Zure egonaldian atseden hartzeko moduko leku baten bila zabiltza? Kontsultatu aukera guztiak eta kudeatu erreserba.
Hemen aurkituko dituzu ezagutu beharreko leku guztiak, eta, era berean, jarduera eta esperientzia batzuei buruzko zenbait iradokizun ere bai, Nafarroaz ahalik eta gehiena goza dezazun.
Lokalizatu zure errekurtsoa mapan eta aurkitu ordutegiak, prezioak, fitxak eta halakoak bilatzaileak erabiliz.
Eloko karriketan barna ibilita, bideak garai bateko gaztelua zegoen muinoa inguratzen du eta herritik ateratzen da pista batetik behera. Makal handiz zainduta dagoen Elorz ibaira doa. Ertzera iritsita, landarediak itzala emandako bide eder batetik jarraituko dugu tarte batean, zubi bateraino. Han ibaiaren beste aldera igaroko gara. Berriz ere pista batetik ibiliz, bideak gora egiten du soroen artean, mendiko magalaren eta landutako larreen arteko mugaren bila. Gorago, mendian, Diablozulo izeneko amildegi basatiaren sakana irekitzen da. Bidexka batetik ibiliz, harrobi utzi baten azpitik igaro eta Iharnotz herrira iritsiko gara.
Iharnotz elizaren ondotik pasa eta hilerriko bide asfaltatua jarraituko dugu. Hemendik aitzinera eta Tiebas herrira iritsi arte, bidea Alaitz mendiaren magaletik doa, landutako soroen mugaren hurbiletik. Gure bidetik gertu, Pirinioetako urak doaz Nafarroako Ubidean barrena. Hurbileko paisaian Iruñerria eta hirigunea dira nagusi.
Bidexka batetik, gehienetan, eta pista tarte labur batzuetatik, besteetan, belardiak eta berritzen ari diren basoak dituen hegaletan aurrera eginez, Otano eta Ezperun herri txikietatik doa bidea. Azkeneko herri hori bertan behera utzitako harrobi baten azpian dago. Bidea Gerendiainen sartzen da, poliki eta arreta bereziz zaindutako herrian. Gerendiainetik lekutzean, bidea utzitako harrobi baten azpian igarotzen da. Artadian sarturik, horma-bular bat inguratzen da, bidexka atsegin batetik. Ikuspegian ditugu beti Iruñerriko labore-lur emankorrak.
Bidea lotzen zaio Tiebaseko errepidera jaisten den pista bati, hain zuzen ere, gaztelu baten hondakinen azpian. Herriaren gainetik Alaizko harrobiak ikusten dira. Bideak herria gurutzatzen du eta ateratzean futbol zelaira doan errepidea hartzen du. Gero, artadi eta abariztietan barrena autopistaren bila doa, eta horren ondotik jarraitzen du tarte zabal batez. Lotune baten ondoan, autopistaraino jaitsi eta zeharkatzen du lurpeko bi pasabideei esker. Berriz ere landan, pista batetik pinudi bat zeharkatu eta garai bateko militarren kuartel bat inguratzen du.
Muru Artederretara iritsita, lurpetik igaroko dugu trenbidea. Herritik ateratakoan, hegoaldera doan errepidetik, asfaltozko pista hasten da, ordokian zehar eta zuzen-zuzen, Olkotz herrira doana. Bideak herria inguratzen du eta lurrezko pista batetik behera egiten du. Ibarrean zehar, muinoz muino eta bizkarrez bizkar ibiliko gara, altuera pixkana-pixkana galduta. Barreiatutako herrien ikuspegi zoragarria daukagu: Añorbe, Ukar, Tirapu... Hondarrean, Robo ibaiaren ibilbide bihurria antzematen da. Bidelagun izanen dugu Gareseraino. Bertan bat eginen dugu Orreagatik datorren bidearekin.
Bidexka tarte baten ondoren, pistak behera egiten du ibarraren hondoraino nekazaritzako pista batetik barna. Han, ibaia gurutzatu eta ezkerreko ertzetik jarraituko dio Añorbeko errepideraino. Bide batetik jarraituko du, betiere ibaitik gertu. Lehenbiziko txaletek iragarriko digute Eneritz herrira iritsiak garela. Herri honen alde zaharra igaro eta bide eroso batetik ibarraren hondoan zehar ibiltzen jarraituko dugu. Eunateko Andre Mariaren eliza erromanikoa ikusteko moduan dagoela, bidea elizara zuzen doan bidexkara desbideratzen da. Hemendik norabide horretantxe jarraitzen du eta, aurrerago, Robo ibaia eta errepidea gainditu eta Obanos herrirantz doa, ibarraren hondoa utzita eta hilerriaren ondotik igarota. Obanos herriaren kanpoaldeko karriketan ibili eta berriz ere errepidera jaisten da. Azkenean, pista batetik jarraituta, Garesen bukatuko dugu etapa.
Zer egin eta zer ikusi etapa bukatu ondoren?
Interes xehetasun gehiago