Propuestas turísticas


28 aza. 17

Zapore paregabeez, udazkeneko paisaiez eta kulturaz beteko da Nafarroa abenduko zubian

Hurrengo egunetan Foru Komunitatera bisitan etortzeak kultura-eskaintza zabalaz, hainbat bisita gidatuz eta gastronomia onenaz gozatzea ahalbidetuko dio bisitariari, bertako natura-ingurune zoragarria ezagutzeko aukera emateaz gain.




Aukera bikaina da abenduko hurrengo zubia Nafarroara txango laster bat egiteko eta egunerokoaz deskonektatzeko, lurraldeko natura-paraje ikusgarrienetakoren batera bisita eginez. Hori guztia gastronomia onenarekin eta hainbat ekitaldiz betetako kultura-programa batekin batera. Zalantzarik gabe, gastronomia, natura, kultura eta jaiak biltzen dituen eskaintza oso bat, elementu horiek guztiak Foru Komunitatea ezagutzeko gonbitean bilduta, horren adierazgarri Nafarroako marka turistikoaren sustapen-kanpaina berriaren hashtaga dugularik: #Navarracuandoquedamos.

Bisitari ikusnahienentzako aukera ona izango da abenduaren 6an, 8an eta 10ean Metautengo trufa-jardunaldietara hurbiltzea eta bertan trufa beltz misteriotsuaren sekretuak ezagutzea. Bertan dago, hain zuzen ere, trufari, “diamante beltza” izenarekin ere ezagutzen den onddoari, alegia, eskainitako lehen museo nazionala. Aukera paregabea dira jardunaldi horiek produktu trufatuak dastatzeko, trufa-txakurrekin jardueretan parte hartzeko eta inguru horretan modu naturalean hazten den lurpeko onddo hori nola jasotzen den jakiteko.

Handik ez oso urruti, ‘Azeri emearen eguna’ ospatzen dute Mendigorrian abenduaren 7an, tradizio bitxi bat berrituz; gaztaina erreak eta txistorra jateko eta edateko biltzen dira herritarrak, ohitura zahar bat gogoratzeko, gizonek, herrian barrena aske zebilen azeri eme bat harrapatzeko aitzakiaz, ziria sartzen baitzieten emakumeei upategietako ardoak probatzeko.

Hegoalderago, Tuteran, mahaian dagokien lekua aldarrikatzen dute neguko barazkiek. Horretarako, hainbat ekitaldi programatzen ditu Erriberako hiriburuak Inverdura ekimenaren barruan abenduaren 8tik 10era bitarte. Hiriko jatetxe askok brokolia, azalorea, kardua edo borraja biltzen dituzten menuak eskaintzen dituzte, inguru honetan guztiz tipikoak diren barazkiak, hain zuzen ere. Gainera, sukaldaritza-tailerrak, jokoak eta Katedralerako bisita gidatuak egiten dira, hala nola abenduaren 9an 10:00etan egingo dena, 4 euroko prezioaz.

Bisitak monumentuetara eta naturguneetara

Abenduko zubiak balio handiko txokoak eta monumentu historikoak doan edo prezio murriztuan bisitatzeko aukera eskaintzen dio bisitariari Nafarroan.

Abenduaren 6tik 10era, 12:00etan, bisita gidatu bidez ezagutu ahalko da Uxueko Erdi Aroko hiribildua, 5 euroko prezioan (erreserba on line egin ahalko da, edo bisita hasi baino ordu-erdi lehenago, lekurik bada).

Eugiko Arma Fabrikarakobisita gidatuak ere antolatu dira, abenduaren 6an, 8an, eta 10ean. Arga ibaiaren gaineko arkuak XVIII. mendeko Errege Arma Fabrika zaharraren hobekien kontserbatutako aurriak dira.

Era berean, abenduaren 6an doan zabalduko ditu bere ateak Bertizko Lorategi Botanikoak, edertasun handiko eta naturak gainezka egiten duen txokoak, Bidasoa ibaiaren ertzean.

Kultura-agenda: antzerkia, dantza eta musika

Abenduko zubian Nafarroara hurbiltzen diren pertsonek kultura-eskaintza askotarikoaz gozatzeko aukera ere izango dute. Jaiotzen Gabonetako erakusketa hartuko du Baluartek, Iruñeko Jaiotzazaleen Elkarteak antolatutakoa, abenduaren 5etik aurrera, baita ‘Igo trenera!!’ erakusketa ere, ANAF Trenaren Lagunen Nafarroako Elkarteak sustatutakoa, abenduaren 8tik 10era bitarte. Abenduaren 9an, Finzi Pasca konpainiaren ‘La Verità’ dantza-ikuskizuna hartuko du auditoriumaren areto nagusiak.

Nafarroako hiriburuan bertan, dantzari egingo dio leku bat Gayarre Antzokiak abenduaren 8an ‘El sombrero de tres picos’ antzezlanerako, Antonio Márquez Konpainiaren eskutik. Hilaren 10ean, ‘Todo el tiempo del mundo’ antzerki-obra hartuko du Gayarre Antzokiaren eszenatokiak, Pablo Messiezek idatzitako eta zuzendutako obra.

Abenduaren 3a, Nafarroaren Eguna

Foru Komunitateko zaindari San Frantzisko Xabierkoaren jaia dela-eta, Nafarroaren Eguna ospatzen da abenduaren 3an, programazio bereziarekin lurralde osoko hainbat lekutan.

Baluarten izango da agendako ekitaldi nabarmenena. Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren kontzertu bat hartuko du auditoriumak, eszenatokian lau gazte solista nafar ere izango direlarik, Foru Komunitateak duen talentu musikalaren adierazgarri.

Bestalde, Nazioarteko Jaialdiaren beste edizio bat bilduko du Gayarre Antzokiak, Nafarroan aritzen diren beste herrialde batzuetako elkarteetako talde artistikoen eskutik. Gainera, Foru Komunitateko 95 lekutan ere doako kontzertuak egingo dituzte Nafarroako abesbatzek eta musika-bandek. Nafarroako Ereserkia jotzen hasiko dira, eta programa espezifikoak eskainiko dira ondoren.

Nafarroaren eguna ospatu aurretik, abenduaren 2an (larunbata), San Andres feria hartuko du Lizarrak, eta hainbat ekitaldi dira aipatzekoak egitarau horren barruan, hala nola ganadua menditik jaistea emakumezko eta gizonezko zaldunen laguntzarekin, herri-kiroletako erakusketak edo pilota-partidak. Ezin ahaztu errekia eta ondoren txahal bikain bat dastatzeko aukera izango dela San Marin plazan.