Ingurune natural itzel honetan, bikainak dira herri-arkitekturak eskaintzen dizkigun altxorrak ere: mendietako herrixka ederrak, indianoen jauregiak eta lurraldea zeharkatzen duen Donejakue bidearen zigilu diren ermita erromaniko ugari, besteak beste. Ikustekoak dira nekazaritzarekin eta abeltzaintzarekin lotutako eraikinak ere, bereziki iraganean garrantzi handia izandakoak: garautegiak, iturriak, latsarriak, eta artzain-bordak edo txabolak.
Dena den, mendikatea ez da erregularra; itsasora gerturatu ahala, apurka-apurka beheratzen joaten da, eta leundu egiten da klima ere. Bi faktore horiek aintzat hartuta (klima eta altitudea), hiru eremu bereizten dira Nafarroako Pirinioetan; batez ere, bertako ibarretako arkitekturan sumatzen da desberdintasuna, eta, zehazkiago, arkitektura domestikoaren elementu nagusian: etxean.
Ekialdeko Pirinioetan daude Nafarroako tontorrik garaienak, eta bertan hotzak izaten dira neguak; ohikoak izaten dira izotza eta elurra. Pirinioetako etxeak udalerriko elizaren inguruan pìlatuta egoten dira. Teilatu pikoa izaten dute, bi edo lau isurikoa, eta teila zapala, normalean arbelezkoa. Ez dute teilatu-hegal oso nabarmena izaten, eta harria agerian uzten duten horma kareztatuak izaten dituzte. Erronkaritik Auritzeraino hedatzen da eremu hau, Zaraitzu eta Aezkoa bilduz. Dena den, ibar bakoitzak bere ezaugarriak dauzka; esaterako, ertzik edo kareztatzerik ez izatea, balkoi-lehortegiak edukitzea...
Pirinioetako herrixken adibide ederrenetako bat Otsagabia da, Zaraitzuko hiriburua. Ahaztezina da eskaintzen duen irudia: Erdi Aroko zubia, harrizko kale estuak, Anduña ibaiaren ertzeko baserria...
Bertatik hurbil dagoen Aezkoa Ibarrak ere merezi du bisita. Bertan, Nafarroako 22 garautegietatik 15 daude oraindik, guztiak kultura-intereseko ondasun izendatuak. Duela hainbat mende egindakoak dira eraikin horiek, garauak hezetasunetik eta karraskarietatik salbu gordetzeko. Bi isuriko teilatua izaten dute, hegalik gabe, plano laukizuzena, eta landu gabeko harrizko hormak.
Nagusiki abeltzaintzari eta basogintzari lotuta daude eremu horiek. Iruñetik eta Iruñerritik mendebaldera daude, eta Ultzama, Arakil, Burunda eta Leitzako Ibarrak hartzen dituzte, besteak beste. Parrokia-elizaren inguruan antolatuta daude bertako herriak, eta kalexka estuak abiatzen dira gune horretatik, albo banatan harrizko etxe handiak daudela, bi isuriko teilatuekin eta teilatu-hegal handiekin. Hemengo klima gogorxeagoa da aurreko eremukoa baino; horregatik dauzkate etxeek balkoi gutxiago, eta leiho gehiago. Ikusgarriak dira armarriak ere, historiaren euskarri itzel.
Udalerri guztietan topatuko dituzu arkitektura tipikoaren adibideak, baina bereziki nabarmentzeko modukoak dira Lizaso, Auza, Eltzaburu, Ilarregi eta Iraizotz herrietakoak.