Donejakue bideak sortu zuen Gares eta bide horren zerbitzuan dirau. Gaur egun, oraindik ere
Santiagorantz doazen erromesen ibilera da herriaren ezaugarria, bidegurutzea baita, Orreagatik eta Somport aldetik datozen bideen elkargunea, alegia.
Alfontso I.a Borrokalariak XII. mendean sortua, miresteko moduan eutsi dio bere hasierako hiri-egiturari. "Herri-kalea" da Gares hirigintzaren aldetik, hau da, bere karrika nagusiaren inguruan eraikitako herria eta ez gaztelu babeslearen inguruan.
Zubiraino iristen den erdiko kalea edo "rua" Nagusia bidea da eta, aldi berean, monumentua. Estua eta itzaltsua da, etxe nobleek gerizpetua dago eta hasieran
Gurutzearen eliza dago, jatorri tenplarioa duen eraikuntza. Bi nabe ditu: erromanikoa bat, gotikoa bestea. Tenpluan sartu aurretik, ikusi atari erromanikoa, oparo apaindua eta erreparatu erdiko arkiboltaren apainketari: gai nagusia erromesen maskorrak dira. Barnealdean, badago
"Y" itxurako gurutze bitxia, zurezkoa. Diotenez, erromes alemaniar batzuek dohaintzan emandako gurutzea da, erromesaldian bizkar gainean eraman ondoren.
Kale Nagusiko Donejakue bideari jarraiki,
Donejakue elizara iritsiko zara. Hasierako tenplu erromanikotik gutxi kontserbatu da: kanpoko horma batzuk eta bi atari eder. Gainontzekoan, eraikuntza XVII. mendekoa da, dorrearen goialdea kenduta, XVIII. mendekoa baita. Barnealdean, Santiago apostoluaren tailu polikromatua nabarmentzen da. Santiago
beltza esaten diote larruazala beltzarana duelako. San Bartolomeren tailua ere ederra da.
Zure ibilian, Mena plazaraino iritsiko zara. Herriko Plaza Nagusia da, txukuna eta animatua, eta baditu XVIII. mendeko arkupeak, bai eta eraikin ederrak ere, "Casa de los Cubiertos" izenekoa bezalakoa. Behin plaza gurutzatuta, Garesko hirugarren tenplu handira iritsiko zara, San Pedro elizara alegia (XIV). Erretaula interesgarriak ditu.
Karrika Nagusiaren bukaeran, XI. mendean Arga gainean eraikitako
zubi ederra dago, erromesek ibaia zeharkatzeko modua izan zezaten. Zeharkatu zubia, sentitu zure baitan uraren ibilia, uraren murmurioa, eta pausatu zure gogoa zubiak mendez mende agurtu dituen erromesengan. Gero, jaitsi ibai bazterrera eta begiratu bere osoan ingeniaritza erromanikoak eraikitako lan eder hori: puntu-erdiko sei arku ditu, ekialdeko muturrean dagoen huraxe lurpean.
Hasieran, zubiak defentsarako hiru dorre izan zituen eta horietako batean Puyko Ama Birjinaren irudia zegoen, Errenazimenduan egindakoa.
Txoriaren Ama Birjina ere deitzen zaio eta orain San Pedro elizan dago. Elezaharraren arabera, txori bat egunero pausatzen zen irudian, hegalekin armiarma-sareak kentzen zizkion eta mokoarekin aurpegia garbitu Argako ura erabilita.
Garesko jaiak uztailaren 24tik 30era ospatzen dira. Beraz, egun horietan herrian bazabiltza, festa giro ederrak harrapatuko zaitu. Irailaren azken asteburuan etortzen bazara, feriak ikusiko dituzu eta ekitaldi ugarien artean, bitxienak
laia lasterketak dira. Festan barneratzeko, mahai ederrean eseri beharko duzu eta Garesko baratzetan hazitako
pikillo piperrak eta barazkiak jan.