Propuestas turísticas


24 uzt. 17

Nafarroako abentura-parkeak: aukera bikaina familia eta natura-turismorako

Haurrek eta helduek adrenalinak gora egiten diela sentituko dute zuhaitzen gainean ibiltzen, tirolina batean edota naturaren erdian eta animalien artean.



Nafarroak naturaren erdian kokatutako abentura- eta aisia-parke ugari ditu familientzat, adin orotako jendeak ongi pasa dezan.

Hegoaldetik iparraldera abiatzen bagara, aurkituko dugun lehen parkea Sendaviva da. Zabaldu zenetik, 2 milioi bisitari izan ditu dagoeneko. Nafarroako helmuga turistikorik garrantzitsuena da. Sendaviva parkea desberdina da, naturaren, atrakzioen eta ikuskizunen arteko konbinazio aparta eskaintzen baitie familiei. Parkea Arguedasen kokatuta dago, Nafarroako Errege Bardeen ondoko ingurune natural paregabe batean. Bertan, hogeita hamar bat atrakzio daude familia osoarentzat, hala nola bobsleigha, tubinga, tirolina handia, uretako atrakzioak (labirintoa eta ur-bataila, adibidez) eta Valhalla izenekoa (errealitate birtuala).

Parkeak 120 hektareako azalera dauka, eta 200 espezieko 800 animalia baino gehiago bizi dira bertan. Besteak beste, tigreak, jaguarrak, hartz arreak, otsoak, zebrak, igarabak, ipar-katamotzak, surikatak, wallaby kanguruak, ostrukak eta abar ikus daitezke hurbiletik, eta ikuskizun bikainekin goza daiteke. Hegazti harraparien erakustaldia parkeko ikuskizunik erakargarrienetako bat eta Europako ospetsuenetako bat da, eta zirkuak zoratuta utziko ditu ikusleak pailazo eta akrobaten emanaldiekin. Halaber, familiarekin egiteko jarduera ugari eskaintzen ditu parkeak, hala nola ‘Sendavivan galduta’ eta ‘Mundu zooragarria’ izenekoak. Jarduera horietan, parkeko animaliekin elkarreragiteko aukera izaten da. Udan, Robert Louis Stevensonen ‘Altxorraren uhartea’ eleberrian girotutako pirata-abentura batez gozatu ahal izango dute parkera hurbiltzen diren bisitariek.

Sendavivatik ipar-ekialderantz egiten badugu, Aibarko herritik hurbil dagoen Artamendia Abentura Parkera iritsiko gara. Parke horretan, Artamendiako harizti ederra zeharkatzen duten bitartean, familiako kide guztiek beren trebetasunak erakutsi ahal izango dituzte zubi esekietan, tirolinetan eta sare eta zabu garaietan.

Nafarroako iparraldean, Urbasa-Andiako Natura Parketik hurbil dauden Ilargi eta Eguzki harkaitzen artean, Urbasa Abentura Parkea dago. Lur ikusgarri horretan, bisitari bakoitzari bere adinera eta ezaugarri fisikoetara egokitutako ibilbide bat hautatzeko aukera ematen zaio, familia osoak ongi pasatu ahal izan dezan. Abenturari hasiera eman ondoren, bisitariek tirolinak, aireko probak, zubi tibetarrak, eskalada txikiak eta abar gainditu beharko dituzte. Halaber, parketik kanpoko jarduerak egin daitezke, hala nola mendi-ibiliak, orientazioa eta haitzuloetarako eta gaztandegirako bisitaldiak.

Elizondotik 3 kilometrora, Baztan Abentura Parkeak tirolinak, aquapark bat, via ferrata bat (200 metroko igoera harkaitz natural batean) eta penduluak eskaintzen ditu, familia osoak goza dezan. Bisitari guztiek azken atrakzio horretaz gozatzeko aukera izan dezaten, Baztan Abentura Park parkeak pendulu txikia (puentingaren antzeko jarduera da, 30 metroko garaierako harkaitz batetik egiten dena) eta megapendulua (ausartenei 100 metroko garaierara igotzeko eta 140 metro inguruko hegaldia egiteko aukera ematen diena) eskaintzen ditu.

Bertizko Natura Parketik hurbil, Bertiz Abentura Parkeak bertigoari aurre egiteko aukera ematen die bisitariei, altuerako soka-zirkuituengatik (hots, arborismoagatik) baita ospetsua parkea. Horrez gain, paintballa edo 30 metroko tirolinak dituzte eskuragarri bisitariek. Azken batean, abentura anitzeko pack bat naturaren erdian.

Nafarroako iparraldean, Irrisarri Land izeneko parkea dugu. Igantzitik hurbil kokatuta dago, eta inguru horretako opor-zentrorik handiena da. 75 hektareako azalera dauka, eta ostatua eta jatetxe-zerbitzua eskaintzen ditu 2,5 kilometroko tirolina lotuez (Cannopy), penduluaz, jolas-eremuaz edo BTT pistaz erosotasun handiagoarekin gozatzeko. Gainera, parkea kokatuta dagoen ingurua ezagutzeko interpretazio-zentro bat ere badago.