Mapa interaktiboa
Ikusi Nafarroaren kokapen mapa
Zein dira Nafarroan hegaztiei behatzeko leku onak?
Asko dira, eta oso ezberdinak; horregatik, onena da “Leku gomendatuak” izeneko atalera jotzea, bertan Birding Nafarroak hegaztiei behatzeko hautatu dituen 12 lekuei buruzko informazioa aurkituko baituzu. Atal horretan datu asko zehazten dira, besteak beste, honako hauek guztiak: sarbideak, habitatak, behaketa puntuak, dauden espezieak eta gomendatutako garaiak.
Zein dira Nafarroan hegaztiei behatzeko garai onenak?
Nafarroan hegaztiei behatzeko garai egokiak aldatu egiten dira, behatu nahi dena zer den. Urtean barna, hegaztiei behatzea arrakastatsua izaten ahal da, eta merezi duten espezie, familia eta fenomeno ornitologiko batzuk daude. Ahalik eta espezie gehienari edo, bestela, ahalik eta barietate zabalenari behatzea bilatzen baduzu, unerik egokiena, zalantzarik gabe, udaberria da. Martxotik ekainera, aukera izaten ahal dugu hegoaldetik datozen edo hemendik iragaten diren hegazti migratzaileei behatzeko, baita hazkuntza jardueran hasten diren hegazti ugaltzaileei ere, oso aktibo aritzen baitira garai horretan.Migrazio masiboetarako, eztei ondoko garaia hautatu behar dugu, hau da, udako erdialdetik udazkena bukatu arte. Espezieak zein diren, une egokiena aldatu egiten da : hartara, harrapari eta amiamoko gehienak abuztuan eta irailean iragaten dira, eta antzarak, kurriloak eta usoak, urrian eta azaroan, besteak beste.Bisitatu nahi dugun habitata ere aldatzen ahal da, urteko garaia zein den. Oro har, udazkena, negua eta udaberria egokiak dira hezeguneetarako; udaberria eta uda, mendiko esparruetarako; negua, udaberria eta udazkena, hainbat basotarako; udaberria, estepetarako; etab.Hegazti talde zehatz baten bila bazabiltza, hainbat argibide zabal ematen ahal dizkizugu, besteak beste: anatidoak neguaren bukaeran eta udaberriaren hasieran, okilak martxotik maiatzera, estepakoak udaberrian, etab.
Non behatzen ahal zaio txori zezen arruntari?
Txori zezen arrunta Nafarroako hezeguneetan egoten da, bai ugaltze garaian, bai neguan. Beharbada, Pitillasko aintzira da leku onenetariko bat urte osoan barna hegazti horri behatzeko. Halere, uraren mailaren aldaketa eta beste faktore batzuk direla eta, gorabeherak izaten ahal dituzte hegaztiaren presentziak eta ale kopuruak. Aldeko baldintza gutxi eskaintzen duten urteetan oso zaila da espeziea aurkitzea.Arriskuan egoteaz gainera, espeziea aski sentikorra denez, behatu baino lehen Pitillasko aintzirako behatokiko langileei galdetzea gomendatzen dugu, trabarik egin gabe hegaztiari behatzeko aukera onenak zein diren jakiteko.
Non behatzen ahal zaio ugatzari?
Ugatza Nafarroako Pirinioetan eta Foru Komunitateko iparraldeko beste mendigune batzuetan bizi da. Hegaztiari behatzeko leku zehatz bat esatea zaila da, ale gutxi egoteaz gainera, oso lurralde zabaletan mugitzen baitira etengabe. Oro har, mendiguneetan bizi dela esaten ahal dugu, Pirinioetan eta Pirinioaurreko guneetan batez ere. Komeni da hango zeruetara begira egotea, oso erne, edozein tokitan eta unetan agertzen ahal baita. Urteko edozein garai egokia da.
Non behatzen ahal zaio okil gibelnabarrari?
Okil gibelnabarra pagadi edo pagadi/izeidi helduetako espeziea da. Pirinioetako basoetan zabaltzen da hegaztia Nafarroan. Birding Nafarroak gomendatzen dituen lekuei dagokienez, Belaguan eta Bertizen (zailagoa da han topatzea) aurkitzen ahal dugu hegaztia, baita Iratin ere.Behatzeko garai egokia neguaren bukaera eta udaberriaren hasiera da (martxotik maiatzera), lurraldea markatzen ari direnean, hango zuhaitzen hostoak sortu baino lehen. Dena den, urte osoan egoten da leku horietan, hegazti sedentarioa baita.
Hegaztiei behatzeko gidari espezializaturik badago Nafarroan? Nola kontratatu behar dira?
Bai, gaur egun enpresa batzuek bertako gidariak eskaintzen dituzte. Hegaztiei eta naturari behatzeko gida espezializatuak dira, eta ederki ezagutzen dute Nafarroa. Webgune honetako "Ostatuak, agentziak eta gidariak" atalean aurkitzen ahal dituzu.
Zer abantaila ditu Birding Nafarroari atxikirik dagoen ostatu batean ostatu hartzeak?
Birding Nafarroari atxikitako ostatuek beren zerbitzuak egokitu dituzte hegaztien behatzaileen berariazko beharretara, eta, era berean, prestakuntza programa bat jaso dute, hegaztiak eta horiei behatzeko dauden tokiko baliabideak hobeki ezagutzeko. Enpresen jabeak eta langileak arituak dira hegaztien behaketan, eta honako hauei buruzko alderdiak jartzen dituzte eskura: goizean goizik egin beharreko gosariak edo afariak, piknikeko sortak prestatzea, ornitologiari buruzko berariazko informazioa eta Interneterako sarbidea, besteak beste.
Birding Nafarroak bidaia antolaturik edo beste jarduerarik antolatzen ditu?
Ez. Birding Nafarroa Nafarroako Gobernuko programa da, eta Nafarroa sustatzea du helburu, ornitologia turismoa eta natura behatzeko helmuga gisa. Bestalde, programa horretan bidaiak eta bisita gidatuak antolatzen dituzten hainbat enpresa sartzen dira (ikusi webgune honetako "Ostatuak, agentziak eta gidariak" atala) eta, era berean, zenbait entitatek eta tokiko erakundek antolaturiko jarduerak zabaltzen ditu (ikusi webgune honetako "Agenda" atala)
Birding Nafarroa gizarte sareetan dago?
Birding Nafarroa gizarte sareetan dago, Facebook-eko orri batean eta Twitter-eko kontu batean zehazki. Ondokoetan aurkitzen ahal dituzu:Facebook (Birding Nafarroa – Ekoturismoa): http://www.facebook.com/birdingnavarraTwitter (Birding Nafarroa): http://www.twitter.com/birdingnavarra
Zalantza eta galderarik baduzu, ez izan dudarik, idatzi