Propuestas turísticas


15 abe. 17

Ekitaldi xarmagarriak, Nafarroan Gabonez gozatzeko

Olentzero, Zangozako Errege Magoen Autoa eta Iruñeko inauteri-giroko Urtezahar gaua, jai atsegin hauetako ekitaldi nagusiak




Argiek, zuhaitz apainduek eta Gabon-kantek Eguberrien helduera iragartzen dute. Egunok berezi-bereziak dira Nafarroan, herriko tradizioak eta kultura-apustu berriez gozatzeko eta ezagutzeko abagune aparta baitira, Foru Erkidegoa pozez eta ilusioz betetzekoa.

Ekitaldi xarmagarriena, txikienentzat bereziki, abenduaren 24koa izan ohi da, Olentzeroren etorrera. Pertsonaia mitologiko hori, Nafarroako Lesaka herrikoa jatorriz, ikazkin tripontzi, zarpail, jatun eta edarizalea da, eta menditik jaitsi ohi da Jesus jaio dela adierazteko eta etxeko txikienen artean opariak banatzeko.
 
Gabon-gaueko afari tradizionalaren aurretik, Nafarroa osoko herri gehienetako bizilagunak kalera ateratzen dira Olentzerori harrera egitera, haren kanta tradizionala abestuz: Horra! Horra! Gure Olentzero! Bereziki jendetsua eta ikusgarria izan ohi da Olentzero Iruñera iristen deneko unea; haren segizio zabalak oroimenerako postalak uzten ditu, inondik ere.

Olentzero pertsona batek irudikatzen du normalean, baina panpina bat ere izan daiteke. Aurpegia belztua izan ohi du, beti pipa eta txapela eraman ohi ditu, eta plataforma txiki batean eserita eramaten dute harekin batera doazenek, bizkarrean hartuta. Segizioa, normalean euskal baserritarren jantziak soinean dituela, kaleetan zehar ibiltzen da, txistu eta fanfarreen soinuan Gabon-kantak abesten dituen bitartean.
Eta, urtarrilaren 5ean, Ekialdeko Errege Magoen txanda izaten da: Nafarroako herri batetik bestera joaten dira Erregeen Desfilean, ondoren Foru Erkidegoko haur guztien artean opariak banatzeko.

Gabon-giroko tradizioa

Gabonetan, halaber, ohikoak izaten dira jaiotza bizidunak. Cortesen, abenduaren 17an, jaiotza handi batek bizia hartzen du kontu handiz zaindutako pertsonaia guztiekin, bisitariek 2.000 urte atzera egin dezaten eta Judeako Betleemen bertan baleude bezala senti daitezen. Cortestarrak eguneroko eszenak antzezten aritzen dira buru-belarri, inguru paregabe batean: Cortesko Gazteluko lorategietan.

Horrez gain, Nafarroako ekitaldi nabarmenenetako bat Zangozako Errege Magoen Autoa da, Nafarroako interes turistikoko jai izendatua. 1967az geroztik urtero-urtero antzezten da, urtarrilaren 6an. Espainian existitzen diren bost autoetako bat da, eta herritar ugarik parte hartu ohi du. Hain zuzen, aire zabalean antzezturiko lan bat da, José Legardak 1900. urtean Zangozako auroroentzat bertsotan idatzi zuena, eta kontatzen du Ekialdeko hiru Errege Magoek nola bidaiatu zuten Betleemeraino izarrak gidatuta.

Urteari agur esateko hainbat modu

Azkenaldian, urteari agur esateko beste modu bitxi batzuk agertuz joan dira Nafarroan; esate baterako, San Silvestre herri-lasterketak, non kirolari eta lasterkariek korrika esaten baitiote agur urteari. Iparraldetik hegoaldera, Nafarroan hainbat proba jokatzen dira herri ugaritan, hala nola Iruñean, Altsasun, Lerinen, Tuteran…

Berezia da, halaber, Iruñeko Urtezahar gaua: duela hainbat urtetatik, iruindarrek mozorro dibertigarri eta bitxiekin egiten diote harrera urte berriari, Nafarroako hiriburuko kaleak kolorez eta pozez josiz.

Familian egiteko planak eta musika-kontzertuak

Gabonak garai aproposa dira eskaintza kulturalaz familian gozatzeko. Baluarten, kasurako, Baluarteko jaiotzen erakusketa tradizionala ikusgai egongo da urtarrilaren 7ra bitartean; hainbat tamainatako 30 jaiotza ikus daitezke, denak ere teknika eta material desberdinekin eginak, Gabonetako hainbat eszena irudikatzen dituztenak. Gainera, Nafarroako Burnibide Lagunen Elkartearen ‘Igo zaitez trenera!’ erakusketa tradizionala ere ikusi ahal izango da, baita ‘La Patrulla Canina en vivo’ eta Gorgorito emanaldiak ere. Beste hainbeste ekitaldi ere izango dira: ‘Film Symphony Orchestra Tour 2017’, Jazzy Leap eta JL Band-en ‘Christmas Swing’, ‘Cascanueces’, Benito Lertxundi, Juan Perro eta Rosalía&Raül Refree + Jeremy Jay musikarien kontzertuak. Ez da ahaztekoa Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren Urte Berriko Kontzertua ere.

Bestalde, Gayarre Antzokiak, Gabonetako egitaraua osatzeko, haurrengan jarri du arreta hainbat ekitaldi proposatuta, hala nola ‘Merlín, la leyenda’, ‘La aventuras de T. Sawyer’, ‘Pep Bou experiències’ eta ‘Tuberías’, baita euskarazko beste hainbeste ere: ‘Drag-e uraren bila’, ‘Pinitxo, hariekin lotu gabe’ eta ‘Astonauta’, Ene Kantak-ena.