Errege-erreginen Jauregia gauez

Erriberri: Erdi Aroaren fantasia eskueran

Konkistatu ezazu bertako gaztelua, ibili karriketan harat-honat eta sentitu Erresuman garai batean zegoen magia hura.

 

 

Irudika ezazu harrizko karrikak, jauregiak, Erdi Aroko galeriak eta eliza zoragarriak dituen herri bat. Irudikatu bertako jendea solasean, merkatariak salgaiak eskaintzen, eta nekazariak lurrak eta mahastiak lantzen harresietatik kanpo.

Irudikatu ezazu gaztelu eder bat, hiribilduan nagusi. Dorre miragarriak ditu, areto zabalak eta zuhaitz hostotsuek edertutako lorategiak.

Eta orain utzi imajinatzeari, esan dizugun guztia ez baita irudipen huts bat. Egiazko lekua da eta Nafarroako Erdialdean dago.

Erriberri deritzo, eta bertako gaztelua Errege-erreginen jauregia da.

Jarraian informazio guztia emanen dizugu, etor zaitezen eta gure lurraldeko gaztelurik ederrenetako bat ezagutu eta goza dezazun.

Erriberri eta Errege-erreginen jauregia bisitatzeko arrazoiak

  • Errege-erreginen Jauregia gauez Erdi Aroko hirigune historikoa du, eta zoragarria da bertan paseatzea

    Erdi Aroko hirigune historikoa du, eta zoragarria da bertan paseatzea

  • Errege-erreginen Jauregia gauez Bertako jauregiak ipuin liluragarrietara eramanen zaitu

    Bertako jauregiak ipuin liluragarrietara eramanen zaitu

  • Ardo beltz kopa bat Ardogintza-tradizio oparoa du eta Nafarroako ardoaren hiriburua da

    Ardogintza-tradizio oparoa du eta Nafarroako ardoaren hiriburua da

Erriberriko planoa

Herriko leku interesgarrienak ezagutzeko, kontsultatu planoa.

Turismo bulegoa

  • 848 423 222
  • oit.olite@navarra.es

Erriberri

Goazen pixkanaka.

Seguruenik, Erriberri izena Errege-erreginen jauregiarekin lotuko duzu. Izan ere, eraikuntza bikain hori edonon miresten dute. Egia da jauregia dela Erriberrira etortzeko arrazoi nagusia, baina hirigune zoragarria ez da atzean geratzen, agertokirik egokiena baita jauregia distiratsu ager dadin.

Hiri txiki honek 3.000 biztanle baino gehixeagoko ditu, eta bertan oinetxe handi eta sendoak daude, fatxadetan armarri bikainak ageri dituztenak. Harresi erromatarrak, arkuteria gotikoak eta eliza politak ere badira.

Erriberriko bizitzaren ikuspegi aparta lortuko duzu, baldin eta, Xapiteleko Dorrearen ataria zeharkaturik, Karlos III.aren plazan sartu, udaletxe dotoreari begiratu eta ardo bat hartzen baduzu terraza batean.

Paseoan jarraituz gero, Berpizkundeko jauregiak eta jauregi barrokoak aurkituko dituzu, baita San Pedro eliza ere, Karrika Nagusian.

Teobaldoen plaza eta Errege-erreginen jauregia
  • Eta Erriberri Erdi Aroan nolakoa zen jakin nahi baduzu, zorte onekoa zu, garai hori bizitzen ahalko baituzu.

    Izan ere, abuztuko asteburu batean Erdi Aroko bestak ospatzen dira. Hona etorriz gero, hiria apain-apain ikusten ahalko duzu, eta karriketan merkatariak, artisauak, txerpolariak, trobadoreak, elizgizonak, arkulariak, belatzekiko ehiztariak eta malabaristak, inguruak soinuz betetzen.

    Ez da denboran bidaiatzea bezalakoa, baina bai egin dezakegun gauzarik antzekoena.

    A!, eta udan badago beste ekitaldi berezi bat, uztailaren bukaeratik abuztuaren hasierara bitarte: Erriberriko Antzerki Jaialdia. Etor zaitez obraren bat ikustera. Gaztelu bikain honen hormak antzezlanen atze-oihal berezia izaten dira.

Errege-erreginen jauregia ilunabarrean

Erriberriko gazteluaren historia

Beno, iritsi da gaztelu dotore honen historiaz mintzatzeko unea. Dotorea esan dugu eta arrazoi osoz: Nafarroan, eta are estatuan ere, honelako gaztelu bikain gutxi aurkituko dituzu. Eta ez da gure kontua: aski duzu Interneten iritziak bilatzea ohartzeko Erriberriko Errege-erreginen jauregia ez dela nolanahikoa.

1925etik aitzina da Monumentu Nazionala. Erdi Aroan, Nafarroako errege-erreginen gortea Erriberrin ezarri zuten, Europako gaztelurik aberatsenetako batean. Gaztelua XIII. mendeko gotorleku baten gainean altxatu zuten, eta lehenagoko eraikin hori, era berean, erromatarren garaiko arkitektura-aztarna batzuen gainean zegoen.

Gazteluaren egituraketa berezian, arkitektura frantsesaren eta dekorazio mudejarraren eragina nabaritzen da. Horren erantzulea Karlos III.a (“Noblea”) izan zen, XV. mendeko erregea. Izan ere, obraren ardura zuten artisau maisuak berarekin eraman zituen Gaztela eta Frantziara, garai hartako jauregirik miragarrienak ikustera.

Egoera ekonomikoa oparoa zenez, estilo gotikoko gaztelu nabarmena altxatu zuten, material aberatsekin eraikitako dorre, areto, galeria, patio eta lorategiez betea, nonahi dekorazio joria zuena.

“Seguru nago inongo beste erregek ez daukala jauregi edo gaztelu ederragorik eta hainbeste logela urreztatu dituenik.”

HORIXE IDATZI ZUEN BERE EGUNKARIAN XV. MENDEAN ESPAINIAN IBILI ZEN ALEMAN BATEK, AGERIAN UTZIZ GAZTELU-JAUREGI HAU MIRESTEN ZUELA (EGUN TESTU HORI BRITISH MUSEUM-EAN DAGO).

Lorategi eseki bat

Jauregiaren harresietan lorategi eseki bat landu zuten, eta patioetan animalia ugari bizi ziren, hegaztiak, beltxargak, txakur-taldeak, lehoiak, gamelu bat, katamotz bat, papagaiak, bufaloak eta are jirafa bat ere.

Bertan ikuskizun ugari antolatzen zituzten: besta handiak, zaldun-guduak, ikuskari artistikoak eta zezenketak.

Beraz, leku bizi-bizia izan zen gaztelua bere goraldian, eta etortzen zarenean aisa ikusiko duzu hori.

Erdi Aroko dama bat Errege-erreginen jauregiko balkoi batetik agur egiten
Errege-erreginen jauregiko dorre baten xehetasuna
Paisaiari begira Errege-erreginen jauregiko dorre batetik

Erriberriko gazteluaren bisitaldia

Erriberriko gazteluak bi zati ditu, elkarrengandik bereizitakoak: Jauregi Zahar, gaur egun paradore nazional baten kokalekua dena (aukera paregabea ohean berean hasita Erdi Aroko zaporeez gozatzeko), eta Jauregi Berri, bisitatu daitekeen eraikina. Azken horri 1937an egindako zaharberritzeak eman zion gaur duen itxura.

Bisita zure kasa egin dezakezu audiogida batekin, edo, bestela, bisitaldi gidatua erreserbatu dezakezu instalazioetan barna ibiltzeko. Biziki gomendatzen dizugu azken aukera hori hartzeko. Eta haurrekin bazatoz, ez galdu haur-bisitaldia (material didaktikoa duena), familia osoak primeran pasako baitu.

Egiten duzu hautua egiten duzula, hauek dira nahitaez ikusi beharrekoak:

  • Errege-erreginen ganberak: erdigunean daude, eta haien inguruan daude antolatuta gazteluaren gainerako espazioak. Nabarmentzekoak dira leihate txaranbelduak eta laranjondoaren patioa, zeinetan sartzeko erreginaren ganberatik pasa behar baita.

  • Dorreak: errege-erreginen ganberen gainean daude, eta horien artean hiru azpimarratuko ditugu: Dorre Nagusia, garaiena eta ikusgarriena; Hiru Koroen dorrea, forma berezi-bereziak dituena; eta Lauhaizetako dorrea, nondik behiala zaldun-guduak ikusten zituzten, eta gaur hirigunea eta haren inguruko mahastiak primeran ikusten ditugun.

  • Izotz putzua: gazteluaren alderik ospelenean aurkituko duzu putzu hori, elur geruzak pilatzeko eta janariak kontserbatzeko baliatzen zutena. Erraz antzemanen diozu, haren estalkiak arrautza oskol bat gogorarazten baitu.

  • Lorategiak: lorategi nagusia, barrutiaren sarrerakoa, laranjondoz beteta egon ohi zena; Txoritegiaren lorategia, eta Masustondoarena.  Azken horretan ehun urteko masustondoa aurkituko duzu, natura-momentu izendatutakoa.

Eta hemen amaitzen da Erriberriko jauregiaren kronika txiki hau. Laburra izan behar zuen, gure asmoa delako zure jakin-mina piztea, abagunea duzunean bisitatzera etor zaitezen. Etorritakoan ikusiko duzu ongi egin dugula zure jakin-nahia piztearekin.

Aprobetxatu itzazu Erriberriko errege-erreginen jauregiko bisita gidatuak: ez galdu aukera

Andre Mariaren errege eliza

Erriberrik baditu, bai, beste ikusgarri batzuk, gazteluaz landa. 

Andre Mariaren errege eliza, gazteluari lotuta dagoena, Nafarroako gotikoaren erakusgarri fina da; bertan gorteko zeremoniarik hotsandikoenak ospatzen zituzten.

Haren aurrean, arku-sail gotikoak dituen eliz atari exentu berezi bat dago, eta fatxadan Parisko lantegien eragina ikusten da. Haren ikonoek eta jatorrizko polikromiak –zaharberritzean berreskuratu baita– Bibliako gertakizunetara eramanen zaituzte; hor dira, besteak beste, aingeruak Mariari berri ona ekarri zionekoa, Jesusen jaiotza eta Egiptora ihesi joan zirenekoa. Eta atearen bi aldeetan, apostoluen eskulturak daude, gainean arkuteriak dituztela.

Nabarmentzekoa da, orobat, bigarren ojiba-arkuko arrosa-leiho handia. Haren mosaiko koloretsuek patroi abstraktu eta geometrikoak eratzen dituzte: nabean sartzean ederki ikusiko dituzu.

Barruan Berpizkundeko erretaula bat dago, zeinetan Ama Birjinaren eskultura gotiko bat eta Heriotza Oneko Kristo gurutziltzatu bat nabarmentzen diren. Erretaulako margolanetan, Ama Birjinaren eta Jesusen bizitzen irudiak daude, eta horietan pintura flandriarraren eta italiarraren eragina atzematen da.

Ikusten duzunez, astiro begiratzeko moduko hamaika xehetasun ditu elizak, eta horiekin Nafarroako Erresumaren garai loriatsuetara hurbiltzen ahalko zara.

Erriberriko Andre Maria Erreginaren eliza

Enoturismoa, bisitaldiak eta beste plan batzuk Erriberrin

Antolatzeko ordua da; erabaki beharra duzu gaztelua zure kabuz bisitatuko duzun ala bisita gidatu batean. Oroit zaitez herri osoan barna egin dezakezula bisita gidatu bat eta, hartara, bertako elizak eta sekreturik gordeenak ezagutu.

Eta zer iruditzen, upategi baten barrualdea bisitatzea? Ikus itzazu ardoaren hiriburuan zain dituzun plan guztiak.

Ba al zenekien erromatarren garaiko upategiak aurkitu direla Erriberriren inguruan? Hemen, mahastiak eta ardoa beti izan dira Nafarroako paisaiaren eta gizartearen parte. Ezagut ezazu Enozentrum, mahastizaintza eta ardogintzako kulturaren zentroaren eta upategiek eskaintzen dituzten esperientzia enoturistikoen eskutik. Turismo Bulegoaren ondoan dago zentroa.

Erriberiko plan guztiak ikusi

Nafarroan zer beste txango egin ditzaket bertako kultura ezagutzeko?

Halako herri txikia izanik hainbeste gauza edukitzea ez dago gaizki, ezta?

Herria eta gaztelua ikusi ondoren, txangoa osatzeko, hainbat leku bisitatu ditzakezu: Erdi Aroko beste herri batzuk (hala nola Uxue edo San Martin Unx), monasterio zistertarrak (Olivakoa, esaterako) eta eskualdeko hiriburua, Tafalla. Eta, pixka bat urrunago joanda, Andelosko eta Arellanoko aztarnategi erromatarrak.

Gainera, helmuga turistiko horietako gehienek bisita gidatuak dituzte, eta, osagarri gisa, eskualdeko upeltegietara joaten ahalko zara, datasketak egitera.

Erreserbatu hemen Erriberriko eta haren inguruko jarduerak

Jakin nahi duzu zein diren Nafarroako ezinbesteko leku turistikoak?

Zaila aukeratzen, ezta?