Mendebaldeko Pirinioetako mendi tontorrak gorantz hasten diren inguruan,
Aurizko ordoki zabaletik hurbil eta Ibañetako mendatearen oinean, hantxe dago zutik Orreaga. Pirinioetako pasabide naturala da eta hantxe gertatu zen, hain zuzen ere, Orreagako Bataila (778), hots, frankoen armadaren porrotik mingarrienetako bat. Batailan hilik gertatu zen Frantziako zaldun hoberena -Errolan- eta Karlomagnok negar egin zuen haren heriotzaren berri jakin zuenean.
Pagadiz, izeidiz eta hariztiz jantzitako inguruan, handi eta dotore agertzen zaigu
Orreagako Andre Mariaren Kolegiata. Lehenago, erromesentzako ospitalea izan zen eta, zalantzarik gabe, Donejakue bidearen lekurik ezagunenetakoa da.
Kolegiata XII. mendearen eta XIII.aren hasieran eraiki zuten. Sarrerako zelaiak Priore Etxera eta Liburutegi
Museora eramanen gaitu eta, gero, ganga murriztuko tunel txiki baten bidez, eraikuntza nagusietara iritsiko gara.
Andre Mariaren kolegio-eliza zaharberritua 1219an sagaratu zuten. Frantziako gotikoari jarraiki egina dago eta XIV. mendeko dorre bat du defentsarako. Aldare nagusian
Orreagako Andre Mariaren irudia dago (XIV). Zilarrez estalitako zurezko tailu gotikoa da eta, elezaharraren arabera, mirariz agertu zen. Zehazki, adarretan bi argi zituen orein batek gauez iragarri omen zuen agerpena.
Epistolaren aldetik klaustroan sartuko gara, XVII. mendean eraikia, elurte gaitz batek hasierako klaustro gotikoa bota baitzuen 1600ean. Handik,
San Agustin kaperara ailegatuko gara eta horren erdian dago errege Antso VII.a azkarraren hilobia. Horra hor burualdean dauden mazoak eta kateak. Elezaharrak dioenez, erregeak Miramamolin mairuari kendu omen zizkion Navas de Tolosako guduketan (1212). Bataila hori ere elizako beirateetan kontatua dago. Kateak Nafarroako armarrian daude.
Eraikinik zaharrena
Izpiritu Santuaren kapera da (XII), estilo erromanikoan egina eta Karlomagnoren siloa ere deitzen zaio. Eraikuntza kripta baten gainean dago eta kripta horrek kanoi-ganga du. Esaten dutenez, Errolanek bere ezpata hantxe iltzatu omen zuen porrotaren ondotik.
Inguru liluragarri honetan badira beste eraikuntza batzuk, esaterako:
Donejakue eliza -erromesen eliza ere deitua-, eta eraikin zibilak, ospitale zaharra bezala (1802tik 1807ra eraikia), edo museo-liburutegia, XIX. mendearen bukaerakoa. Azken horretan ikusgai daude Orreagak mendez mende arteari begira gorde dituen altxorretako batzuk, esate baterako,
Karlomagnoren xake jokoa. Urrezko filigranaz apaindutako zilarrezko erlikia-ontzi esmalteduna da, Erdi Aroko esmaltegintzaren lanik hoberenetakoa; Altxorraren Ama Birjina; edo zilarrezko ebanjelio-liburu erromanikoa. Han bertan aurkitu daitezke ere Benefiziodunen Etxea (XVIII), hotela bihurtuta, eta Itzandegia deitutako etxea. Azken hori hasierako ospitalea izan zen, bai eta -luzaroan- Ama Birjinaren lehen santutegia ere.
Kolegiata bisitatu ondoren, barneratu pagadi marduletan edo tontor altuenetako bazkalekuetan; edo
ibili inguruko ibilbideetan. Horietako bat
Basajaunberroko oihana (3,9 kilometrokoa). Seinalerik ez badago ere, aise eginen duzu Kalonjeen ibilbide ederra. 1,6 kilometro ditu, Itzandegia atzealdetik abiatzen da eta Donejakue bidetik itzuli.
Gainera, ezagutu inguru honek duen balio handietako bat:
Idiazabal gazta, ardi esnez egindakoa. Kolegiatako dendan salgai dago, baina huraxe nola egiten den jakin nahi baduzu, bisitatu
inguruko gaztandegiak eta ederki erakutsiko dizute.