Mapa interaktiboa
Ikusi Nafarroaren kokapen mapa
Naturak nagiak ateratzen ditu, neguari agur esaten dion bitartean. Udaberriak zentzumenak iratzartzen ditu. Mantu berde batek estaltzen du Nafarroa, pagoek eta haritzek hostoak janzten dituzte, larreek tonu biziak erakusten dituzte eta loreek baserrietako hormak apaintzen dituzte. Urtzaldiarekin batera, hasten dira berriro entzuten Pirinioetatik datozen errekak, beherago, Erdialdean eta Erriberan, sigi-saga egiten duten ibai emaritsu eta bare bilakatzen direnak. Basoko animaliek xuxurlatzen dute, belar usaina dago, freskura usaina, eta garaiko barazkiak ernetzen hasten dira. Udaberria bost zentzumenekin antzematen da.
Klima atseginak naturatik ibiltzeko aitzakia ematen du, Pirinioetatik (Aralar edo Andia mendiak, kasu) zein antzinako trenbideetatik. Errege Bardeako basamortu idorra ezagutzeko garai onena da udaberria. Eta izokinak arrantzatzea maite dutenek Bidasoa ibaian aurkituko dute leku aproposena, izokin arruntak harrapatzeko.
Urtzaldi berdeak tradizioak ere iratzartzen ditu. Corellak harrera beroa egiten dio aste santuari, Ehorzketa Santuaren prozesio deigarri eta barrokoaren bidez, eta Tuteran bi ospakizun nagusi egiten dira: Volatin eta Aingeruaren jaitsiera. Egitarau erlijiosoa ez da horrekin ixten, erromeria ugari egiten baitira: Uxue, Yugo, Orreaga, Labiano eta Kodes. San Gregorio Ostiakoaren basilikan, soroak eta uztak babesten dituen santuaren erlikiak gurtzen dira. Kodesko santutegiak, bere aldetik, inguruko herrietako erromes franko erakartzen ditu maiatzean zehar.
Maiatzaren hasieran, Burgin dago hitzordua. Almadiaren Eguna ospatzen da, interes turistiko nazionala duen jaia. Antzinako lan bat ekartzen du burura: egurra ibaitik garraiatzea, enborrekin baltsak edo almadiak osatuta. Udaberriko jaiak San Joan gauean amaitzen dira. Suak eta jaiak egiten dira egun horretan Nafarroako herri guztietan. Torralba del Río herrian, Juan Lobo erdi aroko lapur famatuaren harrapatzea antzezten da, San Joan kofradiako kideek Baltsaren dantza egiten dutelarik.
Zugarramurdiko leizeetan, Akelarrea egiten da, San Joan egunetik hurbilen dagoen larunbat gauean. Jai horretan, sorginek txalapartaren erritmora dantzatzen dute, harik eta zanpantzarra heldu arte, zintzarriekin sorginak uxatzen dituena.
Mahai gainean menestra, izokina, alkatxofak eta zainzuriak, Nafarroako gastronomiaren plater adierazgarrienetako bat, jartzeko garaia da. Tutera, eta Erribera osoa, ospetsua da bertako baratzeak ematen dituen produktu bikainengatik. Maiatzean, Barazkiak Goresteko Jardunaldiak egiten dira, eta gastronomia lehiaketak zein herri dastaketak egiten dira, besteak beste.