Propuestas turísticas


07 eka. 18

Nafarroako Turismoak familientzako udako programazioa aurkeztu du, naturarekin zuzenean harremanetan jartzeko jarduerak eskainiz

Familientzako turismoa uda honetarako aisia-proposamen askoren jomugan egongo da Foru Erkidegoan. Eskaintza zabala familia osoarentzat, bidezidor-ibilaldi, kultura-bisitaldi, abentura-parke edo baserri-eskolak barne.



Natura, paisaiak eta kultura-bisitaldiak Nafarroako aisia- eta turismo-eskaintzaren jomuga nagusiak izango dira datorren udan. Eskaintza zabala izango da, eta nagusiki familientzako jarduerak antolatuko dira, familia osoak Foru Erkidegoko ezkutuko sekretuak ezagutzeko aukera izan dezan.

2018-2025 aldirako Nafarroako Turismo Plan Estrategikoak familia-turismoa kokatu zuen Foru Erkidegoko segmentu espezifikorik garrantzitsuenetako baten barruan, hain zuzen ere landa-turismoaren eta naturaren sektorearen barruan.

Ildo horretan, udako hilabeteetan Nafarroak askotariko planak eskainiko ditu familia-turismoaren alorrean, hala nola Bertizko Natur Parke eta Interpretazio Zentrorako bisita, non familia osoak toki eder horretaz gozatzeko aukera izango duen zailtasun-mailaren arabera seinaleztatutako ibilbideetan barrena. Beste aukera interesgarri bat Xorroxin urjauzira hurbiltzea izan daiteke, Erratzun, pago eta gaztainondoen artean ibilaldi freskagarria eginez. Bi mendi-ibili horiek ibilbide gidatuen programan daude jasota, azarora arte antolatzen direnak beste jarduera osagarri batzuekin batera, tailerrak eta dastaketak adibidez.

Familiek Erlan Irati paradisuak ikusteko aukera ere izango dute, Irabiako urtegiaren ertzetik ibiliz egurgileen bidezidor zaharretan barrena. Handik oso gertu familia-bidezidor bat hartu daiteke Irati ibaiaren ertza eta San Román ermita ezagutzeko; edo Orgi Basoan ibili bertako bidezidor lau eta irisgarrietan barrena. Familia osoarentzat ezinbestekoa da, halaber, Zugarramurdiko Leizearen naturgunea eta sorginen herria bisitatzea, baita orain 14.000 urte baino lehenago Urdazubin sortu zen Ikaburuko leizeari bisitaldi bat egitea ere. Mendukiloko Leizean, Astitzen, ibilbide turistiko bat egin daiteke pasabide flotatzaile baten bitartez, Aralar mendilerroaren bihotzeraino.  Eta Erriberan, handi eta txikiek El Bocal-erako bidea har dezakete, eta Karlos heskai-labirintoaren irteera bilatzen ahalegindu, paseatzeko eta natuaz gozatzeko naturgune ezin hobean.

Animalien mundua maite dutenek ere zenbait aisia-aukera dituzte eskura, esate baterako, Tudején harrapari-zentroa eta baserri-eskola bisitatzea, Fiteron; Basabere baserria, Lezaunen, Lizasoko eskola-baserria eta Lacturale-ko instalazioak ikustea; Bikain gaztandegian gazta nola egiten den ikastea; edo Takonerako minizooa bisitatzea, Iruñean.

Nafarroak eskaintza zabala du, halaber, familientzako abentura-parkeen alorrean: Sendaviva, Arguedasen, atrakzio, animalia eta ikuskizunak barne; Baztan Abentura Park, tirolinekin, ferrata bidearekin, aquapark arroilarekin eta bidezidorrekin;Irrisarri Land, Igantzin, handi eta txikientzako jarduera erakargarriak eskaintzen dituena; Artamendia Abentura Parkea, Aibarren, non zuhaitzetako adarretatik ibiltzeko aukera dagoen zubi eseki, zabu eta tirolinetan; eta Urbasa Larraona Abentura Parkea, zailtasun desberdineko zenbait aire-ibilbidek osatua.

Nafarroako familia-turismoko planak uda osoan zehar programatuko dira. Oliteko Errege Jauregirako bisitaldi antzeztuak ere eskainiko dira haurrentzat, edota Iruñeko Katedralerako bisitak. Nafarroako hiriburutik atera gabe, handi eta txikiek entzierroko kaleetan barrena doan ibilbidea egin ahal izango dute, eta Udaletxearen aurrean gelditu. Azkenik, trenen zaleek hitzordua dute Trenbidearen museoan, Castejónen, non museoaz gain plastilina- eta zeramika-tailerrak, bisitaldi antzeztuak, ipuin-kontalariak eta minitren-ibilaldiak antolatzen diren.

www.turismo.navarra.es/eus/home webguneak une oro eguneratzen ditu Nafarroan familian egiteko aisialdirako plan eta proposamenak.