Jauzi nabigazioa eta joan edukira
Flash

3 eta 5 eguneko bideak AUTOZ

1.Orreaga/Roncesvalles, 2.Pamplona, 3.Puente la Reina, 4.Estella-Lizarra, 5.Sangüesa.

Ibilbide erraza proposatzen dizugu, Nafarroan iragatean Frantziako Donejakue bideak dituen 2 ibilbideetako lekurik garrantzitsuenak ezagutzeko, baita natura eta gastronomia tartekatzen dituzten hango jarduera erakargarriak ere.

  • 1. eguna. Orreagatik Iruñera (48 km)
    • Orreagako monumentu multzoan bisita
    • Donejakue bideko zati batean barnako ibilaldia: Orreagatik Auritzera (2 km)
    • Pirinioetako bi kale-hiritan barnako ibilaldia: Auritz eta Aurizberri
    • Erroko goialdeko behatokia
    • Iruñeko Alde Zaharrean eta harresietan barnako ibilbidea
    • Iruñeko Andre Maria katedralean bisita
    • Pintxoen ibilbidea
    • Gaueko ikuskizuna (Gayarre antzokian, Baluarten)
  • 2. eguna. Iruñetik Vianara (78 km)
    • Garesen barnako ibilaldia, bidegurutzea baita
    • Bisita gidatua Lizarran
    • Iratxeko monasterioa eta Ardoaren iturria
    • Los Arcosko elizan edo Torres del Ríoko Hilobi Santuaren elizan bisitak
    • Dastaketa edo bazkaria Donejakue bideko upategi batean
    • Viana, hango monumentu multzoan barnako ibilaldia
  • 3. eguna. Zangozatik Garesera (65 km)
    • Eunateko Andre Mariaren eliza
    • Irunberriko arroilaren barruan barnako ibilbidea
    • Bisita gidatua Zangozako monumentu multzoan
    • Xabierko gaztelua
    • Kantu gregorianoa Leireko monasterioan

1. eguna. Orreagatik Iruñera (48 km)

  • Orreagako monumentu multzoan bisita txikia eta misteriotsua da arkitektura multzo handia biltzen duen kokaleku hura. Ondoko atalak hartzen ditu 45 minutuko bisita gidatuak: Karlomagnoren Siloa, multzoko eraikinik zaharrena, eta erromesak ehorzteko erabili zen hobi komuna; Santiago eliza gotikoa; eta Arte Sakroaren Museoa, balio handiko piezak dituena, Karlomagnoren xakea, besteak beste. Kolegiatako eliza, klaustroa eta Antso VII.a Azkarraren hilobia dagoen kapitulu-gela miatzeko aukera izanen duzu zure kabuz. Gotiko frantziarraren adibide ederra da eliza (doako sarrera).
  • Donejakue bideko zati batean barnako ibilaldia: Orreagatik Auritzera (2 km): berdea eta freskotasuna nagusi dituen ibilbide gozoa da, basoen artean egitekoa. Egun batez, erromes sentituko zara han. Joan-etorriaren iraupena, gutxi gorabehera: ordu bat eta erdi.
  • Pirinioetako bi kale-hiritan barnako ibilaldia: Auritz eta Aurizberri: Pirinioetako zorigaitzeko paisaiarik basatiena. Halaxe deskribatu zuen Ernest Hemingwayk ingurune hura, idazleak arrantzan aritzeko askotan hautatua. Aurizberri eta Auritz kale-herri tipikoak dira, eta Pirinioetako estiloa duten hango etxetzar sendoen edertasuna nabarmentzen da.
  • Erroko goialdeko behatokia: paisaia paregabea eta ikuspegi zoragarria. Erroko goialdera igotzean, "Errolanen Urratsak" izeneko harri handia dago, eta, legendaren arabera, pertsonaia epikoaren urratsaren tamaina markatzen du hark.
  • Iruñeko Alde Zaharrean eta harresietan barnako ibilbidea: Erdi Aroko hiriko Alde Zaharrarekin maiteminduko zara. Harresiz inguratuta dago, eta dorreak eta kanpandorreak dituzte zelatari hango kale estuek, plazatxoek eta jauregiek. Hiru burgu izan ziren hiriaren jatorri: Navarrería, San Zernin eta San Nikolas eta hiruetako eliza-gotorlekuak; katedrala, San Saturnino eta San Nikolas elizak. Horien trazadurak miresten lasai ibiltzea oso ariketa gomendagarria izanen da. Informazioa zabaldu nahi izanez gero, XVI. mendeko harresien zati bati jarraitzen ahal diozu. Espainian hobekien gorde diren gerra konplexu interesgarrienetako bat da 5 kilometroko ibilbide hori. Monumentu Nazional izendatu zuten horregatik.
  • Iruñeko Andre Maria katedralean bisita: XIV. eta XV. mendeetako gotikoaren goien-uneko obra da hura, eta Iruñeko Alde Zaharreko muinoaren gainean dago, Pompaelo erromatarra kokatu zen leku berean. Fatxada neoklasikoaren soiltasunak kontraste handia egiten du barnealdeari darion estetika gotikoarekin. Erdiko nabeak 28 metroko altuera du, eta hantxe daude Nafarroako Karlos III.aren eta bere emazte Gaztelako Leonorren hilobi ederrak. Baina katedral horretako egiazko harribitxia klaustroa da, mundu osoko gotikoaren klaustrorik bikainenetakoa, bisitari orok ikusi beharrekoa. Ordubetekoa da, gutxi gorabehera, katedraleko areto eta sala guztietan egiten den bisita gidatua.
  • Pintxoen ibilbidea: ahozuri zorrotzenak pozik geldituko dira Iruñeko tabernek egunero aurkezten dituzten sukaldeko miniaturak dastatu ondoren. Alde Zaharra da jende gehien biltzen duen lekua (Estafeta eta San Nikolas kaleak, batez ere). Hala ere, zabalguneetan eta beste auzo batzuetan ere hautaketa zainduak eskaintzen dituzte. Bisitariaren ibilbidea errazteko, Ostalaritzako Asoziazioaren webguneak informazioa biltzen du tabernen fitxen estekekin lotura duten mapa elkarreragile erosoen bidez. Ezagutu horien ordutegiak eta espezialitateak.
  • Ikuskizuna Iruñeko Gayarre antzoki klasikoan edo Baluarten, Batzar Jauregia eta Auditorio modernoan: Begiratu bat egin han ematen diren mota guztietako kultur programazioei, eta erosi sarrerak aldez aurretik, 6 eurotik gora, Gayarre antzokian, eta 22 eurotik gora, Baluarten.

2. eguna. Iruñetik Vianara (78 km)

  • Garesen barnako ibilaldia, bidegurutzea: Donejakue bideko bi bide nagusiak elkartzen dira Erdi Aroko hiri horretan. Etengabe dabiltza erromesak harat-honat, eta maskorrak eta makilak herriaren paisaian txertatuta daude. “Kale-herri” ederra da Gares. Donejakue bideko beste herri batzuena bezalakoa da Garesen hiri egitura. Izan ere, kale nagusi baten inguruan sortuta, kale paraleloetan garatu ziren herri horiek. Hango monumentu ospetsua da Arga ibaiaren gaineko zubi erromanikoa. Donejakue bideko zubi erromanikorik eder eta dotoreenetako bat da Gareskoa.
  • Bisita gidatua Lizarran: Navark enpresak (948 55 00 70 edo visitasguiadasdeestella@gmail.com) ordu eta erdiz gidatuko zaitu hiri erromaniko horretan antolatzen duen bisitan. Hango jauregiak, jauretxeak, elizak, komentuak, zubiak eta eraikin ederrak erakutsiko dizkizu. Ezagutu frankoen eta juduen kale zaharrak, eta dastatu hango gastronomia gozoa, Aymeric Picaud (XII. mendea) bidaiariaren esaldia gaur egungoa ematen duela ikusiko duzu: “Lizarran ogia ona da, ardoa ezin hobea, ausarki dago haragia eta arraina, bai eta zoriontasun mota oro ere”.
  • Iratxeko monasterioa eta Ardoaren iturria: merezi du pausaldi bat egitea hango atalak bisitatzeko: eliza erromanikoa (XII. m.), estilo herrerianoko dorrea eta XVI. eta XIX. mendeen artean eraiki ziren beste areto batzuk bisitatzeko. Hango monumentu multzoaren historia ezagutzeko aukera izanen duzu, Nafarroako garrantzitsuenetakoa baita. Kultur bisita egin ondoren, egarria baretzeko aukera izanen duzu hango iturri bitxian. Bi turrusta ditu iturriak, bati ura dario, eta besteari, berriz, ardoa.
  • Torres del Ríoko Hilobi Santuaren eliza eta Los Arcosko Andre Maria eliza: dotorea eta harroa da lehena, eta atari barroko monumentala eta dorre platereskoa ditu. XII. mendeko Erdi Aroko artearen adibide bitxia da bigarrena, tenplarioen ordenari lotua. Oinplano oktogonala eta kalifa-ganga ditu.
  • Dastaketa edo bazkaria Donejakue bideko ardoaren ibilbideko upategi batean: Nafarroa sor-markari atxikitako 15 upategik eta Errioxakoari atxikitako batek irekitzen dituzten ateak Frantziako Donejakue bidean, bisitariari hainbat sari egiteko: bisita gidatuak, dastaketak, otamenak eta ardoak eta jakiek bat egiteko bazkariak. Egin zure hautaketa.
  • Viana, hango monumentu multzoan barnako ibilaldia: Viana muino baten gainean dago, eta baretasunez begiratzen dio zeruertzari. Gaztelaren aurreko defentsa gotorlekua izan zen, eta historia iragan mugitu horren oihartzunak entzuten dira oraindik kale guztietan. Egun, zabalik dago harresia, eta, barnean, oinetxe, jauregi eta eliza asko biltzen dira, XVI. eta XVIII. mendeen bitartean izan zuen ospearen erakusgarri. Atari errenazentista izugarria da Andre Maria elizakoa, Zesar Borgiaren hilobia oinetan duena.

3. eguna. Zangozatik Garesera (65 km)

  • Eunateko Andre Mariaren eliza: Donejakue bideko elizarik eder eta iradokitzaileenetako bat da. Monumentu Nazional izendatua, harrigarria da bakarrik egoteagatik eta bere oinplano oktogonala inguratzen duen atari exentua bereziarengatik. Horren jatorri misteriotsua oraindik argitu ez denez eta urduritzeko moduko barnealdea duenez, interesa pizten du tenpluak. Erromesendako ospitalea izan zen, hildakoen kanposantua, ibiltarientzako faro-gidaria, kristauen gurtza tokia eta, azkenik, santutegi telurikoa indar esoterikoen bila ari direnentzat.
  • Irunberriko arroilaren barruan barnako ibilbidea: 2,6 kilometroko ibilaldi erraza da (45 eta 60 minutu artekoa), eta Espainiako lehen trenbide elektrikoaren ibilbidean zeuden antzinako tunelak zeharkatzen ditu. Arroila sakonki ezagutzeko aukera izanen duzu han. Sai arreak malkarren gainetik hegan egiten; harkaitz harroak, hegaztien habi izan ohi direnak; arroketan pasabide estu eta bitxiak zizelkatzen dituen ur fresko eta gardenetako ibaia; eta, kondairak dioenaren arabera, deabruaren laguntzaz eraikitako zubiaren arrastoak; labur esanda: "Q" turismo kalitateko esparru menditsua.
  • Bisita gidatua Zangozako monumentu multzoan: bi enpresak ordu eta erdiko bisita gidatuak eskaintzen dituzte, hiriko ondarea ezagutzeko: Sie7 (Andre Maria Erreginaren elizako barnealdea barne) eta Gesartur. Hala nahi izanez gero, Erdi Aroko karriketan gidatuko zaituzte, eraikin bakoitzean ezkutatuta dauden sekretuak agerian uzteko: elizak, komentuak, jauregiak... Lekuko harribitxia da, zalantzarik gabe, Andre Maria Erreginaren eliza (XII. eta XIV. mendeen artekoa) Monumentu Nazional izendatua. Bere ataria Espainiako erromanikoaren goreneko obratzat hartzen da.
  • Xabierko gaztelua: Gotorleku menderaezin hura San Frantzisko Xabierkoaren sorlekua izan zen. Nafarroako zaindaria da santua, baita misioena eta Espainiako turismoarena ere. Zubi altxagarria zeharkatuta, dorreak, ziegak, matakanak, kanoi-zuloak eta gezileihoak nagusi diren mundu batean sartuko zara, eta San Frantzisko Xabierkoa sortu (1506) eta bizi izan zen lekua ezagutzeko aukera izanen duzu. Zangoak mugitu nahi eta denborarik izanez gero, 1,5 kilometroko zidor bat dago han (30 minutu). Gazteluko ordokitik aterata, fruta-arbolak nagusi dituen paisaia ederra zeharkatzen du bideak, Aragoi ibaiertzean dagoen XV. mendeko errota ojibalaren hondakinetara heldu arteraino.
  • Kantu gregorianoa Leireko monasterioan: Erdi Aroko monasterioetako arkitekturaren erakusgarri bikaina da. Leire mendilerroaren magalean kokatuta, panoramika izugarria du Esa urtegiaren gainean. Monumentu Nazionala da, eta estilo erromanikoko hiru atal interesgarri ditu eraikinak: XI. mendeko kripta bat, zutabe baxuak eta kapitel handiak dituena; San Birila abadearen istorioa gogorarazten digun tunel bat eta Speciosa atea, XII. mendeko konposizio ederra, Erdi Aroko sinbologia eta Donejakue bideko elementu ugari dituena Gainera, 20 minutuko saioa gozatu ahalko duzu egunero kantu gregorianoak entzuten, monje beneditarren musika otoitzak.

Donejakue bidea

Nafarroako Donejakue Bidea ezagutzea

Info praktikoa

Non jan eta lo egin

Bidean zer egin

Sartu hemendik Donejakue Bideko zerbitzu turistikoen eta kultura zein natura ondarearen informazio osoa biltzen duten fitxetara:

Gure proposamena...


» Proposamen guztiak ikusi