Propuestas turísticas


23 mai. 17

Lekunberrik trenbideko ibilbide zaharra apaindu du ‘Bide Berdeen Egunaren’ festa ospatzeko

Datorren larunbatean, maiatzaren 27a, hainbat jarduera antolatuko dira aire zabalean, ibilaldiak oinez edo bizikletan, artisautza, bisitaldi gidatuak, eta abar, egun hori familiakoekin edo lagunekin gozatzeko aukera emateko batetik, eta eremu horiek aisiarako, jolaserako eta turismorako erakargarri gisa bultzatzeko bestetik.



Datorren larunbatean, maiatzaren 27a, Lekunberrik ‘Bide Berdeen Egunaren’ beste edizio bat hartuko du. Plazaola Partzuergo Turistikoak urtero antolatzen du jaiegun hori Nafarroako Gobernuko Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiaren laguntzarekin, eta Lekunberrin eta Leitzan ospatzen da, txandaka.

Egun osoan zehar ‘Bide Berdeen egunak’ hainbat jarduera eskaintzen dizkie bertaratzen direnei, trenbidearen ibilbide zaharrak nola birgaitu diren eta zikloturistentzat ibilbide eta mendi-ibilbide nola bihurtu diren ezagutzera emateko. Eguna aprobetxatzen da, halaber, eremu horiek aisiarako, jolaserako era turismorako erakargarri gisa sustatzeko, eta eremua bere osotasunean ezagutzera emateko, haren zerbitzu-eskaintza (ostatuak, jatetxeak, artisauak, eta abar) eta turismo-eskaintza osoa barne.

Bide Berdeen eskaintza zikloturistaren eta mendi-ibilien eskaintzaren inguruan antolatzen dira jarduera nagusiak. Hala, Bide Berdean barrena ibilaldi bat egin nahi dutenek 4 kilometrotik 19 kilometrora bitarteko hainbat ibilbideren artean aukera dezakete, Aresotik (9:00h), Leitzatik (9:45h), Etxeberritik (9:45h), Latasatik (11:15h), Mugirotik (11:45h) abiatuta, eta Lekunberri-Mugiro-Lekunberri (12:00h) ibilbidea egiteko aukera ere badute. Gainera, 11:30etik aurrera ibilbide animatu batek familia osoa parte hartzera gonbidatuko du.

Programaren barruan ibilketa nordikoa hartu da, 10:30ean hasiko dena bastoien hastapen-ikastaro batekin (bastoiak eskainiko dira). Jarraian, parte-hartzaileek ibilbide bat egin ahal izango dute modalitate horri jarraikiz, Lekunberritik Bartolo Tuneleraino lehenbizi, eta handik berriz ere Lekunberriraino bueltatuz.

Goizean haurrak animatzeko jarduerak antolatuko dira, hala nola ‘txu-txu’ trena, Lekunberrin barrena ibiliko dena, puzgarriak, pailazoak eta globofexia-tailerra. Gainera, artisautza-merkatuan bertako hainbat produktu eskainiko dira, besteak beste gazta, taloak, bitxiak, sagardoa, eztia edo zurez egindako lanak.

Plazaolaren Bide Berdea

Plazaolaren ibilbide zaharra Larraun eta Leitzaran bailaretan barrena joaten da, eta, birgaitu denez geroztik, 43 kilometro dauzka (21 Nafarroan), Lekunberri eta Gipuzkoako Andoain herria lotuz. Lekunberriko tren-geltoki zaharra 1998an zaharberritu zen, eta Plazaolaren Turismo Partzuergoaren eta Turismo Bulegoaren egoitza da gaur egun. Artisautza-denda bat dauka, baita proiekzio-gela bat ere, eta bertaratzen denak trenaren historiari buruzko erakusketa ikus dezake bertan, baita bagoi bat ere, txikienen gozamenerako.

Nafarroak asmatu du, halaber, zaharkituta zeuden beste azpiegitura zahar batzuk aprobetxatzen, beste lau Landa Bide-Bide Berde birgaituz: Bidasoa, Tarazonica, Vasco-Navarro eta Irati, hainbat herri eta bazter zeharkatzen dutenak oinezko eta txirrindularientzat egokituta.

Jaiak Lizarran, Erromeria Orreagan eta ‘Uraren Eguna’ Pitillasen

Egun horietan, Nafarroako beste hainbat herrik ere beren jaiak ospatzen dituzte. Maiatzaren 25ean, Lizarrako herritarrek Puyko Ama Birjinaren eguna ospatzen dute lore-eskaintza handia eginez, Larrain Dantza bertako dantza eskainiz, eta Txerrikumearen Gorespen Eguna ospatuz.

Maiatzaren 28an, igandea, Orreagako Andre Maria, Pirinioetako erregina, beneratzen dute hainbat herritan. Udaberriarekin batera bailarak, herriak eta parrokiak haren egoitza ospetsura joaten dira, Orregako Kolegiatara alegia, omenaldi bizia eskaintzera.

Egun horretan bertan, Pitillasen ‘Uraren Eguna’ ospatzen dute, eta Nafarroako urtegi natural handiena den Pitillasko aintzirarako doako bisitaldi gidatuak antolatzen dituzte. Piknik jator baten inguruan hainbat ekitaldi antolatzen dira, hala nola artisautzako eta nekazaritza-elikagaietako merkatua, haurrentzako tailerrak, erakusketak, puzgarriak, musika eta erraldoiak.
Argazkia: Tryon