Jauzi nabigazioa eta joan edukira
Carrusel de imágenes presentando Navarra

Lau urtaroetako Erresuma

Negua

Neguan, paisaia logaletu eta mantu zuri batek estaltzen ditu Pirinioak. Iraupen eskia egiteko eta elur-erraketekin ibiltzeko garai aproposa da, Zaraitzu eta Erronkariko ibarretan. Baina egun eguzkitsuak gozatzeko aroa ere bada, neguaren kolore leunak ezagutzeko aukera ematen dutenak hamaika bidexketatik.

Tradizio erlijiosoak eta paganoak nahasten dira. Zangozak Epifania ospatzen du kaleetan: Errege Magoen auto sakramentalaren antzezpena. Inauteriak datoz: Lantzen, errituala Miel Otxin lapurraren ingurukoa da, eta, Altsasun, Momotxorro, akerra, da pertsonaia nagusia. Mendialdeko beste herri batzuetan, ondokoek irudikatzen dute neguaren oinaze eta gaitzak: azeria, Luzaiden, hartza, Arizkunen, eta ikazkina, Goizuetan eta Aranon. Zanpantzarreko dantzariek, joaldunek, joare edo zintzarri handiak daramatzate, bizkarrari lotuak, ardi-larruzko zerrenden gainean. Buruan, koloretako ttuntturruak daramatzate.

Nafarroako Erriberan ere daude inauteriak: Cintruenigokoak (zarramuskeroek aurpegia estali gabe duten guztiak zikintzen dituzte) eta Tuterakoak (zipoteroek aurpegia estalita dutela dantzatzen dute), kasu.

Neguak estalpean jartzea eskatzen du, eta zer hobe kutur eskaintza aitzakia hartu baino. Baluarten, Gayarre antzokian eta kultur etxeetan (46 dira ia) egoten da ikusgai eskaintza zabal hori. Abenduan, Organo Musikaren Zikloa egiten da, eta, martxoan, ?Eszena? Dantza Jaialdia. Zine dokumentala atsegin duten horiek otsailean dute hitzordua, ?Ikuspuntua? Zine Dokumental Jaialdiaren eskutik.

Mahaian, babarrun gorriak, gozo-gozoak, haragia, gazta, ardoak eta likoreak. Hotzak Uxueko artzain-apurrak, Zangozako potxak edo Lizarrerriko txerrikumea dastatzeko bultzada ematen digu. Eguberrian, kardoa bilakatzen da otorduen protagonista.