Aviso Aviso
Koronabirusari aurre egiteko pixkanaka hartzen ari diren neurriak direla eta, programatutako ekintza eta jarduera asko aldatu edo bertan behera uzten ari dira. Beraz, atarian argitaratutako edozein eduki egiaztatzea gomendatzen dugu.
KoronabirusaNafarroa-ri buruzko azken berriak jarrai ditzakezu web atari honetan: http://koronabirusa.nafarroa.eus
invierno

NEGUA, TXIMINIA ETA FOLKLOREA



Neguak urtea ixten du, bai, baina, batez ere, aukeraz beteriko urte berri baten ateak zabaltzen dizkigu.  BIZITZAZ beteriko urte baten ateak, besteak beste. Eta hotza, nor bere baitan biltzera bultzatzen duena, une egokia izan daiteke gure niarekin berrelkartzeko eta norabidea birbideratzeko, ez duzu uste? Eta bidaide zoragarriak izan daitezke gauza eder eta jatorrak, hala nola natura, artea edo gastronomia oparoa, nafarron egunerokoaren zati direnak. Zorionekoak gu! 



Gonbidapena eginda dago; 
maleta prestatu eta ongizateaz
eta kontatuko dizkizugun esperientziez 
gozatu besterik ez duzu egin behar.

Tximiniaren beroaren inguruan pilatzeko unea da negua. Gehienok etxean ez badugu ere, Nafarroako landa-alojamendu askok bai dute ipuin-giroan sentiaraziko gaituzten sutondo horietako bat. Eta, zer ibarretan zauden, paisaia eder-ederrak ez ezik, batzuetan haiek estaltzen dituen elur-geruza zuria ere ikusi ahalko duzu lehoitik begiratzen baduzu. Eta jolastera atera ahalko zara, txikitan bezala, elkarri bolak jaurtitzera edo zeure burua plantxan botatzera.

                                                      

Beldurrik gabe bizitzera…

 

Baina neguak aukera asko ematen ditu Nafarroan, etxean zein kanpoan, zeren eta, Iruñera bazatoz, antzokiek ateak irekitzen dituzte, eta kaleak zein terrazak egokitu egiten dira giroak huts egin ez dezan. Gaztaina-saltzaileek postuak jarri, eta gorro eta bufanden koloreek kaleak blaitzen dituzte. Eta harresiek eta Erdi Aroko elizek inoiz baino egundokoagoak dirudite.


Pirinioetan, joan zaitez Irati-Abodiko Mendi Zentrora, eta alokatu erraketak edo egin iraupen-eskia mendi lasaien artean, edota aurre egin hotzari eta gozatu txirrindula ibilaldi batek eta basoetan barna ibiltzeak ematen duen energiaz. Eta, gero, hartu salda suspergarri bat edo txistor-pintxo bat, merezi duzu eta, edota jan txingarretan egindako txuleta eta bakailao-tortilla herriko sagardotegian. Irudikatzen al duzu goiza amaitzeko modu hoberik? 



Hau bizimodu hau!

Erdialdera eta Erriberara pixka bat jaitsiz gero, arte erromaniko eta gotikoan murgildu ahalko zara. Ez galdu aukera, eta bisitatu gaztelu ederrak, hala nola Erriberrikoa, zerko harresituak, hala nola Artaxonakoa, edo Donejakue Bideko herriguneak, arte eta historiak beteak (Lizarra kasu).

Eta zer iruditzen zaizu kale harriztatuen eta egurrezko portaleen artean noraezean ibiltzea, tximiniei kea dariela ikusi bitartean? Plana erakargarria iruditzen bazaizu, jo ezazu Erdi Aroko herrixketara, Uxuera edo Galipentzura, adibidez, eta, bisitari amaiera bikaina emateko, jan artzain erara egindako ogi-apurrak. Monumentuen zeharko periploa bukatzeko, bisitatu Erriberako hiriburua, Tutera, katedral ederra, alde zahar abegikorra eta neguko barazkiak eskaintzen baititu; izan ere, kardu samurraren eta orburu-bihotz gozo-gozoen garaia da.



                                   

Artea eta gastronomia naturala…
tandem ezin hobea arima eta osasunerako!

Tradizio antzinakoenen urtaroa ere bada negua. Eguberriak iristen dira, eta, haiekin, Olentzero on-puska eta Errege Mago irrikatuak, eta Iruñeak kalean esaten dio agur urteari Urtezahar-gau paregabe baten eskutik 

Inauteriak ere iristen dira, eta gure pertsonaia maitatuenak ganbaretatik isil-misilka atera eta soineko ikusgarriak jantzi, tripa lastoz bete edo odolez zikindu eta jendea beldurtzen dute, sardeak eskuan: Miel Otxin koloretsua, joaldun erritmikoak edo momotxorro beldurgarriak.  Ilusioa, jaia, izua… emozioen nahaste-borrastea. Gero, beste ospakizun gozoago batzuk datoz, San Blas, adibidez, edo erromesaldi errotuak, hala nola xabierraldiak, Frantzisko Xabierkoa gure zaindariaren sorburua izandako gaztelura batera garamatzatenak. 

Beldurra hotzari? Nagia neguan ateratzeari? Nork esan zituen halakoak? Gora espiritu lozorrotua!!! Utzi sofa asteburu batez, giroz aldatu eta gozatu kontatu dizugun guztiaz Nafarroan, inoiz baino bizidunagoa sentituko baitzara.



Bizi ezazu negua Nafarroan


Zure zain gaude