Iraupen eskia
Nafarroa iraupen eskian aritzeko lurralde garrantzitsua da. Kirol zuriaren modalitate lasaienetarikoa izanik, zaletuari aukera ematen dio baldintza seguruetan aritzeko eta inguruan duen paisaia gozatzeko.
Komunitateko gain altuenak ekialdeko Pirinioetan daude, ipar-ekialdean, alegia. Bertako eguraldia dela eta, neguko hilabeteetan erraza da elurra aurkitzea. Natur aberastasun handiko bazter hauetan gizakiaren eskuak ez du arrastorik utzi oraino. Negu gorriko elurrak edertasun paregabeaz estaltzen ditu urtero.
Eskian aritzeko bi lurralde nagusi ditugu. Elkarren antza handia dute biek. Larra-Belaguako eta Abodiko eski estazioak dira. Aparkalekuak, zerbitzuak eta materiala alokatzeko aukera eskaintzen dute biek. Elur prezipitazio egokiak izaten dira, 2000 litro inguru. Horren erdia elurra da, lurralde horretan bi alderdik eragiten dutelako: altuerak eta Kantauri itsasotik hurbil egoteak. Guztiontzako ibilbideak daude, zailtasun maila guztietakoak.
- Larra-Belaguako estazioa (Erronkari)
Iristeko bide desberdinak dituzten lau eremu bereizi daude:
- Mata de Haya : NA1370 errepidean, Izabatik 12 kilometrora, Belaguako Txokoan
Batez beste, 1.000 metrotan dago. 12 kilometrotan eskiatzen ahal da. Bi pistatan banatuta daude. Graduazio erraza dute.
- Eskilzarra : NA1370 errepidean, Izabatik 19 kilometrora, mendi aterpearen ondoan
Batez beste, 1400 metrotan dago. Maila desberdinetako 2 pistek 6 kilometro dituzte guztira.
- El Ferial - Zampori ; NA1370 errepidean, Izabatik 23 kilometrora
Batez beste, 1600 metroko altueran dago. Hiru pistatan banaturik, 20 kilometrotan eskiatzen ahal da. Zailtasun mailari dagokionez, pista errazak dira. Bortuzkoan zehar Eskilzarrara heltzen ahal da.
- La Contienda : NA1370 errepidean, Izabatik 26 kilometrora
Bi pista errazetan banaturik, 5 kilometro ditu, Arlas mendiaren magalean, 1700 metrotan. Hori dela eta, elurrak luze irauten du.
- Abodiko estazioa (Zaraitzu)
Irati oihan ospetsuaren gainean dago. Batez beste, 1400 metrotan dago. 20 kilometrotan eskiatzen ahal da. Mailari dagokionez, erraza da. Ibilbide guztiek abiapuntu berbera dute. Otsagabiatik heltzen da estaziora. 13.5 kilometro iraganik, Larrainera doan NA211 errepidetik joan behar da. Pikatuako antzinako aduanaren ondoan aurkituko dugu errepidea.
Elurra mardul ari duenean, Nafarroak iraupen eskia egiteko beste aukera batzuk eskaintzen ditu. Egokituta ez dauden arren, Aralar eta Urbasa-Andiako mendietan eskiatzen ahal da, bertako naturaren edertasuna lagun.
Informazio erabilgarria