Piraguismoa eta Kayak
Nafarroako ibaiak ur kirolak egiteko bereziki erakargarri suertatzen zaizkio bisitariari, ur ibilguek mota guztietako paisaiak zeharkatzen dituztelako: Iparraldeko urak Pirinioetako arroila eta ibarretatik iragaten dira urduri, Erdialdean ehun urtetik gorako hiriak zeharkatzen dituzte, eta, hegoaldean, Erriberako ordokiko baratzeetan barna ibiltzen dira emeki.
Bi isurialde hidrografiko desberdinetakoak dira, Kantaurikoak eta Mediterraneokoak, itsaso batera edo bestera isurtzen diren arabera. Lehenengoak komunitateko ipar-ekialdean kokatzen dira. Ur-emari txikia dute, ibai-ahotik sortzen baitira, eta aski erregularra, lurralde horretan euria maiz egiten baitu. Bigarrenekoen artean desberdintasunak izaten dira ibaiko tartearen eta urtaroaren arabera.
Ibai nabigagarrien ezaugarrien artean uren lasaitasuna nabarmentzen ahal dugu. Hori dela eta, piraguismoan hasi nahi dutenek ikaste lasaia izanen dute bertan. Eskarmentu handiko zaletuei prestakuntza hobetzeko ikastaroak eskaintzen zaizkie, baita ibilaldiak eta norbere kabuz jarduera honetan aritzeko zonaldeak ere.
Pirinioetako ibaietan aritzeko urtarorik egokiena udaberria da. Neguan mendietako gainak estali dituzten elur zabalerak urturik, gainezka jaisten dira errekak udaberrian. Bere erregimena, beraz, elurraren zikloari estuki lotuta dago. Zailtasun aldetik, 3-4 graduko tarteak aurkitzen ahal dira. Pirinioetako erreka nagusiak ondokoak dira: Urrobi, Irati, Areta, Zaraitzu, eta Eska. Tarte desberdinak daudenez, erreka egokienak eta beren ezaugarriak jasotzen ditu ondoko taulak:
| Ibaia |
Ontziratzea |
Lurreratzea |
Kilometroak |
Gradua |
| Urrobi |
Auritzen, N135 errepidetik 2,5 kilometrora. NA-4251 errepidetik saihesbidea hartuko dugu ontziratze lekuraino heldu arte. Ibai ertzean dagoen etxola baten ondoan ikusiko dugu. |
Arrietarako bideko zubipean |
6 km |
III-IV |
| Irati |
Ariben (Aezkoan). Auritz, eta Zaraitzu eta Erronkari ibarrak lotzen dituen NA-140 errepidetik heltzen da |
Oroz Betelun, Itoizko urtegiaren buztana hasten den atzealdean |
9 km |
III-IV |
| Zaraitzu |
NA-138 errepideko zubian, Biotzarako saihesbidean |
Zaraitzu ibaiaren gaineko zubian, Usun aldean. NA-138 errepidean, Domeñutik haratago dago |
8 km |
III (IV. mailako pasabideak ere baditu) (Arreta handiz ibili ibilbidearen bukaerako presan. Sarbide eta ihesbide zailak ditu) |
| Eska |
Burgiko presaren atzean, Erronkarira doan NA-137 errepidean. |
Salbaterrako zubian |
7 km |
III-IV (dikeak ibilbidean) |
Kantauriko isurialdean Bidasoako ur emaria biziki hazten da udaberrian, hala ere, zailtasun txikiagoa du Pirinioetako ibaien aldean.
Erdialdeko eta Erriberako ibaiak zabalagoak direnez, lurralde horietan nabigatzeko batez besteko ur emari egokiagoa aurkitzen ahal dugu urte osoan. Besteak beste, Ega, Arakil (Izurdiagatik aitzina), Arga, Aragoi eta Ebro aipatzen ahal ditugu. Batez besteko zailtasun gradua 1 eta 2 artekoa da.
Ibai tarte bakoitzean teknika eta zailtasun desberdineko iraganbideak aurkitzen ahal ditugunez, aldez aurretik zailtasun mailaren gaineko informazioa jaso behar da, baita ibai bakoitzaren tarte zailenen gainekoa ere Lurralde honetako ur-lasterretan barna piragua irekiz edo kanoaz nabigatzen ahal da.
Informazio erabilgarria