Zure egonaldian atseden hartzeko moduko leku baten bila zabiltza? Kontsultatu aukera guztiak eta kudeatu erreserba.
Hemen aurkituko dituzu ezagutu beharreko leku guztiak, eta, era berean, jarduera eta esperientzia batzuei buruzko zenbait iradokizun ere bai, Nafarroaz ahalik eta gehiena goza dezazun.
Lokalizatu zure errekurtsoa mapan eta aurkitu ordutegiak, prezioak, fitxak eta halakoak bilatzaileak erabiliz.
Sukaldaritza hemen oso abangoardista izan daiteke, baina inoiz ez du ahazten bere jatorria. Gure ordokietatik eta mendietatik sortzen da; lur lauetan, barazki eta ardo bikainak ekoizten dira; lur aldapatsuetan, aldiz, azienda larratzen da, eta abere horietatik haragi eta gazta apartak eskuratzen dira.
Horixe da gakoetako bat: kalitatezko lehengaiak.
Eta belaunaldiz belaunaldi gorde diren errezetak gehitzen badizkiogu, bai eta punta-puntako sukaldarien ausardia eta trebetasuna ere, horra hor Nafarroako sukaldaritza, zure apeta betetzeko prest!
Gainera, lasai asko etor zaitezke Nafarroara, hemen segurtasun protokoloak zorrozki betetzen baititugu, eta arduraz, higienez eta esklusibotasunez emanen dizute arreta.
Iruña bisitatzen baduzu, hiriko ohitura tipiko eta erakargarri hau aholkatzen dizugu: pintxoak jatea. Goizean, 11etatik aurrera, edo arratsaldean, 18etatik aurrera, Estafeta eta San Nikolas kaleak eta Gazteluko plaza animatzen dira, zeren... bermutaren ordua baita, eta pintxoarena ere bai! Imajina ezazu zeure burua terraza handi batean -berogailua eta guzti, orain denok hori nahi baitugu-, zure gustuko zerbait jaten, hiriko bizitzari begira.
Piper, arrautza eta ganba pintxoak ohikoak dira, baina mokadu sofistikatuagoak eta berritzaileagoak ere jan ditzakezu, pena ematen badu ere haien diseinu ikusgarriari erreparatuz gero... Galdetu bertakoei, pintxoaren hautaketan asmatzeko.
Eta zaletzen bazara, negu bukaeran Pintxoaren Astea duzu, aukera paregabea gure sukaldarien pintxo berriak ezagutzeko. Janarizale petoek apuntatu behar dute ekimen hori agendan.
Beti esan da gure lurraldean oso ongi jaten dela; beraz, zergatik ez duzu probatzen? Nafarroako produktu ezagunak dira barazki-menestra, pikillo piperrak eta zainzuri samurrak. Baita ere haragi bikaina, txingarretan egina eta erretegi eta sagardotegietan eskainia. Eta, halaber, gazta, ardoa eta patxarana. Postre gozoak ahaztu gabe: gaztanbera, goxua, kremaz beteriko tututxoak...
Eta non dasta dezakezu hori guztia?
Ba ia edozein jatetxetan; baina mokofina bazara, has zaitezke Erresumako Jatetxe batean, hau da, Michelin izarren bat duen jatetxe batean. Horietan, lehengai hoberenak dituzte, modu abangoardista eta berritzailean prestatuak. Horiez gain, punta-puntako bestelako jatetxeak badaude, plataforma sozialen bidez ezagutzen ahal dituzunak.
ERRESUMAKO JATETXEAKTxingarretan egindako haragia jan nahi baduzu, zoaz erretegi edo sagardotegi batera. Sagardotegien sasoi onena urtarriletik apirilera bitarte da. Haietan , herri giroaz gozatuko duzu, txotx! oihukatuz irekitzen diren kupeletako sagardo zurrusten hotsa entzuten dela. Txuletoi samurrak -txingarretan eginak-, bakailaoa, ahogozo oneko ardoak eta, bukaeran, gazta eta intxaurrak. Mmmm… Ulertzekoa da halako tentazioetan erortzea.
Eta udazkeneko eta neguko zaporeak ez galtzeko, idatzi agendan bi ekitaldi hauek: Baztan-Bidasoko Ehiza Jardunaldiak, eperki, usoki, orkazki eta basurdeki bikainak plater nagusi direla, perretxiko, onddo eta saltsa gozoekin batera; eta Tuterako Inverdura jaialdia, kardua, brokolia, orburua eta neguko beste barazki apartak oinarri dituzten menuak eta jarduerak eskaintzen direla.
"Nafarroa efektua" dastatzen, inoiz baino gehiago...
Nafarroako ardoak ere ospe ona du; izan ere, bi jatorri-deitura ditugu: Nafarroa eta Errioxa. Beltza eta zuri on-onak, eta gure gorri ospetsua. Eta moskatelen bat munduko hamar onenen zerrendan egon da. Beraz, halabeharrez, Ardoaren Bidea sortu dugu produktu zoragarri honen inguruan. Bide horretan zenbait jarduera aurkituko dituzu: gurdiz edo buggyz paseatzea mahastietan, joan-etorri gastroenologikoak egitea, upeltegiak bisitatzea, ardoak dastatzea...
Ardoaz gain, bertako gastronomiaren jatorria eta funtsa ezagutu nahi badituzu, aukera asko daude: gatzagak bisitatzea -eta hor gatza dastatu-, abeltegi ekologikoetara joatea -safarien gisa-, boilurren inguruko esperientziak izatea, perretxikoak ezagutzea -bai eta bildu eta, are gehiago, kozinatu ere-, etab.
Zure gustukoa al da plana?
JARDUERA ENOTURISTIKOAKUdazkeneko gure paisaiak eta gastronomia gozatu badituzu, une aproposa da agendako ekitaldiak ezagutzeko: nekazaritzako elikagaien azokak, ganadu azokak, jai tematikoak (ardoari, txistorrari, brokoliari edo garagardoari buruz), etab.
Etorriko al zara "Nafarroa efektua" dastatzera?