Ibiltzea gustukoa badute, plan ederra da bidexka batean barna joatea. Nafarroan, mota guztietakoak aurkituko dituzu, baina, oro har, gehienak oso irisgarriak dira, mendialdean ere bai, Nafarroako Pirinioak ibilerraz samarrak baitira. Badituzue aukeran hainbat bidexka tematiko: antzinako lanbideei, trikuharriei edo bunkerrei loturikoak, baita galtzada erromatar izanikoak edo trenbide zaharrak ere, hala nola bide berdeak. Haien ibilbideetan barna altxor ugari daude gordeak eta geocaching bidez bilatzen ahal dituzue.
Zuen kontura egin ditzakezue, baina nahiago baduzue bidean gida zaitzatela eta ibilbideari buruzko pasadizoak, bitxikeriak eta kontu aipagarrienak kontatu diezazkizuetela, aukera ona da gidari espezializatuekin joatea. Mota guztietako bisitetarako zerbitzuak ematen dituzte: oinez, bizikletaz, baita zaldiz ere.
Oso aktiboa den jendeak iparraldean dauden aisialdi- eta abentura-parkeetan pasatu behar luke egun bat. Han, paisaia zoragarriak zeharkatzen dituzten tirolina erraldoiak aurkituko dituzue, eta via ferratak, paintballak, zubi tibetarrak, btt-rako zirkuituak...
ESENTZIAREKIN KONEKTATZEN ZAITUZTETEN HERRI EDERRAK
Ehunka urteko harrizko etxetzar armarridunak ikusiko dituzte, balkoi jarraitu handiak, oiloak eta untxiak bizileku dituzten baratzeak.., eta, inguruan buelta bat emanez gero, zaldiak, behiak, zerriak eta ardiak ere aurkituko dituzte. Oso gauza naturalak dira, baina, beren egunerokoan ikusten ez dituztenez, izugarri gustatuko zaizkie. Eta landa eremuko herrietan zaudetenez gero, zer iruditzen zaizue abagunea baliatzea gaztarekin loturiko jarduera batean parte hartzeko? Gaztandegi bat ezagutu dezakezue, tailer bat egin edo are artzain batekin mendira joan. Gainera, ogi biribila erosi ahal izango duzue; tabernan, txistorra jan, edo herriko jatetxean, etxeko plater gozo bat dastatu, hori baita bukaerarik hoberena, paseo bat egin ondoren.
GERRARIEN GAZTELUAK, PRINTZESEN JAUREGIAK ETA ERDI AROKO HERRIAK
ERDIALDEAK zereal-soro eta mahasti lasaien paisaia du ezaugarri, eta Donejakue bideak Nafarroan egiten dituen kilometro gehienak hartzen ditu; hala, aprobetxa ezazue azaltzeko zer den bidea, erreparatu erromesen janzkerari, eta haiek hartzen dituzten aterpetxeei, eta erromanikoaren berri izan dezatela Zangozako Santa Marian, Eunaten edo Lizarran. Erdi Aroko iruditeria zenbaitetan hain da burutsua, ezen, ongi azalduz gero, dibertigarria suerta baitakieke. Eta inguru horretan bazabiltzate, eman begiradatxo bat Irantzuko Lurretako agendari: egin ur-jarduerak Allozko urtegian, bisitatu haurrentzako jarduerak eskaintzen dituen gatzaga bat, paseatu mahastien artean gurdi batean...
Inguru horretan, Erriberriko jauregia nahitaez bisitatzeko lekua da, Eurodisney ekartzen baitigu gogora. Han, ederki pasatuko dute hura goitik behera ikusi eta dorreetara igotzen diren bitartean. Ez galdu haurrentzako bisitaldia edo antzeztutakoa, horietan adi-adi egongo baitira, seguru! Ikusi hemen aukeran dauden bisitaldi antzeztu guztiak bai Erriberriko gazteluan, bai Nafarroako beste tokietan
Eta, handik hurbil, Uxue Erdi Aroko herria dugu; han, ogi apurrez eta garrapiñatuez gain, harrizko kaleez osatutako labirinto bat aurkituko dute, lasterka egiteko eta barrena husteko. Eta ez bazarete sekula eliza bateko teilatura igo, aukera paregabea duzue hemen, Artaxoako Harresia bisitatzean elizako teilatura ere igo zaitezketelako, eta ikusi zer bitxia den: herensuge baten bizkarra dirudi eta
Xabierko gaztelua ere aukera bikaina da; hantxe jaio zen Nafarroako patroia San Frantzisko Xabierkoa, XVI. mendean. Eta, handik hurbil, Leireko monasterioa dugu; lortuko al dugu han haurrak erlaxatzea gregoriar kanturen bat adituz?
Altxorraren bila familiartean jardun gabeak bazarete, jarduera zirraragarri horretan aritzeko gomendatu nahi dizuegu, geocaching-a moda-modan baitago. Gure gaztelu, gotorleku eta eliza erromaniko batzuetan altxor bitxiak dauzkazue isilean gorderik.
HEGOALDEAN, FAMILIA AISIALDIRAKO PARKE DIBERTIGARRI BAT ETA INGURUNE NATURAL HARRIGARRIA
Sendaviva parkean, Nafarroako bertako espezieak ezagutuko dituzte, baita animalia exotikoak ere, hala nola lehoiak, hartzak eta tigreak; hogeita hamar bat atrakzioez gozatu ahal izango dute: ur-labirintoa, txalupak, tubinga, bobsleigha, tirolinak, erorketa librea... Baita ikuskizun dibertigarriez ere, esaterako, zirkoa eta hegazti harraparien erakustaldi ikusgarria.
ETA GASTRONOMIARI DAGOKIONEZ...
Damoklesen ezpata horrek erotu egiten gaitu batzuetan oporretan (ez legoke gaizki egun batzuez ahaztuko bagenu), baina, lurralde hauetan, konponbidea izan dezake; izan ere, bertako produktu ona ziurtatua izango duzue.
Herrietan, haurrek normalean ongi onartzen dituzten etxeko menuak aurkituko dituzue; egungo sukaldaritza eskaintzen duten jatetxeetan, haurrentzako menuak izaten dituzte haien gustukoak izaten diren gauzekin; eta, besterik ez bada, pintxoetara jo dezakezue: txistorra, tortilla edo urdaiazpikoa, Nafarroako tabernetan ugari izaten baitira, eta, haurrek ohiko pintxoetako bat jaten duten bitartean, zuek gutizia berritzaileenak dastatuz gozatu ahal izango duzue.
Halaber, une egokia izan daiteke milikeriak alde batera utzi, eta gure barazki ezagunak dasta ditzaten: menestra, orburuak, kardua, borraja... Aprobetxatu beren ahoei aukera berriak emateko!
Jatea baino areago gastronomia bertatik bertara bizitzea baldin bada buruan duzuena, jakizue jarduera gastronomikoak askotarikoak bezain erakargarriak direla: talo bat egiten ikastea, txakur baten gidaritzapean boilurren bila irtetea, familiartean mahatsa biltzea...
ETA LO EGITEKO?
Beste edozein lekutan bezala, eskura izango dituzue maila eta prezio guztietako hotelak eta apartamentuak; ingurune naturaletan kokatutako kanpinak, bungalowak alokatzeko; edozein lekutan moldatzen bazarete, aterpetxeak aurkituko dituzue, edo hemen oso ohikoa den aukera bat: landetxeak. Gelaka edo osorik aloka ditzakezue, eta horietako askok haurrentzat egokia den nekazaritza-turismoko jardueraren bat eskaintzen dute.
Eta sorpresa bat eman nahi badiezue, Nafarroako ostatu berezi batzuk proposatzen dizkizuegu... Zer iruditzen zaizue leize etxe batean lo egitea? Edo zuhaitz batean? Edo de luxe etxola batean? Gau berezi batek edo bik asko hobetu ditzakete oporrak...
Familia, espero zaituztegu. Gozatu egonaldiaz!