Propuestas turísticas


17 abu. 17

Paseo gidatuak Nafarroan barrena, betiere aukera paregabea herrialdearen dibertsitate natural eta kulturalaz gozatzeko

Jendeak oso harrera ona egin dio maiatzean abiarazitako ekimen honi. Urriaren 28ra arte, 20 irteera egingo dira 15 bidexkatatik, hiru paseo Nafarroako Done Jakue Bidearen zenbait ibilbidetatik eta mendiko bi Ibilbide Luze.



Nafarroako Gobernuko Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak Foru Komunitatean senderismoa bultzatzen jarraitzen du paseo gidatuen programaren bidez, zeinak Nafarroaren dibertsitate naturala oso modu osasungarrian ezagutzea ahalbidetzen duen, herrialdeko bideei esker. Maiatzean hasi zen ekimena eta 20 ibilbide baino gehiago biltzen ditu, urriaren 28ra arte.

15 bidexkatan barreneko paseo gidatuak biltzen ditu bideak dinamizatzeko programak; parte-hartzaileak, bide horietatik oinez ibiltzeaz gain, zenbait jarduera osagarri egiteko aukera izango du, hala nola monumentu historikoetarako bisitaldiak, tokiko produktuak dastatzea edo hegaztien kantuari buruzko tailerretara bertaratzea. Abuztuko astearte, ostegun eta larunbatetan egiten dira paseo horiek, eta iraileko eta urriko asteburuetan. 2 ordu eta 30 minututik 3 ordu eta 30 minutu bitarteko iraupena izaten dute gutxi gorabehera. Pertsona bakoitzeko 5 euroko prezioa dute irteera horiek, jarduera osagarria barne.

Era berean, Done Jakue Bidearen aberastasun natural eta kulturalera hurbiltzeko aukera eskaintzen du zazpi eta hamar kilometro bitarteko zenbait paseo motzen bidez, Nafarroako tartean Bideak ezkutatzen duen ondareari buruzko azalpenekin aberastuta. Horrela, hiru ibilbide daude programatuta etapen zati bat oinez egiteko: ibilbide bat Izkotik Elorainoko herri eta zereal-soroetan barrena (abuztuaren 26an); beste bat Villatuertatik Iratxeko Monasteriora (irailaren 30ean) Ardoaren Iturrian geldialdia eginda; eta azkenik, Los Arcosetik Torres del Ríora (urriaren 21ean), Hilobi Santuaren eliza oktogonal erromanikora bisita eginez. 12 euroko prezioa dute paseo horiek, Iruñerako joan-etorriko autobusa barne.

Azkenik, mendiko bi Ibilbide Luze (GR) biltzen ditu programak. Lehena Tapla eta Otsagabia bitartekoa izango da, irailaren 16an; bigarrena, aldiz, urriaren 21ean, Iribas eta Betelu bitartean. Bi kasuetan ere, ibilbidearen iraupena hiru ordu eta erdikoa izango dela aurreikusten da. Done Jakue Bidearen paseoekin bezala, 12 euro da Ibilbide Luzeen prezioa, Iruñerako joan-etorriko autobusa barne.

Harrera ona izan duen ekimena

Nafarroan barreneko Paseo Gidatuen programazioan 300 pertsonak parte hartu dute orain arte, taldeka zein bikoteka. Pertsona horien guztien artean 150 inkesta egin dira, ibilbideak amaitzean haien balorazio eta iritziak jasotzeko. Parte-hartzaileek oso modu positiboan balioetsi dute ekimen hau, eta programak urte osoan iraun dezala ere iradoki dute. Era berean, inkestatutako pertsonek adierazi dute berriz egingo luketela paseoa, eta beren senitarteko eta lagunei gomendatuko lieketela.

Parte-hartzaileen jatorriari dagokionez, maiatzean eta ekainean gehienak nafarrak baziren ere, uztailean gora egin du beste autonomia-erkidego batzuetatik etorritako jendeak, hala nola Valentziatik, Kataluniatik, Madrildik, Euskaditik eta Galiziatik.

Egindako inkestetan nabarmentzekoa da, halaber, bertaratutakoek egiten duten balorazio positiboa ibilbideen seinaleztapenari, ingurunearen garbitasunari, gidek emandako azalpenei eta jarduera osagarriei dagokienez.

Parte-hartzaileek diotenez, komunikabideei esker,Nafarroako Turismoari buruzko webguneari esker, Komunitateko turismo-bulegoen sareari esker, sare sozialei esker eta senitartekoei esker ezagutu dute programa.

Liburuxka berria

Nafarroan nabaritu den senderismoari buruzko eskariaren ondorioz, Nafarroako Gobernuko Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak liburuxka berri bat argitaratu du ‘Ezinbesteko 30 bidexka Nafarroan barrena’ izenburuarekin. Bidexka bakoitzari buruzko informazio zehatza biltzen du argitalpen horrek, mapa topografiko bat, ibilbidearen profila eta argazkia barne, baita webgunerako esteka duen QR kode bat, zerbitzu interesgarriak eta inguru bakoitzeko gastronomiari eskainitako atal bat ere.

Dinamizazioko plan hori egiteko, Bideak Turismo Jardueretako Enpresen Nafarroako Elkartearen eta ANARTU Turismo Agentzien Nafarroako Elkartearen (erregistratzeko izapideak egiten ari da) laguntza izan du Turismo Zuzendaritzak.

Horrelako ekimenen bidez, Nafarroako bidexken eta ibilbide historiko tradizionalen eskaintza indartu nahi du Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak, naturguneekin errespetuz jokatzen duen turismoa bultzatuz, eta Foru Komunitatearen kulturan, ondarean eta naturan oinarritutako bidaia-proposamen berriak eginez.