Jauzi nabigazioa eta joan edukira
Carrusel de imágenes presentando Navarra

Lau urtaroetako Erresuma

Uda

Udan, zuri eta gorria lehertzen dira Nafarroan. Sanferminak heldu dira, eta algarak gainezka egiten du Iruñean, uztailaren hasierako egunetan. Erdialdean eta Tuteran ere hasten dira festak. Pozak, alaitasunak Lizarra, Tafalla, Zangoza eta Tutera blaitzen ditu. Jotak eta behi suharrek hartzen dute kalea. Faltzesen Pilón deituriko entzierro harrigarria egiten da. Martzillan, aldiz, txapelketa bitxia egiten da: aitzurra urrutien nork bota.

Erdia Aroa ere jaien xede da. Izan ere, erdi aroko jaiak egiten dira Erriberrin zein Lizarran, eta erdi aroko afariak egiten dira Zangozako Karmengo komentuaren klaustroan. Uztailean, Baztandarren Biltzarra egiten da Elizondon, Baztango herrien jaia, bertako tradizioak ezagutzeko aukera aparta, beraz. Uztailaren 13an, Erronkariko ibarra eta Frantziako Baretous ibarra banatzen dituen San Martin harriko mugarrian, Hiru behien zerga izeneko jaia ospatzen da. Aspaldi-aspaldiko zeremonia da, eta, horretan, hiru behi ematen dizkiete Biarnoko zinegotziek Erronkarrikoei, mugaren alde honetako larreak eta ura urteko 28 egunetan erabiltzeko aukeraren truke. Abuztuan, Artzai Eguna ospatzen da Uharte-Arakilen, eta bi txapelketa egiten dira: bata, artzain txakurrena, eta bestea, gaztarena.

Nafarroa udan bisitatuz gero, Cultur programak eskaintzen duen jarduera multzo hautua gozatzeko aukera dago, interes handikoa dena kultura, natura eta gastronomiaren ikuspuntutik. Horretaz gain, Erriberriko gaztelua Antzerki Klasikoaren Jaialdia gozatzeko testuinguru ezin hobea da. Obanos herriak nabarmentzeko moduko ospakizuna eskaintzen dio bisitariari, bi urtetan behin: Obanosko misterioa, interes turistiko nazionaleko jaia izendatua. Donejakue bideari lotutako erdi aroko kondaira bat kontatzen du. Lizarrak Antzinako Musikaren Astea eskaintzen du, eta Andelosek inguru horretan orain dela 2.000 urte baino gehiago bizi ziren erromatarren ohiturak islatzen ditu.

Natura eta egun luze eta eguzkitsuak, Pirinioetako klima atsegina eta bertako herriak eta museo txikiak, hori dena gozatzeko aroa da uda. Iruñeko ostatuek eskaintzen dituzten pintxo gozo-gozoak dastatzeko, Kodes eta Urbasa mendietako natur paseoak egiteko edo Lizarrerriko 35 bidexketakoren bat ibiltzeko garaia da uda.... Nafarroako monumentuak eta historia ezagutzeko, azken finean.

Mahaia Erriberako baratzearen platerek bete dute. Udan, barazki eta ortuarien txanda heltzen da: pikillo piperrak, tomateak, pepinoak, kalabazinak edo lekak. Nahi baduzu, herri gastronomiak liluratuko zaitu: zikiro-jateak, kasu. Zugarramurdiko leizeetan egiten da, herriko festetan, abuztuan, eta jaki nagusia zikiroa da. Zikiroak hesoletan iltzatu eta erre egiten dira.