Zure egonaldian atseden hartzeko moduko leku baten bila zabiltza? Kontsultatu aukera guztiak eta kudeatu erreserba.
Hemen aurkituko dituzu ezagutu beharreko leku guztiak, eta, era berean, jarduera eta esperientzia batzuei buruzko zenbait iradokizun ere bai, Nafarroaz ahalik eta gehiena goza dezazun.
Lokalizatu zure errekurtsoa mapan eta aurkitu ordutegiak, prezioak, fitxak eta halakoak bilatzaileak erabiliz.
Natura oparoa duen eremu batera iritsiko gara; baserri handiz osaturiko herri txikiak daude han, eta bizilagunek ongi jakin dute natura, nortasun eta tradizioei eusten. Paisaiak menu atsegingarria eskainiko dizu, arte-ukitu gozo-gozo batez lagundurik: Leurtzako urtegi lasaiak ditugu aukeran, iparretik hasita, edo Doneztebe herri dotorea. Hegorantz joz gero, ibilbide historikoak aurkituko ditugu, hala nola Plazaolaren bide berdea, trikuharrien bidea, herri zinez zoragarriak (Leitza kasu), Mendukilo leize ikusgarria edo Aralarko San Migel santutegi erromanikoa.
Ibilbidearen iraupena (gutxi gorabehera): Egun bat, izartxo batez (*) markatutako alternatibak sartu gabe.
Aralarko santutegiak gordetzen duen erretaula erromanikoa Europako esmaltegintzako lan gorenetakoa da, eta kultura-intereseko ondasun deklaratuta dago.
Aurretik, geldialditxo bat eginen dugu Donezteben paseatzeko; han, dorre txukun bat duen Done Petri elizaren inguruan antolatzen dira etxeak. Jarraian, Leurtzako urtegien Aisiarako Natur Eremura joanen gara; han, mendiko bi laku daude, harrigarriak suertatzen direnak Nafarroa Atlantikoko basoen erdian. Hango bidexketako batetik ibiltzea edo inguru bare horretan patxadaz gozatzea, horra inguru horretako lasaitasunaz gozatzeko bi modu. (+info)
NA-170 errepidetik jaitsiz Leitzara iritsiko gara; han grabatu zen “Ocho apellidos vascos” filmaren eszena batzuk; 3 Goya irabazi zituen 2015ean, eta txartel gehien saldu dituen Espainiako filma da. Harri gris-urdinkarazko eliza arkupedun ederra du, San Migeli eskainia, eta gune historiko zaindua. (+info)
Handik 2 km-ra eta mendian bertan, harriari eskainitako Peru-Harri museo-parkea dago, kontu askotan dabilen Iñaki Perurena harri-jasotzaileak sortua.
Lekunberri herria Aralar mendi dotorearen oinetan dago, eta harlanduzko lanak, erdi-puntuko arkuak, leihoburuak eta armarri eder-ederrak agertzen ditu beren etxeetan. Han aurkitzen da Plazaolaren geltokia; tren hark Iruña eta Donostia lotu zituen 1914tik 1953ra bitarte, eta bide berde gisa berreskuratu da haren trenbidea. Garai bateko geltokiak turismo-bulegoa hartzen du gaur egun, eta bide eder baten abiapuntua da orain; hari jarraituz, Imotz, Larraun eta Leitzaran ibarretako paisaietan murgilduko gara. (+info)
ARRATSALDEAN
Astitz herrian dago kobazulo hori; han, hiru areto handi ikus daitezke, 60 metro luze ere badiren estalaktita eta estalagmita ederrak dituztenak, haietako batzuk 20 metroko altueran. (gehiago irakurri)
Bi ibilbide eder ditugu inguru hurbilean: Larraun ibaiaren iturburua, edota Beteluko olaren hondakinak ikustekoak.
1.341 metroko altueran dago, Andia mendiari eta Arakilgo korridoreari begira dagoen paraje eder-ederraz inguraturik. 1.000 urtetik gorako historia duen tenplu bildu horretan hiru nabe daude, burualdean abside erdizirkular bana dituztenak, eta erretaula erromaniko ikusgarri bat, XII. mendekoa, Europako esmalte-lan nagusietakotzat jotzen dena. Kaperan, San Migelen irudi barrokoa gordetzen da. (gehiago irakurri)
Iberiar penintsulako multzo megalitiko interesgarrienetako bat da. Halo misteriotsu batek biltzen ditu paisaian barreiaturik ageri diren 44 trikuharri eta zutarri horiek, inguruan haitz soilak, pagadi isilak eta bazkan ari diren ardiak dituzten belardi leunak direlarik. Zenbait bide daude, seinaleztatuak, legatu prehistoriko horren zati bat ezagutzeko. (gehiago irakurri)
Ardi-gazta da hango produkturik tipikoena, eta Idiazabal JDri lotua dago. Bestelako produktu batzuk ere nabarmendu daitezke, hala nola pateak, taloak, behikia eta bildoskia, sagardoa, mamia eta artisau-ogia.
Mendi-ibilaldietan eta BTTz ibili Plazaolaren bide berdean, zuhaitzetan ibili Lekunberriko Beigorri abentura-parkean eta natura-bide tematikoak egin inguruan.