai eta zure baitan bildu eta kantu gregorianoak entzun ere, hau da zure aukera.
Nafarroak kalitatezko ostatuak ditu, ongi baloratuak; bilatu bat egonaldi ederra izateko, eta, aurkitzen duzunean, esanen duzu: bai, nahi dut!
Erabateko ongizateaGauza onen bila bazabiltza, ez baztertu munduko plazer handienetako bat; dena ahaztu, eta arreta jarri formetan, koloreetan, tenperaturetan eta, batez ere, zaporeetan, beste mundu batera joateko... Bada, luze pentsatu gabe, probatu Erresumako Jatetxe bat. Jatetxe horietako sukaldariek ospe handia dute; Nafarroako identitatea errespetatzen dute, eta lehengai hoberenak hautatzen, plater abangoardistak sortzeko.
Nafarroan bapo jaten da, diotenez, eta horregatik errazki beteko dituzu apetak bidean barra-barra agertuko zaizkizun jatetxeetako batean. Batzuk tradizionalak, besteak berritzaileak, munta handikoak guztiak... Ezagutu itzazu zure erreferentziako plataformetan.
Aukera osasuntsu bat da patxadazko janarien jatetxe batera joatea. Jatetxe horietan elikagai ekologikoak erabiltzen dituzte, nagusiki, gehienez ere 100 kilometrora dauden produktoreei erosiak, hain beharrezko eta gustuko dugun ingurumena babestuz... Beraz, jan ongi, osasuntsu eta kontzientzia garbiz.
Atseden hartu duzu, ahogozatu duzu, ongi zaindu zaituzte... Orain, tarte libreak bete behar dira. Isiltasunean, meditatuz, solasaldi edo irakurketa on batekin, ezer ez eginez... Edo jarduera batzuekin, ongi sentitzeko eta irribarretsu eta ilusioz beteta itzultzeko.
Eskura duzun jarduera erraz bat: ibiltzea. Nafarroako paisaia atseginak aurkitzea; aspalditik ikusi gabeko abereak (ardiak, zaldiak, astoak) ikustea; herrietako jende jatorrarekin hitz egitea; errekasto baten alde batetik bestera jauzi egitea; basoko argi-ilunak eta fruituak behatzea; uraren eta txorien soinuak entzutea; zuhaitz bat besarkatzea eta, horrela, berrindartzea... Erraza, ezta? Are gehiago Nafarroan, alde guztietan bidezidorrak baitaude. Bide berdeak, bide tematikoak, Donejakue bidea, oinez edo bizikletaz ibiltzeko hamaika bide.
Ibilketa nordikoa ere egin dezakezu, hau da, bastoiekin ibiltzea; horrela, zure osasuna zaintzeaz gain, Xabierren Lurren historia eta ondare aberatsa sakonago ezagutuko dituzu. Izan ere, eskualde horretan daude Nafarroako lehenbiziko lau zentroak, maila ezberdinetako ibilbideak dituena, gustukoena aukera zenezan.
Orobat, badira zaporea aurkitzeko jarduerak, bertako produktu hoberenen inguruan: eztia, gatza, gazta, ardoa... Edo oso bertakoak diren taloak. Artzainen bizitzaren nondik norakoa ere senti dezakezu!
Ongizate gorena jotzeko, zure barrenarekin eta naturarekin konektatzeko jarduerak dituzu, endorfinez eta energiaz betetzeko etxera itzuli aurretik. Zer gomendatzen dizugu? Ingurune natural zoragarrietan baso bainua, yoga edo meditazioa egitea.
Energia positiboa zureganatu nahi duzu?
Kasu egiten badiguzu, sentsazio atsegina izanen duzu gorputzean, eta irribarrea aurpegian.
Eta zeure buruari galdetuko diozu “Nafarroaren efektua”ren ondorioa ote den.