Ikaburuko leizeak Kantauri itsasotik hurbil daude, Dantxarineko mugatik minutu gutxira, Urdazubiko Leorlaz auzoan. Leizea artzain batek aurkitu zuen 1808an, baina askoz ere zaharragoa da, Urtxuma errekako urak sortu baitzuen duela 14.000 urte inguru. Izan ere, errekak kareharria zulatu eta, ondorioz, estalagmita eta estalaktita eraketa ederrak ageri zaizkigu.
Kobazuloetan agertu diren sukarrizko arrastoen arabera,
historiaurreko gizakia bizi izan zen haietan; handik mende aunitzetara, kontrabandisten ezkutaleku izan ziren edo aterpe Independentziako Gerran eta karlistaldietan. Inguru honetako elezaharrek diote lamien bizitokia dela. Lamia mitologiako izakia da, erdi arraina, erdi emakumea.
Lekune natural hori zaintze aldera, soilik gidari espezializatuekin bisita daiteke. Bisitak 40 minutu irauten du, gutxi gorabehera, eta eskailerak eta argiztapena dituen ibilbide egokituari jarraitzen dio, urak hainbat mendean landutako forma ugarietan zehar,
"Harrera Aretoa",
"Hiru Erregeen Aretoa" edota
"Zutabeen Aretoa" ezagutzeko parada emanda. Erreparatu harrien gaineko magnesioaren distirei, leize barrenetik doan Urtxuma errekaren zurrumurruak liluratuko zaituen bitartean.
Aldapa latzik gabeko bidexka eroso batek Ikaburuko Leizeak,
Zugarramurdikoak eta Sarakoak lotzen ditu, azken horiek mugaz bestaldean. Ibilbideak guztira 6,75 km ditu joan-etorrian. Zaldi txikien bidez seinaleztatua dago eta lasai ederrean doa belar-soro eta oihanetan barna.
376 bizilaguneko udalerri txiki honetan, Leizeez gain, Urdazubiko
San Salbatore monasterioa dago, XII. mendean eraikia. Erromesentzako ospitalea izan zen Donejakue bidearen Baztango ibilbidean. Bisita gidatuak eraikin zahar-zahar honetako klaustroa erakutsiko dizu eta aukera ere izanen duzu betiko ehotze horietako bat ikusteko. Errotatik hurbil, iturri bat eraiki da Urdazubin jaiotako Axular
idazlearen ohoretan.
Ibilbide gomendatua Urdax leizearen inguru hurbila ezagutzeko..