Jauzi nabigazioa eta joan edukira
Flash

BIZIKLETAZ Info praktikoa

Etapak eta seinaleztapena

Bizikletazko erromesaldiak bi bide eskaintzen dizkigu: errepidean edo seinaleztatutako bidean barnakoak. Lehenengoa herrien arteko errepideetan barnako ibilbidea da. Autobiei esker ibilgailu gutxiago ibiltzen dira errepide horietan. Hala ere, kontuan hartu behar da hango trafikoa, hirigune handien sarreran, batez ere. Bigarrenean zati gogorrak daude, eta, hango maldak eta orografia direla eta, bizikletatik jaitsi behar da. Etapa bakoitzaren bukaeran, informazio interesgarria aurkituko duzu.

Frantziako bidea Orreagatik
1. Etapa: Donibane Garazitik Orreagara (21 km.)
2. Etapa: Orreagatik Zubirira (22 km.)
3. Etapa: Zubiritik Iruñera (20 km.)
4. Etapa: Iruñatik Garesera (19 km)
5. Etapa: Garesetik Lizarrara (19,7 km.)
6. Etapa: Lizarratik Los Arcosera (20,6 km.)
7. Etapa: Los Arcosetik Vianara (18 km.)

Aragoiko adarreko
1. Etapa: Artiedatik Zangozara (28 km.)
2. Etapa: Zangozatik Elora (24,6 km.)
3. Etapa: Elotik Garesera (30,4 km.)

Dokumentu osoa behera kargatu, Frantziako bideak Nafarroan dituen etapa guztiak dituena. (.pdf 6,29 mb)

Seinaleztapena

Donejakue bidea ondo seinaleztatutako bidea da. Erromesak seinaleak jarraitu eta bere ibilbidean aurkitzen duenaz gozatu besterik ez du egin behar. Seinaleztapena ezberdina da, baina argi adierazten du jarraitu beharreko bidea zein den.

  • Donibane Garazitik Orreagara doan etaparen alde nafarrean: gezi horiak dituzten zurezko zutoinak, bidearen bi aldeetan daudenak.
  • Etapa bakoitzaren hasieran: informazio panelak; horietan ibilbidearen ortofotoa, luzetarako profila eta etapari buruzko informazio espezifikoa biltzen da.
  • Bideak errepideak gurutzatu edo errepideekin bat datozen puntuetan: metalezko seinale bertikal urdina, bidearen anagrama (izar baten antza duen erromes-maskor horia), ibiltari baten silueta eta norabidea adierazten duen gezi zuri bat dituena. Bidegurutzera iritsi baino 50 metro lehenago: arriskua aditzera ematen duten seinale metalikoak.
  • Bidexketan: gehienetan horiz margotutako geziak aurkituko ditugu, baina, Donejakue bidea GR65 ibilbide bat izan zenez, Ibilbide Handiko seinaleak ere aurkituko ditugu, hots, margo zuri eta gorriz egindako bi marratxo.
  • Hiriguneetan: zeramikazko plaka urdin anagramadunak, bidean dauden eraikinetako hormetan jartzen direnak.
  • Puntu zailetan edo bat-bateko norabide aldaketetan: aurreko puntuan aipatutako zeramikazko plakak dituzten mugarriak.
  • Ibilbide osoan zehar: metakrilatozko geziak, jarraitu beharreko norabide zuzena markatzen dutenak.
  • Seinaleztapen ez ofiziala: erromesek, bidea egitean, pilatutako harriak eta jarritako gurutzeak.

Igo

Aterpetxeak eta zerbitzu bereziak

Albergue de peregrinosAlbergue de peregrinos

Nafarroan aterpetxe askok babesa ematen diete erregioan urtero ibiltzen diren erromes ugari horiei: udan are gehiago izaten dira horiek, eta orduan zelai prestatuak ere eskaintzen dira, esaterako, Orreagakoa. Abenduaren 5eko 140/2005 Foru Dekretua (.pdf 154 Kb) araututako aterpe turistikoez gain –Turismo Departamentuak ikuskatzen ditu horiek–, zenbait udalek, parrokiak eta bestelako erakundek erromesak hartzen dituzte ofizialak ez diren aterpetxeetan, eta prezio sinboliko bat jartzen dute emaitza gisa. Azken horiek erabiltzeko, ezinbestekoa da erromesaren kredentziala aurkeztea, eta bidea oinez egiten dutenek lehentasuna dute besteen gainetik. Nafarroako Frantziako bidean dauden aterpetxeen zerrenda (.pdf 106 Kb) behera kargatu; horretan, hainbat kontu kontsultatu ahal izanen dituzu, besteak beste, helbideak, telefonoak, prezioak, zerbitzuak, zer ordutan zabaltzen dituzten...

Era berean, beste alojamendu batzuk daude bidean zehar; esaterako jende anitzentzako logelak kanpinetan, hotel establezimenduak, eta abar. Sartu Donejakueko alojamenduen bilatzailean.

Igo

Bideko garraioak. Nola iritsi Orreagara.

Virgen de Orreaga. Orreaga/RoncesvallesVirgen de Orreaga. Orreaga/Roncesvalles

Donejakue bidea bideko edozein puntutatik abiatzen da, baina erromes gehienek Orreagatik egiten dute. Herri horretara autobusez, taxiz, edo auto alokatu batez egin daiteke.

Artieda autobus konpainiak Iruña-Orreaga bidea egiten du arratsaldero, igandeetan eta jaiegunetan izan ezik. Bizikleta eramateagatik 6€ kobratzen dute.

Información sobre transportes
IBILBIDEA ORDUTEGIA IBILBIDEAREN IRAUPENA ENPRESA PREZIOA
Iruña – Orreaga Astelehenetik ostiralera, 18:00etan / Larunbatetan, 16:00etan Ordu bat eta 10 minutu Artieda: Tel.948 30 02 87 6,00€

Beste aukera bat da taxi bat kontratatzea (batez besteko prezioa: 50€) edo auto bat alokatzea. Behera kargatu Nafarroako Frantziako bidean aurki daitezkeen taxien zerrenda osoa (.pdf 59 Kb) baita auto alokatuena ere. (.pdf 57 Kb)

Erromesentzako taxia

Iruñera iritsi eta Orreagara edo Donibane Garazira joan behar duten erromesentzako zerbitzua da.  Argibide gehiago dituzu Tele Taxi San Fermín webgunean.

Autobusa

Bizikletak garraiatzeari buruzko araudirik ez dagoenez, autobus konpainia bakoitzak bere arauak ditu. Komeni da aldez aurretik horiekin mintzatzea, bizikleta onartuko ote duten jakiteko.

Hegazkina

Bizikleta hegazkinez garraiatzeko, kartoizko kutxa batean edo garraio poltsa batean sartu behar da, ongi paketatuta. Bidaiari baten ekipajea 20 kilotik gorakoa bada, gehigarri bat kobratu ohi da.

Trena

Arau orokor gisa, distantzia erdiko tren guztietan onartzen da bizikletak garraiatzea, baldin eta esparru bat propio edo leku nahikorik badute horretarako. Bizikleta bakarra onartzen da bidaiari bakoitzeko. Hiru bizikleta baino gehiago dituzten taldeek RENFEren baimena izan beharko dute aldez aurretik.

Igo

Kredentziala eta Compostela agiria

Credencial del peregrinoCredencial del peregrino

Kredentziala zer den eta nola lortu

Kredentziala dokumentu ofiziala da, erromesa identifikatzeko eta horren ziurtagiri gisa balio duena. Horretan bere datu pertsonalak ageri dira, Donejakue bideko mapak, eta gelaxka batzuk, horietan igarotako lekuetako zigiluak eta egunak jartzeko. Dokumentu hori ezinbestekoa da aterpetxe publikoetan ostatu hartzeko, baita Compostela txartela lortzeko ere, baina ez dio bestelako eskubiderik ematen duenari.

Kredentzialak, gutxi gorabehera euro bat balio du, eta zenbait tokitan eskura daiteke: aterpetxeak, Orreagako kolegiata, Iruñeko Artzapezpikutza, Donejakue bidearen lagunen elkarteetan, eta Santiago eliza delegatutako kofradia edo aterpeetan.

Compostela agiria

Santiagoko Katedraleko Kabildoaren dokumentu bat da, Santiagorainoko erromesaldia egin dela ziurtatzen duena. Latinez idatzita dago. Hori lortzeko, kredentziala behar bezala zigilatuta aurkeztu behar da, eta gutxienez, 100 kilometro oinez edo zaldiz, edo 200 kilometro bizikletaz egin behar dira.

Berezia unibertsitateko ikasleentzat

Donejakue bidea egiten duten unibertsitate bateko ikasleek –edozein tokitakoak– egindako erromesaldiaren ziurtagiria lor dezakete kredentzialak bideko unibertsitate europarretan zigilatuta. Donejakue bideko unibertsitate-ziurtagiriak bi dokumentu ditu:

  • Donejakue bideko unibertsitate-kredentziala: bai ikasleak, bai unibertsitateak, Internet bidez lor dezakete. Ziurtagiria izateak Donejakue bideko aterpetxeak erabiltzeko eskubidea emanen du.
  • "Compostela Universitaria": Donejakue bideko kredentzialarekin batera –behar bezala zigilatuta izanez gero– lortuko den ziurtagiria, Internet bidez eskatuta.

Igo

Erromesaren menua

Erromesaren menuak, normalean, bi plater, ogia eta postrea hartzen ditu barne, eta merkeagoa izaten da; batzuetan, ordutegi zehatz batean besterik ez da eskaintzen. Jatetxeak ez daude holako menu bat eskaintzera behartuta. Menu hori eskatzeko ezinbestekoa da kredentzialaren bitartez erromesaldia egiten ari dela ziurtatzea (oinez, bizikletaz, zaldiz).

Behera kargatu Nafarroako Frantziako bideko erromesaren menua eskaintzen duten jatetxei (.pdf 93 kb) buruzko dokumentu osoa.

Igo

Osasun etxeak eta erromesentzako medikuntza

Nafarroak osasun eta arreta medikoaren zerbitzuen sare zabala du bidean zehar. Behera kargatu Nafarroako Frantziako bideko Osasun Zentroen eta Kontsulta Medikoen zerrenda.

“Erromesentzako aholku mediko” batzuk: prebenitu eta sendatu.

  1. Prebentzioa
    • Babak: erabili oinetako eta galtzerdi egokiak. Hidratazio handia. Galtzerdiak jantzi aurretik baselina mentaduna igurtzea ona da horiek ager ez daitezen.
    • Urratuak: babesteko krema batek, zink oxidoz egindakoak, horiek agertzea galarazten du. Baita oinetakoaren alde gogorra olioz igurztea ere.
    • Tendinitisa edo uzkurdurak: norberaren sasoiaren arabera planifikatu behar dira etapak. Giharrak berotu behar dira hasi baino lehen, eta ongi luzatu jardunaldiaren ondoren.
    • Intsektuen ziztadak: ez erabili xanpurik, xaboirik, krema perfumaturik eta arropa ilunik, intsektuak erakartzen dituztelako. Uxagarriak erabili.
    • Beherakoa: ez jan elikagai gordinik, azaldu eta garbitu gabeko frutarik, krema oinarria duten gozotegiko produktuak, eta, batez ere, edateko modukoa ez den urik.
    • Arropak eragindako urratuak: baselinak horiek saihesten ditu, lubrikatzaile lana egiten baitu.
  2. Sendabidea
    • Nola sendatu baba bat: orratz eta haria erabili babaren azala zulatzeko. Haria mugitu drainatzeko. Atera erabat hustu eta gero. Vetadine jarri azkarrago lehor dadin. Erresumina arintzeko, hustu eta gero, jarri gainean gelatinazko aposito bat. Ibiltzen jarraitu ahal izateko, jarri kotoizko konpresa bat galtzerdiaren eta oinaren artean.
    • Oinetakoek eragindako urratuak arintzeko produktuak: Natusan, urratuetarako apositoak, kremak edo bigarren azala motako partxeak.
    • Tendinitisa edo uzkurdura arinak: hartu analgesiko bat eta aplikatu hanturen aurkako pomada bat zenbait aldiz egunean. Kasu larrietan, atsedena hartu zenbait egunez eta hartu hanturen aurkako botikak.
    • Intsektuen ziztadak: botikan azkura arintzeko produktuak saltzen dituzte; horrela saihesten da hatz eginez egin daitezkeen zauriak. Badira etxeko truko lagungarriak ere: ziztadura limoi edo tipula puska batez igurtzi, edo baratxuri ale erdi batez. Ura gehitua duen amoniakoz bustitako kotoitxo batez igurtziz gero, azkar apaltzen da azkura eta erremina.
    • Zimitzen ziztadak: hozkak garbitu urez eta xaboiz. Azkura handia bada, erabili amoniakoa duen lozio lasaigarri bat; botiketan saltzen dute. Azkura larria izanez gero, edo azalean infekzioak agertuz gero, garrantzitsua da osasun etxe batera joatea, behar bezalako tratamendua jasotzeko. Behera kargatu eskuorri monografikoa (.pdf 55 kb).
    • Beherakoa: ez jan ezer. Asko edan; komenigarria da gatzez osatutako ura prestatzea.
    • Arropak eragindako urratuak: konpresa bat busti bi hatz olioz eta ur turrusta batez, eta jarri urratuaren gainean. Utzi gau osoa.

Esteka interesgarria: Donejakue bideko Federazioaren webgunea

Igo

Ekipajea garraiatzea eta tailerren zerrenda

Erromesaren bidea arintzeko, Jacotrans enpresa ekipajea garraiatzeaz arduratzen da Donejakue bide osoan zehar; 7 €-ko prezioa dute pertsona eta egun bakoitzeko (kontsultatu tarifa bereziak unibertsitateko ikasleentzat eta taldeentzat). Zerbitzu horrek ez dakar berekin aterpetxeetan plaza, ohe edo logela erreserbatuta izatea.

Gainera, enpresak beste zerbitzu osagarri batzuk eskaintzen ditu:

  • Posta bidalketak helburura (soberako ekipajeak, oroigarriak...)
  • Objektuen kontsigna erromesa itzuli arte
  • Bizkar-zorroak alokatzea (3 € egun bakoitzeko)
  • Materiala saltzea: arropa, bastoiak, kantinplorak, kapak, bizikletako piezak...
  • Bizikletarientzat: bizikleta muntatu eta ematen da bidea abiatzeko tokian: horrela, erromesak ez du trenean, autobusean edo halakoren batean eraman behar... Gainera, aholkularitza teknikoa: matxura izanez gero, aholkuak ematen dituzte hori konpontzeko, edo hurbilen dagoen tailerrera eramateko.

Enpresarekin harremanetan jartzeko, bidali mezu elektroniko bat (jacotrans@jacotrans.com), edo deitu honako telefono hauetara:

  • Jacotrans Nafarroa. Tél.: +34 610 98 32 05
  • Jacotrans Errioxa. Tél.: +34 636 09 92 99
  • Jacotrans Burgos. Tél.: +34 650 45 15 40
  • Jacotrans León. Tél.: +34 606 04 98 58

Bizikletaz konpotzeko tailerrak

Ibilbidean hasi baino lehen, bizikleta nola dagoen begiratu behar da, behar bezala funtzionatzen duen ziurtatzeko. Bideak landa esparruak, mendiak eta zelaiak zeharkatzen dituenez, erraza da matxurak izatea eta gurpilak zulatzea, eta zaila da ezbehar horiek konpontzeko tailerrak bertan aurkitzea. Horregatik, bizikletak konpontzen dituzten Nafarroako tailerren zerrenda (.pdf 55 kb) jarri dizugu, baita osagarriak saltzen dituen establezimenduena ere.

Igo

Webguneak, bibliografia, Donejakue bidearen elkarteak eta turismo bulegoak

Gomendatutako webguneak

Donejakue bideari buruzko informazio orokorra:

Espezifikoak erromesentzat:

Frantziako bidea, adarrak eta beste bide batzuk:

Bidea bizikletaz:

Bibliografia

Asko eta asko dira idatzi diren liburu eta gidaliburu monografikoak: batzuek erromesaldian laguntzen dute, beste batzuk arte adierazpenak dituzte ardatz, beste batzuek kondairak, gastronomia, eta abar. Bidea etengabe aldatzen baita, hobekuntzak egiten direlako, zerbitzuak handitzen, eta abar, komenigarria da beti argitalpen berrienak kontsultatzea. Ibiltzeko orduan, primeran etorriko zaizu gidaliburu arin bat eramatea, edo informazio mapa bat.

Gidaliburu praktikoak

  • Guía práctica del Peregrino.
    Argitaletxea: Everest. (2010)
    Egilea: José María Anguita.
  • El Camino de Santiago a Pie.
    El País-Aguilar argitaletxea. Paco Nadal.
    2010ean eguneratua eta gainbegiratuta.
    Datu, anekdota eta istorio bitxi asko eta asko. Eguneratua; bizikletarako ere balio du.
  • Guía del Camino de Santiago a pie.
    Ediciones Tutor, S.A.-Madril. 6. argitaraldia.
    Egilea: José Manuel Somavilla.
  • El Camino de Santiago.
    Guía Ecos. (2010).
    Donejakue bidearen gidaliburu eguneratua.
  • El Camino de Santiago para peregrinos.
    Anaya argitaletxea.
    2010eko argitaraldi eguneratua.
    Egilea: Antón Pombo.
  • El Camino de Santiago en tu mochila.
    Anaya argitaletxea.
    2010eko argitaraldi eguneratua.
    Erabilgarria oinez eta bizikletaz joateko. Gidaliburu honek atera daitezkeen fitxak diren mapak diru, ezin hobeak ibilbidean zehar mapak ikusteko moduan izateko.
  • Guía azul Trotamundos.
    Anaya argitaletxea.
    Erromesaldia egiteko behar den guztiari buruzko informazio praktikoa du.
  • Guía Michelín del Camino de Santiago.
    Michelín argitaletxea. 2010.
    Mapak eta etapen profilak ditu.

Ibilbidea bizikletaz egiteko berezko gida:

  • El Camino de Santiago en bici.
    Sua edizioak.
    2010eko argitaraldi eguneratua. ISBN: 978-84-8216-390-
    Egilea: Eloy Angulo

Liburu orokorrak

  • Camino de Santiago.
    GR.U.P.O. argitaletxea
    Egilea: Luis Agromayor.
  • Los Caminos a Compostela. El arte de la peregrinación.
    Egilea: Ramón Izquierdo (2004).
  • El Peregrino de Compostela. Diario de un mago.
    Planeta argitaletxea. 1989.
    Egilea: Paulo Coelho.

Liburu bereziak

  • Codex Calixtinus. Guía del Peregrino Medieval.
    Itzulpena: Millán Bravo Lozano.
    Centro de Estudios del Camino de Santiago, 1989.

Liburu hori Donejakueren Liburua izenaz ere ezagutzen da, eta erromesaldiari publizitate gehien eman diotenetako batek idatzi zuen: Aymeric Picaud. Originala Santiagoko katedralean dago. Izena Kalisto II.a aita santuari zor zaio, zati askotan egile bezala ageri baita. XII. mendeko obra konplexua da, 5 zatitan edo liburutan banatuta dagoena:

  • I. liburua: Santiagori buruzko sermoien eta testu liturgikoen multzoa
  • II. liburua: 22 mirarien bilduma
  • III. liburua: santuaren gorpua lekualdatzea
  • IV. liburua edo Pseudo Turpín: Karlomagnoren eta Errolanen historia, Reimsko apezpikuarena (Turpín), ustez.
  • V. liburua edo Aymeric Picauden gidaliburua: Donejakue bideri buruz zehatz-mehatz idatzitako lehenbiziko gidaliburua: distantziak, ura, janaria, santutegiak...

Donejakue bidearen elkarteak

Donejakue bidearen elkarteak irabazi asmorik gabeko erakundeak dira; Compostelara egiten den erromesaldia eta haraino doazen bide guztiak berreskuratzeko ekimen pribatuen merezimendu handiko ahalegina ordezkatzen dute. Elkarte horiek bai Espainian, bai atzerrian daude, Donejakue bideari buruzko fenomenoa unibertsala baita. Behera kargatu Donejakue bidearen elkarte nagusien zerrenda (.pdf 51 kb).

Turismo bulegoak

Donejakue bidean zehar turismo bulego asko daude, eta horietan bideari buruzko datu praktikoak eta turistikoak ematen dira: zer ikusi, non jan, zer egin etapa bukatu eta gero, eta abar. Behera kargatu Frantziako Donejakue bidearen turismo bulego nagusien zerrenda (.pdf 50 kb).

Nafarroan, gainera, erromesari laguntzeko bulego bat dago Orreagan; honako hau da horren ordutegia: astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 19:30era. Larunbat, igande etajaiegunetan 10:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 18:30era. Ohiko ordutegitik kanpo, Kolegiatan hartuko zaituzte (948 76 00 00).

Igo

Aholku praktikoak bidea egiteko

Ezustekoak saihesteko asmoz, Donejakue bidea egin aurretik prestatzea komeni da. Jarraian, erromesaldia hasi aurretik kontuan izan beharreko oinarrizko aholkuak emango dizkizugu.

Prestakuntza fisikoa

Jende guztiak egiten ahal du bizikletazko erromesaldia, baina aldez aurretik prestatu behar da, egunero kilometro kopuru dezente egin behar delako. Entrenamendu ona da pedalei eragitea bidean aurkituko ditugun antzeko baldintzetan. Proba egokia izanen dira goi-mendiko eremuetan barnako txangoak, erromesaldian eramanen den arropa berbera jantzita eta motxila zamatuta. Gorputzak nola erantzuten dizun eta janzkera eta eraman beharreko pisua egokiak diren aztertzeko aukera izanen duzu horrela. Bidean hasita, garrantzitsua da esfortzua dosifikatzea eta akidura saihestea. Nork bere muga aurkitu behar du, eta erritmoa bere prestaketara egokitu.

Plangintza

Etapen araberako plana prestatzea komeni da, hasierako egunetan apalago ibili eta pixkanaka erritmoa areagotu behar dela kontuan hartuta. Hasierako egunetan agertzen dira gaitzak, eta nork bere nahiari eta egoera fisikoari egokituko dizkio kilometroak. Ohikoena da 70 eta 100 kilometro bitarteko ibilaldiak egitea egunero. Inguruko pertsonei planak eta egunak jakinaraztea gomendagarria da, larrialdiren bat izanez gero aurkitzeko moduan egon zaitezen.

Non hasi

Ohiko zalantza da erabakitzea Frantziako bidea non hasi. Gogorarazi behar da Donibane Garazitik Orreagara doan etapa denetan gogorrena dela, ez hainbeste distantziarengatik, baizik eta duen desnibel handiarengatik, mila metrotik gorakoa baita. Horrela, bada, ongi prestatuta egonez gero merezi du Pirinioak igaro eta bidea hastea mugaz bestaldeko euskal herri frantziar horretan. Gainerakoentzat, gomendagarria da bidea modu suabeagoan hastea, Orreagatik abiatuta.

Noiz egin

Udak eguraldi ona bermatzen du, baina urteko garairik jendetsuena ere bada, eta ostatua aurkitzeko arazoak egon daitezke. Neguan, urritik martxora, euria eta elurra aurkitzeko arriskua handia da. Iraila eta maiatza dira bidea egiteko hilabeterik egokienak, klima atsegina eta erromes kopuru txikiagoa direla-eta. Klima hotzago batetik etorriz gero, gogoratu pixkana-pixkana egokitu behar duzula eguzkitan egotera.

Elikadura eta hidratazioa

Gomendatzen da karbono hidrato asko dituzten elikagaiak: ogia, zerealak, mermeladak, hestekiak, pasta, arroza, patatak, galletak, barratxo energetikoak, frutak eta fruitu lehorrak. Hobe da jardunaldian gehiagotan jatea, eta gero eta kantitate txikiagoa jatea. Ederki gosaldu behar da. Era berean, energia ematen duten elikagaiak jan behar dira ibilbidean: fruta, txokolatea, fruitu lehorrak, etab. Etapa bukatuta, otordu ugaria egin behar da.

Gainera, deshidratazioa saihesteko, likido asko hartzea ere ezinbestekoa da, eta, ahal bada, ez dadila oso hotza izan. Ez da itxaron behar egarri izan arte, gorputza deshidratatzen hasi eta gero agertzen baita sintoma hori. Bero handia egiten badu, urari gatz botatzea gomendatzen da, baita bikarbonato pixka bat ere (koilaratxo erdia). Kontuz bideko iturri, ibai eta errekekin. Edan aurretik, ur hori edateko modukoa dela ziurtatu behar da.

Arropa eta oinetakoak

Arropak arina izan behar du, transpiragarria, estua, isolatzailea eta aise garbitzeko eta lehortzeko modukoa. Ezinbesteko arropa besterik ez eraman (hiru kamiseta, bi galtza eta barruko arroparen eta galtzerdien hiru sorta). Ez ahaztu kulotea, kaskoa, eskularruak, haize eta eguzkirako betaurrekoak, haize-urratzeko arina, eguzkitik babesteko krema eta zira edo kapa bat.

Oinetakoek arinak eta erosoak izan beharko dute, bereziak bizikletaz ibiltzeko. Eguneko bidea bukatu ondoren, jarri txankletak edo kirol oinetako erosoak. Oinetakoak etapan zehar busti badira, erraz lehor daitezke egunkari baten orriak sartuz. Hiru aldiz egiten bada hori, paperak hezetasuna xurgatu eta oinetakoak prest egonen dira hurrengo egunerako.

Motxila

Bizkar-zorroa erromesaren pisuari eta tamainari egokitu behar zaie, arina eta anatomikoa izan behar du, eta gerrian eta bularrean euskarriak izan behar ditu. Behin beteta, ez du gainditu behar erromesaren pisuaren %10, eta, gehienez, 9 kiloko pisua izan behar du. Arropa ordenatua mantendu, usain txarrak ekidin eta, euria eginez gero, ez bustitzeko ideia on bat da barnealdea zabor-poltsa batekin forratu eta arropa plastikozko poltsa txikietan gordetzea. Objektu pisutsuenak eta handienak modu bertikalean jarri behar dira, eta bizkarretik hurbil. Soberako pisua izanez gero, bizkarreko eta oinetako mina sor daiteke. Maiz erabiltzen diren gauzak, esaterako, gidaliburuak eta argazki makinak, eskura jarri behar dira erabiltzen diren bakoitzean bizkar-zorroa kendu behar ez izateko.

Botika-kutxa

Gaitz arrunten aurkako sendagaiak (hotzeria, buruko edo sabeleko mina, ziztadak, babak...), guraizeak, orratza eta haria babak sendatzeko, eguzkitarako krema (babes maila handikoa), giharretako mina arintzeko krema, ibuprofenoa, tiritak eta oinak erlaxatzeko krema.

Zaindu bidea

Denon ardura da bidea garbi mantentzea horretan zehar edo bideko herrietan dauden zaborrontziak eta zerbitzu higienikoak erabiliz. Ez utzi sekula oinetakorik edo jantzirik bidean.

Beste gauza erabilgarri batzuk

Honako hauek iradokitzen dizkizugu: arropa garbitzeko xaboi-pastilla, poto-irekigailua, koilara eta aiztoa, esku-argia, arropa zintzilikatzeko kateorratz edo matxardak, belarrietarako tapoiak, komuneko papera, eskuoihala eta motxilarekin urradurak ekiditeko sorbaldakoak. Ez duzu kazola eta zartaginak beharko, baina ez ahaztu lozakua eta zerria, aterpetxe batzuek lurrean lo egiteko lekua eskaintzen baitute. Ibilaldia bizikletaz egin behar dutenek giltzarrapoa, ur bidoia, kaskoa eta arropa estua beharko dituzte, eta…ongi ibili, erromes hori

Igo

Donejakue bidea

Nafarroako Donejakue Bidea ezagutzea

Info praktikoa

Non jan eta lo egin

Bidean zer egin

Sartu hemendik Donejakue Bideko zerbitzu turistikoen eta kultura zein natura ondarearen informazio osoa biltzen duten fitxetara:

Gure proposamena...


» Proposamen guztiak ikusi