Propuestas turísticas


25 api. 17

Nafarroak eta bertako naturak distira egingo dute maiatzaren 1eko zubian

‘Zaindari ikusezina’ liburuak Baztanen utzi duen itzalak, Donejakue bideak, bidexkek eta bertako altxor naturalek edo abentura-parkeek osatzen dute familia osoak aire zabalean egiteko jardueren agenda.



Nafarroa natura, abentura, historia eta kultura da, eta horren guztiaren baturak eragiten du Foru Komunitatea helmuga ezin hobea izatea aire zabalean egiteko plan ugariz betetako maiatzeko zubia gozatzeko. ‘Zaindari ikusezina’ liburuak Baztan Haranean utzi duen itzala, Donejakue bidea, bidexka-aukera, gastronomia-ekitaldiak edo familia osoarentzako parkeak dira asteburu luze honetarako jarduera-agenda osatzen duten planak, gustu guztietara egokitzen den agenda izanik.

Baztan Haranekopaisaia zoragarriak zehaztasunez deskribatzen dira Dolores Redondoren trilogia arrakastatsuan eta, gainera, trilogia hori osatzen duen liburuetako bat, ‘Zaindari ikusezina’, zinemara eramateak eragin du baso itxiz osatutako ingurune honekiko eta Elizondorekiko interesa piztea. Baztan Haraneko hiriburuan, gainera, bisita gidatu bat egin daiteke eleberrian azaltzen diren lekuak bisitatzeko.

Mendi-ibiliak egiteko zaletasuna dutenek paradisu bat daukate Nafarroan. Zalantzarik gabe, Donejakue bidea Foru Komunitateko naturari lotutako turismo-eskaintzaren elementu erakargarrienetako bat da, milaka urteko ibilbide hori Frantziako Bidean barrena sartzen baita Foru Komunitatean. Bestalde, ezinbesteko 30 bidexka aukera batek komunitateko altxor natural guztiak biltzen ditu. Gainera, antzinako bost trenbide-trazadura berreskuratu dira Nafarroan: Plazaola, Bidasoa, TarazonicaVasco-Navarro eta Irati. Trenbide-trazadura horiei Herri-bideak – Bide berdeak deitzen zaie eta aukera ezin hobea eskaintzen dute lurraldeko naturaren aniztasunaz gozatzeko.

Nafarroa osoan distira berezia dute lurraldeak eskaintzen dituen paisaia handientsuek, hala nola Bertizgo Jaurerria, Nafarroako Pirinioetako mendebaldean kokatutako edertasun handiko txoko berdea; ingurune horretan bertan Iratiko Basoa dago, Europako bigarren pagadi-izeidi handiena eta hobekien kontserbatutakoa; Erronkaribarrek, Pirinioetan murgilduta, nortasun berezia erakusten du, bere arbaso-tradizioetan eta bere-berezko naturan oinarrituta gauzatutakoa; Urederra ibaiaren sorburua Nafarroako toki ikusgarrienetako bat da; eta Errege Bardeetako Natura Parkea, UNESCOk Biosferaren Erreserba deklaratutakoa, bisitaldi bakoitzean zirrara eta harridura eragiten duena.

Omenaldia Nafarroako gastronomiari eta naturari

Nafarrek beti egiten diete omenaldia beren gastronomiari eta naturari. Maiatzeko zubian egingo da Barazkiak Goratzeko Tuterako Jardunaldien jaialdia, eta 10 egun igaro ondoren, jardunaldi horren azken jarduerak egingo dira asteburu horretan; ekitaldi horien artean nabarmentzekoak dira dastatzeak, barazki-menestren eta eltzekarien ohiko lehiaketak, sukaldaritza-tailerrak edo probatzeak. Erriberan ere, Andosillak apirilaren 30ean (igandea) bere Jardunaldi Gastronomikoa ospatuko du, eta bertako produktu tipiko fresko nahiz landuak eskaintzen ditu, zainzuri, orburu, txistorra, pikillo-piper, perretxiko edo ardo dastatzeak eginez.

Egun horretan bertan, Burgin Almadiaren Eguna ospatzen da; Interes Turistiko Nazionalekotzat deklaratuta dagoen ospakizun horretan Pirinioetako bailaretatik Ebro ibaiaren ur lasaietaraino egiten zen zuraren garraioa ekartzen da gogora. Zura garraiatzeko ‘almadiak’ erabiltzen zituzten, hau da, ertzetan arraunak zituzten baltsak, elkarri lotutako hainbat enbor-zati zituztenak, eta ibilguan barrena arrisku handiz jaisten zirenak. Era berean, apirilaren 30ean, Sesman egiten den Artesparto azokarekin herri horretako familia askok espartzua nola lantzen zuten gogorarazi nahi da; garai batean Sesmako emakumeak kalean edo ukuiluetan esertzen ziren soka oso luzeak iruteko eta gero matazatan saltzeko.

Familia osoarentzako abentura

Egun horiek familiartean bidaiatzeko erabiltzen dituztenei natura eta handientzat eta txikientzat egokitutako jarduerak uztartzeko aukera ere eskaintzen die Nafarroak bere abentura-parkeetan. Erriberan dagoen Sendaviva abentura- eta dibertsio-parkeak zubiko hiru egunetan irekiko ditu ateak eta hogeita hamar atrakzio baino gehiago eskainiko dizkie bisitariei. Atrakzio horien artean denboraldi honetako berritasuna, Valhalla, nabarmendu behar da, baita animaliekin egiten diren ikuskizunak eta jarduerak ere. Gainera, Pirinioen bihotzean, Irrisarrilandek Espainiako tirolina handiena probatzera edo 140 metroko zubi tibetarra zeharkatzera gonbidatzen ditu bisitariak. Naturaren eta abenturaren eskaintza bizi daiteke, halaber, Baztan Abentura Park, Bertiz Abentura ParkAbentura Artamendia eta Urbasa Abentura parkeetan.

Nafarroa, era berean, erreferente bat da landa-turismoaren eskaintza zabala egiten duelako eta arkitektura tradizionaleko etxe zainduak –osorik edo gelaka aloka daitezkeenak–, landa-hotelak, kanpinak edo ostatu singularrak eskaintzen dituelako, hala nola Valtierrako kobazulo-etxeak, ingurune lasaiaz gozatzeko aukera ematen dutenak naturarekin harremanetan egonik.