Propuestas turísticas


29 mar. 17

Aste Santua, ihesaldi bikaina Nafarroako txokoak ezagutzeko

Helmuga bikaina da Nafarroa bere lurraldeko ondare natural eta kultural aberatsaz gozatzeko, bertako produktu gastronomiko famatuak dastatzeko eta bertan egiten diren ekitaldi erlijiosoak ezagutzeko.



Udaberria ondo hasita dagoela iritsiko zaigu aurten Aste Santua, eta aukera bikaina eskaintzen digu Nafarroa bere bikaintasun osoan ezagutzeko. Zalantzarik gabe, Foru Komunitatearen kultura-ondare aberatsa, haren natura eta paisaiak eta eskaintza gastronomikoa dira egun horiek aprobetxatu nahi dituzten turistek gehien balioesten dituzten erakargarriak. Baina, gainera, urtero ehunka ikusle biltzen dituzten arbaso-tradizioak eta ekitaldi erlijiosoak ezinbesteko topagune bihurtzen dira lurraldearen historia eta ohiturak ezagutzeko.

Turista askok Aste Santuko oporraldi-egunak aukeratzen dituzte naturaz eta gastronomiaz gozatzeko aukera emango dien ihesaldi bat egiteko. Nafarroak aukera ugari eskaintzen dizkie senderismoaren zaleei ezinbesteko 30 bidexkarekin, eta bizikletazaleek ere aprobetxa ditzaketen beste hainbat biderekin.

Ezin dugu ahaztu, halaber, hainbat leku enblematikoz osatutako eskaintza, hala nola Erriberriko Errege Jauregia, Nafarroako errege-erreginen gorte izandakoa erresumaren konkistara arte eta Europako Erdi Aroko luxu handieneko gazteluetako bat; Xabierko gaztelua, X. mendearen amaiera-aldera arroka biziaren gainean eraikitako Erdi Aroko gaztelua, Zangozatik 8 kilometrora, muga-herria berau, Donejakue bidean txertatutakoa, abegikorra eta momunentala, mendiaren eta erriberaren uztarketa; Leireko Monasterioa, Nafarroako monumentugune erakargarri eta kutunenetako bat. Eta Lizarra, jauregiak, jauretxeak, elizak, komentuak, zubiak eta eraikin ederrak biltzen dituen hiri erromanikoa, ‘Iparraldeko Toledo’ goitizenarekin ezaguna arrazoi horrexegatik; Gares, ‘bidegurutzea’, Donejakue bidearen bi bide nagusien elkargune den Erdi Aroko hiribildua; Orreaga, Nafarroako Pirinioetan kokatutako baso-paraje ederra, erromes gehienek Donejakue bideari Espainian hasiera emateko aukeratzen duten lekua; edo Tutera, jatorri islamiarreko Espainiako eta Europako hiri garrantzitsuenetako bat.

Gainera, Nafarroa osoan distira berezia dute lurraldeak eskaintzen dituen paisaia handientsuek, hala nola Bertizgo Jaurerria, Nafarroako Pirinioetako mendebaldean kokatutako edertasun handiko txoko berdea; Iratiko Basoa, mendebaldeko Pirinioetan, Europako bigarren pagadi-izeidi handiena eta hobekien kontserbatutakoa; Erronkaribarrek, Pirinioetan murgilduta, nortasun berezia erakusten du, bere arbaso-tradizioetan eta bere-berezko naturan oinarrituta gauzatutakoa; eta Errege Bardeetako Natura Parkea, UNESCOk Biosferaren Erreserba deklaratutakoa, 42.500 hektareako paisaia erdibasamortutarra, bisitaldi bakoitzean zirrara eta harridura eragiten duena.

Ekitaldi erlijiosoak eta arbaso-tradizioak

Aste Santuko berezko ekitaldien artean nabarmentzekoak dira Kristoren pasioaren, heriotzaren eta piztueraren antzezpenak, aipatzeko moduko zenbait baitaude Nafarroan. Tuterako parte zaharra Pasioaren eszenatoki bihurtuko da Asteazken Santuan (apirilak 12). Iruñean, ekitaldi berezkoena Ostiral Santuan izango da (apirilak 14) Ehorzketa Santuaren prozesioarekin. Egun berean, Zazpi Hitzen Funtzioaren antzezpena izaten da Corellan, eta ondoren pauso barrokoen prozesioa. Aldi berean, Gurutze Bide biziduna egiten dute Andosillan, eta 30 herritarrek baino gehiagok parte hartzen dute bertan.

Erriberan ere izaten dira Aste Santuko antzezpenak. Ekitaldi bitxi eta ezagunenetako bi Tuteran izaten dira: Volantín-en erreketa, Juda Iskarioteren sinbolo den panpinarena, Larunbat Santuan izango da (apirilak 15), eta hurrengo egunean Aingeruaren jaitsiera, San Gabriel Arkanjeluak Mariari egindako agerraldia antzezteko. Interes Turistiko Nazionaleko Jaitzat deklaratuta daude bi ekitaldiak.

Bisitariek beste ekitaldi bat dute handik hurbileko Cabanillas herrian, Piztuera Igandean (apirilak 16) Judaren Harrapaketa antzezten baitute, herriko gazteek irudikatuko benetako pertsonaien bidez, XIX. mendeaz geroztik mantentzen den tradizioari jarraipena emanez. Egun berean, Luzaiden, Bolantak dira protagonista, eta bolanten kaskabiloek durundi egiten dute Nafarroako dantza deigarri eta zaharrenetako baten erritmoan.

Aisialdia familian

Atseden-egun hauek paregabeak dira familiarekin gozatzeko eta Nafarroak abentura-parkeen sorta zabalarekin eskaintzen duen aisia-eskaintza osoa aprobetxatzeko, natura eta handientzat zein txikientzat egokitutako jarduerak uztartuta. Pirinioen bihotzean,Irrisarriland parkeak naturaren bikaintasuna eta handientzat zein txikientzat egokitutako jarduerak uztartzen ditu: Espainiako tirolina handiena, 140 metroko zubi tibetarra, 1.600 metroko indoor gune bat txikientzako jokoz betea, abentura-ibilbideak, jaitsiera-pistak, bike park…
Gainera, Nafarroako Erriberan, Sendaviva Abentura eta Dibertimendu Parkeak hogeita hamar atrakzio baino gehiago eskaintzen dizkie bisitariei, jende guztiari zuzendutakoak, eta haien artean nabarmentzekoa da denboraldi honetako nobedadea, Valhalla, baita beste zenbait ikuskizun ere, hala nola Hegaztien Erakustaldia edo Zirkua, baita animaliekin egindako jarduerak ere.

Natura eta abentura protagonista dira, halaber, Baztan Abentura Park, Bertiz Abentura ParkAbentura Artamendia eta Urbasa Abentura parkeetan. Parke horietan guztietan, jarduera erakargarri ugariz gozatzeko aukera izango du familia guztiak, hala nola tirolinak, penduluak, altuerako soka-zirkuituak, aquapark…