Propuestas turísticas


05 api. 17

Apirilaren 8tik aurrera, Urederra ibaiaren iturburua bisitatu nahi dutenek on-line erreserba egin beharko dute aldez aurretik

Bisitariek bide telematikoz eska dezakete sarrera, eta egunean gehienez 450 pertsona bertaratu ahal izango dira. Goi-denboraldian bisitari kopurua gora doa, eta horregatik sarbidea arautu beharra dago, ingurunearen paisaia-aberastasuna eta kontserbazioa errespetatzeko.



Aurreko urteetan bezala, Urederra ibaiaren Iturburuaren Erreserba Naturalerako bisitaldiak kontrolatu egingo dira goi-denboraldian, bisitari kopuruaren gorakada handia izaten delako sasoi horretan. Horretarako, apirilaren 8tik aurrera, eremu natural babestu hori bisitatu nahi duten guzti-guztiek erreserba egin beharko dute aldez aurretik sistema elektronikoan.

Turismo eta Merkataritza Zuzendaritzak Ingurumen Zuzendaritza Nagusiarekin elkarlanean sarbideak kontrolatzeko ezarritako sistemaren helburua da ingurunearen paisaia-aberastasuna eta kontserbazioa zaindu eta errespetatzea, eta Bakedanoren landa-nortasunari eustea bertakoei eragozpenik sortu gabe, kalitatezko bisitaldia eskaintzeaz gainera. Egunean gehienez 450 pertsona sartu ahal izango dira, eta bisitariek ‘on line’ jaso dezakete sarrera.

Gehieneko bisitari kopurua bete arte sarrerak bide telematikoz egongo dira eskuragarri, bisitaldiaren eguneko 17:00ak arte, honako helbide honetan: https://urederra.navarra.es. Eskatzaile bakoitzak gehienez 15 sarrera har ditzake, eta erreserbak 6 hilabeteko aurrerapenarekin egiteko aukera izango da. Bisitaldiaren eguneko 12:00ak arte izango du balioa baimenak, eta ordu horretatik aurrera baliogabetutzat joko da.

Taldeen bisitaldietarako, partikularren urrats berberei jarraituko zaizkie. Taldeen bisitaldien kasuan eskaera bakoitzeko gehienez 55 sarrera erreserbatzeko aukera izango da, eta sarrera gehiago behar izanez gero beste eskaera bat egin beharko da. Taldeen bisitaldien bitartez gehienez 110 pertsona sartu ahal izango dira lanegunetan eta 55 pertsona jaiegun eta asteburuetan.

Urederra, Nafarroako lekune natural ikusgarrienetako bat

Urederra ibaiaren iturburua erreserba natural deklaratu zuten 1987an, eta Nafarroako lekune natural ikusgarrienetako bat da. Lizarraren iparraldean kokatua, Urbasako mendigune karstikoan sortutako akuiferoaren irteera naturala da. 100 metroko ur-jauzi ikusgarriak, urdin turkesa koloreko hainbat putzuk eta askotariko florak eta faunak osaturiko naturagunea ikusi nahi duenak 5,3 kilometroko (joan-etorria) bidea egin dezake bidezidor erraz batean barrena ibaiaren bideari jarraikiz, iturburu ederraino iritsi baino lehen.