Donibane Garazi Frantziako herri ederra da, Izuratik hurbil dagoena. Puntu horretan bat egiten dute Frantziatik igarotzen diren hiru Donejakue bideek: Toursetik, Le Puy-en-Velay hiritik eta Limogesetik datozen horiek.
Etapa hau egiteko, bi aukera daude:
Alternatiba bat da –bereziki gomendagarria eguraldia kaskartzen bada– Donibane Garazitik ateratzea Luzaidera doan errepidetik jarraituta.
Mugan dauden benta batzuen ondotik igarotzen da, betiere Luzaide ibaiaren ezkerraldeko ertzetik. Pista mehar batetik Arnegin garai batean zegoen aduanako aparkalekura iristen da. Toki horretatik errepidera atera gaitezke (NA-135) eta ibarrean gora ibili Luzaideraino, edo bestela pilotalekuaren hormaren aurretik doan bide seinaleztatua har dezakegu, Ondarla izeneko auzora eramaten gaituena. Hilerria igarota asfaltozko bide batetik jarraitzen da. Horrek ibaia zeharkatzen duen zubi bateraino eramaten gaitu, bai eta Luzaideko araztegiraino eraman ere. Herria igarota bide bakarra dago eta NA-135 errepidetik jarraitzen du.
Gainekoleta jartzen duen bidegurutzean harako bidea hartu eta auzo horretara iritsiko gara errepide txiki bati jarraikiz.Gainekoletara doan errepide estuko bidegurutzean, bideak alde batera egiten du, eta Luzaideraino jaisten da. Etxeen artean, Luzaide ibaiaren gaineko zubia gurutzatu eta bideak erdiko mendi hegalean gora egiten du, ibaiari paraleloki jarraituta. Ibarra itxi-itxia da eta aldapa pikoak eta erreka garbiak eta lasterrak ditu. Gaztainadiak, urkidiak eta hurriztiak daude bertan. Erreka bat gainditu eta gero, bideak ibaiaren beste ertzera egiten du zurezko zubi batean zehar eta errepidera igotzen da. Errepidea ez dugu utziko harik eta Zabaletako bidearen hasiera aurkitu arte. Errepidea alde batera uzten du eta pista batetik jarraitzen du. Pistak Asundegi errekaren ezkerreko ertzetik gainditzen du ibarra, Zabaleta baserriko soroak inguratzeko. Belar-soroak atzean utzita, berriz ere oihanean sartu eta hantxe etaparen maldarik latzenak aurkituko ditugu. Bideak linea elektrikoari jarraitu eta errepidera ateratzen da Guardien Etxolaren parean.
Metro gutxi batzuk asfaltoan egin eta berriz ere pagadian sartuko gara bide eder batetik. Horrek, modu suabeago batean, Ibañetako gaineraino eramanen gaitu. Hemendik, Oteziloko sakangunetik ibilita, Orreagaraino jaitsiko gara.
Beste bide alternatiboa, arras gogorra, “Napoleonen bidea” izenekoa da, eta bide guzti-guztia mendian barna egiten da. Donibane Garazi Espainiako karrikatik uzten du karrika hori herriaren erdian dago eta merkataritza gunea da– eta harresia atzean uzten du izen bereko atetik.
Igoera handi baten ondoren Honto auzo txikiraino iritsiko gara. Toki horretatik aitzinera, aldapa are pikoagoa da eta paisaia zabaltzen hasten da. Sekulako mendi bizkar eta gorabeherak daude landaredi alpinoz jantzita. Bentarteako lepoa zeharkatu eta gero, erromesa Espainiako lurraldean sartuko da. Lepoederko gainetik, Orreagako ibarra ikus daiteke jada.
Ibañetako gainetik Orreagako bataila gertatu zen eszenatokian zehar jaitsiko gara. Bataila hori Erdi Aroko "La Chançon de Roland” poema frantsesean dago bildurik eta paraje hori igarota historia handiko herri horretara iritsiko gara. Hor bukatzen da etapa. Urteko hilabete hotzetan izugarri gogorra da etapa hori, eta horregatik, azaroaren 1etik martxoaren 31 arte Luzaidetik doan bidetik joan behar da derrigorrez.
Interes xehetasun gehiago