Bi sarbide ditu Iratiko oihanak: mendebaldekoa
Orbaitzetatik eta ekialdekoa
Otsagabiatik. Han, gainera,
Interpretazio Zentroa dago, abiapuntu bikaina eremuari eta inguruari buruzko argibideak jasotzeko.
Gainaldeetako oihan usuetan edo bazkaleku argitsuetan galdutako bazter ugari dira balio handiko basapiztien populazioen babeslekuak eta habitatak. Espezie ugari bizi dira han: hegaztiak (erregetxoak, txontak, txantxangorriak, okil beltzak edo okil gibelnabarrak, besteak beste), uretako espezieak (amuarrainak, adibidez), eta ugaztunak (azeriak, basurdeak, lepahoriak eta orienak...)
Iratiko oihanaren udazkeneko protagonista dira azken horiek, sasoi horretan araldian daudenez, emeak bereganatzeko arrek egiten dituzten orroen oihartzuna oihan osoan barreiatzen baita.
Flora ere aberatsa eta askotarikoa da. Baso lanak modu kontrolatuan garatu eta esparru batzuk jatorrian ziren bezala gorde diren arren, oihanaren itxura aldatuz joan da. Gaur egun, pago eta izeiekin batera landare ugari hazten dira: ezkiak, hurritzak, zumarrak, sahatsak, astigarrak, ezpelak, ipuruak, iratzeak, likenak, goroldioak, elorri beltzak eta jatorrizko espezie nagusia izan zela gogorarazten diguten haritz bakartiak. Paisaia askotariko horrek oparitzen duen kolore sorta udazkenean heltzen da une gorenera, garai horretan marroi beroek, hori biziek eta gorri zoragarriek zuhaitzen adaburuak tindatzen baitituzte.
Pirinioetako eremu horrek dituen eurien indize altua dela eta, erreka eta uhar ugarik zeharkatzen dute paisaiaren erliebe malkartsua. Urbeltza eta Urtxuria nabarmentzen dira horien artean. Elurretako Andra Mariaren ermitaren oinean bat egiten dute biek, Irati ibaia sortzeko.
Natur ingurune hori gordetzeko, hiru esparru babestu dira:
Mendilatz eta
Tristuibarteako natur erreserbak eta
Lizardoiako erreserba integrala.
Mendilatzeko natur erreserba izen bereko mendian dago, Orbaitzetan, eta 199 hektarea hartzen ditu, 1.100 metrotan gora. Horren inguruan ibiltzen ahal da, 14 km luze den eta zailtasun gutxi duen zidor seinaleztatu batean barna.
Orbaitzetako Arma Olatik ateratzen da bidexka.
Tristuibarteako natur erreserba Petxuberro mendiaren iparraldeko magalean dago,
Hiriberrin, 940 metroko garaieran. La Cuestión mendian,
Lizardoiako erreserba integrala , 850 eta 1.125 metro bitarteko garaieran, Irati oihaneko esparrurik interesgarriena da ekologiari dagokionez, pagadi eta izeidi birjinak baitaude han. 7 kilometroko ibilbide bat eginik hurbiltzen ahal zara hara. Kontrasarioko zidorra deitua, Irabiako urtegiaren buztanean hasten da zailtasun gutxiko bide hori. Era berean, 9 kilometroko ibilbide batean barna ibiltzen ahal da urlo horren ertzean gaindi.
Bestalde, zailtasun maila eta azalera desberdinetako
zidor seinaleztatuen sare bat dago. Oihaneko beste bazter batzuetan barna bideratuko du bisitaria, eta urtaro bakoitzean natur ikuskizun ederrak oparitu dizkio. Aukeratu garraiobidea, eta ibili
Irati oihanean barna oinez, bizikletaz, elur erraketez edo eskiz. Ezagutu ametsetako paisaia hori.
Sorginak eta lamiak, besteak beste, bizi dira han, eta, lainoa delarik, Joana Albretekoaren espiritua paseatzen dute —Nafarroako erregina higanota izan zen, Parisen pozoitua— eta desagerrarazten dituzte bidean topatzen duten gizaki oro.
Bestalde, ez ahaztu
Basajaunaren bizitokia dela, oihaneko jaunaren etxea, alegia. Gorputzez luzea da, ile luzea, eta indar harrigarria du, eta oreina baino trebeagoa da. Bidean aurkitzen baduzu, ez joan ihesean. Obeditu haren aginduak eta zure gidari babeslea izanen da oihanean zabiltzan bitartean.
Ibilbide gomendatua, Iratiko oihaneko ingurune hurbila ezagutzeko.