Propuestas turísticas


06 ira. 17

Erdi Aroko azokek antzinako lanbideen eta artisautzaren garaira itzultzen dute Nafarroa

Irailaren 8tik 10era bitarte Iruñeak Erdi Arora eramango du bertako alde zaharra, eta Hiru Burguen Batasunaren Pribilegioaren 594. urteurrena ospatuko du. Erriberan, irailaren 8an San Adriango kaleak juglarez, artisauez eta trobadorez beteko dira; eta Tuterak Hiru Kulturen Erdi Aroko Azoka ospatuko du irailaren 15etik 17ra bitarte.



Iraileko lehen hamabostaldian Nafarroa Erdi Arora itzultzen da hiru udalerritan egingo diren Erdi Aroko azoken eskutik: Iruñea, San Adrian eta Tutera.

Irailaren 8tik 10era bitarte Iruñeak bertako alde zaharra estandarte eta zutoihalekin apainduko du Hiru Burguen Batasunaren Pribilegioaren 594. urteurrena ospatzeko. Erdi Aroko azokaren bitartez Carlos III.a Nobleak 1423ko irailaren 8an Iruñeko hiru burguak (Nafarreria, San Zernin eta San Nikolas) udal bakarrean elkartzeko eman zuen pribilegioa gogoraraziko da, horren ondorioz gatazkak eta liskarrak alde batera utzi baitziren.

Asteburu batean hiriko alde zaharrak garai hura gogora ekartzen du hainbat jarduerarekin: artisautzako eta nekazaritzako elikagaien postuak, animazio-ekitaldiak, hegazti harraparien erakusketak, artile-moztea, beira puzteko, buztingintzako, forjaketako eta lore lehorren tailerrak, eta antzinako jokoak eta ikuskizunak haurrentzat. Gainera, Batasunaren Pribilegioa dela medio, Iruñeko Udalak Udaletxerako hainbat bisita gidatu jarri ditu abian; bisitak doakoak dira, aldez aurretik izena eman behar da, eta irailaren 6tik 10era bitarte egingo dira. Gainera, irailaren 8an Batasunaren Pribilegioa ospatuko da, eta 18:00etatik aurrera udal-korporazioak desfile bat egingo du hiru burguetan barrena, Erraldoi eta Buruhandien Konpartsarekin, udaleko dantzari, txistulari eta dultzaineroekin eta ‘La Pamplonesa’ musika-bandarekin batera.

Erriberan, San Adrian udalerriak ere hainbat mende atzerantz egiten du eta bertako kaleak juglarez, malabaristez, titiriteroz eta Erdi Aroko pertsonaia ugariz betetzen ditu irailaren 8an egingo den azokan. Bisitariek antzinako material nobleak nola lantzen ziren ikusiko dute, eta juglare eta trobadoreen musika, erromantze eta jokoak ezagutuko dituzte.

Bestalde, azpimarratzekoa da Tutera, hirian 400 urte baino gehiago elkarrekin bizi izan ziren hiru herrien –musulmanak, juduak eta mozarabiarrak– aztarnak gordetzen dituelako. Kultura-mestizaje hori Erriberako hiriburuan irailaren 15etik 17ra bitarte ospatzen denHiru Kulturen Erdi Aroko Azokan biziberritzen da. Artisautza-postu, nekazaritza-elikagai, kalejira edo hegazti harraparien erakusketa tradizionalez gain, programak, beste hainbat jardueraren artean, Katedralaren eta juduen kulturari lotuta dagoen haren ingurunearen gaueko bisita gidatu bat eskaintzen du, eta bertan kosher ardo gozoa eta gazta dastatuko dira.

Lizarrako Antzinako Musikaren Asteak erreforma luteranoari omenaldia egingo dio

Urtero bezala, iraileko lehen hamar egunetan, Lizarrak bere ekitaldi zaharrenetako bat ospatzen du: Antzinako Musikaren Astea (LAMA), aurten 48. edizioa betetzen duena. Iñigo Alberdiren zuzendaritza artistiko berriarekin, LAMAk, urtero Europako Erdi Aroko musika eta musika errenazentista eta barroko onena eskaintzen duenak, aurten erreforma luteranoaren 5. mendeurrena, Murilloren jaiotzaren 400. urteurrena eta Monteverdiren jaiotzaren 450. urteurrena ospatzen ditu.