Propuestas turísticas


23 aza. 17

Asteburu honetan Nafarroak eski-denboraldia inauguratuko du

Datorren igandean, eskiatzaile eta abeltzainen arteko makila eta bastoien ohiko trukea egingo da. Ekitaldi sinboliko horrekin hasiko da Nafarroan martxora arte luzatuko den neguko kanpaina.



Nafarroako Pirinioetan 2017-2018 eski-denboraldia azaroaren 26an inauguratuko da ofizialki, datorren igandean beraz, Larra-Belagua iraupen-eskiko zentroko instalazioetan, glaziar-jatorriko Erronkari eta Zaraitzu ibarretan.

10:00etan hasiko da jardunaldia, elur-erraketetan egingo den irtenaldi batekin. Ondoren, 12:30ean, artzainen eta eskiatzaileen arteko makila eta bastoien truke sinbolikoa egingo da. Larra inguruko bazkalekuetan udatik negura igarotzea irudikatzen du truke horrek.

Artzainek, udan zehar artaldeak eremuko bazkalekuetan elikatu ondoren, eskiatzaileei uzten diete tokia eski-bastoien entregaren bidez, tradizioa eta kirola uztartuz naturagune bat kudeatzeko bi moduren adierazgarri den ekitaldi batean. Fanfarre-musikak giroturik, jai-programazioak 13:00etan jarraituko du El Ferialen, ogi-mamien eta txistorraren dastaketarekin.

Elur-kantitatea egokia denean, neguko kirolen zaleek 20 kilometroko pistak dauzkate eskiatzeko Larra-Belaguako iraupen-eskiko zentroan, El Ferial eta La Contienda parajeen artean.

El Ferial parajeak 10,1 kilometro ditu pistatan, eta Zanpori, Bortuko eta Eskilzarra parajeekin lotuta, 21 kilometro biltzen dira guztira. La Contienda parajeak 5 kilometro eskiagarri dauzka, batez ere maila ertain eta handiko eskiatzaileentzat egokiak, eta Mata de Haya parajeko beste 6,6 kilometro, Belaguako Txokoan, guztira 16 pista eskiagarri eginez.

Eskiaz aparte, Nafarroako neguko denboraldiak neguko beste kiroletan aritzeko aukera ere ematen du, elur-erraketak adibidez, ikasteko erraza izanik paraje zoragarrietan barrena ibiltzeko aukera ematen duena, naturarekin harreman zuzenean. Horretarako gomendatzen da pisten egoera aldez aurretik kontsultatzea.

Handik hurbil, Belagua ondoan, Zaraitzuko ibarrean, iraupen-eskia egiteko eta elur-erraketekin ibiltzeko paraje paregabeak eskaintzen ditu Abodi-Irati eski-zentroak. Pikatuako aduana zaharrean dago, Larrautik Frantziarako errepidean, eta pista eskiagarrien 22 kilometro ditu, lau ibilbidetan banatuta: Zumakadoia (5,5 kilometro), Osabako Gurutzea (8 kilometro), Cerrillar (5 kilometro) eta Koista Bidea (3,5 kilometro).

Erronkariko eski-zentroak zein Abodi-Iratiko zentroak eski-ekipoen eta elur-erraketen alokairua eskaintzen dute, bisitari guztiei kirol horietan aritzeko aukera errazteko.