Muruzabalen (Itzarbeibar), -
Donejakue bidearen ibilbide tolosarrean, eta bide horrek
Orreagatik datorrenarekin bat egin baino lehentxeago- hantxe dago zutik bakardade gorrian Eunateko Andre Mariaren eliza ikusgarria, hots, arkitektura erromanikoaren ale bitxia, bakana, paregabea, ederra.
Monumentu nazionala da. 1170ean eraikia, ez dago batere argi nork egin zuen. Zenbait historialarik diote
tenplarioek altxatu zutela eta San Joan ordenako ospitalea izan zela. Aldiz, herri tradizioaren arabera, erregina edo andre batek eraikiarazi zuen, hileta kapera izan zedin, eta emakume hori hantxe omen datza, harrien azpian.
Ehorzketak aurkitu dira klaustroaren zutabeen artean eta hilobi bat ere badago sarrerako ate ondoan. Besteak beste, erromesen maskor horietako bat agertu zen. Beraz, horrek guztiak esan nahi du erromesak lurperatzeko eliza izan zela.
Oin oktogonala du -
Jerusalemgo Hilobi Santuak eta Donejakue bideko beste bi eraikuntzak bezala- eta arkupe eder batez dago inguratua. Guztira, 33 arku dira eta kapitelak apainduak daude. Abside pentagonalak eta epistolari atxikitako dorre txikiak hausten dute oin oktogonalaren harmonia. Dorre horrek oin karratua du. Kanpoaldeko hormetan leiho kalatuak eta itsuak tartekaturik daude eta bi ate ditu: iparraldekoa Bidearen aurrean, oso dekoratua, eta beste xumeago bat sartaldera.
Ibili lasai arkupean barrura sartu baino lehen. Barnealdea xumea da eta musulmanen eragina nabari da gauza batzuetan. Begiak poliki-poliki egokituko zaizkizu barneko argitasun apalera eta, zalantzarik gabe, elizari darion izpiritualtasuna sentituko duzu zure baitan.
Silarrizko hormetan bi altuera nabari dira eta angelu bakoitzean bina zutabe daude elkar gainka paratuak. Itxuraz barnealdea soiltasunez jantzita dago, baina zutabeek 26 kapitel dituzte apainduak. Angelu desberdineko 8 nerbiotan euskarritua dago ganga oktogonala, eta horrek agerian uzten du tenpluaren zortzi aldeak desberdinak direla.
Absidea oso aberatsa da, forma erdi-zirkularra du eta hantxe daude elizako eskultura-atalik zaharrenak.
Erdi Aroko eliza honetatik oso hurbil, Olkotzen, San Migel eliza dago.
Eunatekoa bezalako ataria du baina alderantziz egina. Elezaharraren arabera, Eunateko ataria egiteko enkargua jaso zuen hargin-maisua haserretu egin zen, bera kanpora joana zelarik, naturaz gaindiko indarrak zituen erraldoi batek hari aurrea hartu eta lana egin zuelako. Apezak erronka bota zion harginari antzeko lana hiru egunetan egiteko. Harginak balentria handi hori egin zuen, betiere sorginek, sugeek eta araoek lagundurik, baina emaitza hauxe izan zen: ataria berdin-berdina da baina alderantziz egina. Atari hura ikusi eta erraldoia sumindu zen. Orduan, harginari sekulako zartakoa eman eta Olkotzeraino bidali zuen airetik.