Mapa interaktiboa
Ikusi Nafarroaren kokapen mapa
Pirinioen argazki leuna, gozoa Nafarroako iparraldean dago. Mendikatea gainbehera etortzen da, astiro, ekialdetik mendebaldera. Gailurrak biribildu, mendiko klima atlantikoa bilakatu, arbelezko teilatuek teilazkoei bide eman eta hariztiek zein pagadiek izeidien lekua hartzen dute. Paisaia aldatu egiten da, leun-leun.
Ekialdean, irudi liluragarriak eskaintzen dituzte Pirinioek: Larrako mendigunearen malkar hunkigarriak, Iratiko oihanaren pagadi eta izeidi zabal-zabalak, Arbaiungo arroilaren sakontasuna, saiek goi-goitik ikusten dutena, eta Orreagako kolegiataren multzo historikoa. Irudiak gozotu egiten dira Baztan eta Ultzama ibarretara eta Bidasoa aldera hurbildu ahala. Zaindu-zaindutako baserriek, kondairazko kobazuloek, urtegi ezkutuek, larre berdeek eta hariztiek zein pagadiek zur eta lur utziko dute kamera.
Mendebaldean, Aralar mendiak edo Urbasa-Andiako Natur Parkeak bertigoa sentiarazten duten enkoadraketak eta ekialdeko Pirinioetako gailur urdinxken panoramika zoragarriak eskaintzen dituzte.