Propuestas turísticas


25 aza. 16

Iritsi da Nafarroara eskiatzeko garaia

Hilabete hotzak iristearekin batera, Nafarroako Pirinioak estaltzen ditu elurrak, paisaia alfonbra zuri bihurtuz, eta neguko kirolei –hala nola eski nordikoari edo elur-erraketei– protagonismo osoa emanez. Eskiatzaileek eta abeltzainek euren artean egiten duten makilen eta bastoien ohiko trukeak emango dio hasiera Nafarroan udaberria ondo sartu arte iraungo duen neguko denboraldiari.



Azaroaren 27an inauguratuko da ofizialki Belaguako ibarretan Nafarroako 2016-2017 eski-denboraldia, foru-erkidegoan jatorri glaziarra duen gune bakarrean, Erronkari eta Zaraitzu artean, Nafarroako Pirinioetan.

Ohitura denez, tradizioa eta kultura uztartuko dira Belaguan, makilen eta bastoien truke sinbolikoaren bidez, udatik negura igarotzearen adierazgarri Larra inguruko bazkalekuetan. Beren abere-taldeekin udan larreak bete dituzten abeltzainek errelebua hartzen diete eskiatzaileei, eski-bastoiak emanez. Bastoiak emateaz gain, Larra-Belaguako iraupen-eskiko zentroak (Roncalia) jai-programazio osoa antolatu du lehen elurteen iritsiera ospatzeko. Fanfarre-musikak alaituko du eguna, eta ogi-mamiak eta txistorra ere dastatu ahalko dituzte bertaratzen direnek.

Neguko kirolen zale guztiak hartzeko beharrezkoak diren instalazio guztiak dauzka Larra-Belagua iraupen-eskiko zentroak, eta pista eskiagarrien 20 kilometro baino gehiago izango dituzte beren kirol-jardunaz gozatzeko El Ferial eta La Contienda parajeen artean.

El Ferial parajeak 10,1 kilometro pista ditu, eta Zanpori, Bortuko eta Eskilzarra parajeekin lotuta, 21 kilometro biltzen dira guztira. La Contienda parajeak 5 kilometro pista ditu, batez ere maila ertain eta handiko eskiatzaileentzat egokiak, eta Mata de Haya parajeko beste 6,6 kilometro, Belaguako Txokoan, guztira 16 pista eskiagarri eginez.

Nafarroako eski-denboraldiak eskiaz gain beste zenbait modalitate praktikatzeko aukera eskaintzen du, hala nola elur-erraketak. Elur-erraketen gainean ibiltzeak, ikasteko erraza den kirola izateaz gain, paraje ikusgarrietan sartzea ahalbidetzen du, naturarekin zuzeneko kontaktuan.

Handik hurbil, Zaraitzuko ibarrean, iraupen-eskia egiteko eta elur-erraketekin ibiltzeko paraje paregabeak eskaintzen ditu Abodi-Irati eski-zentroak. Pikatuako aduana zaharrean dago, Larrautik Frantziarako errepidean, eta pista eskiagarrien 22 kilometro ditu, lau ibilbidetan banatuta: Zumakadoia (5,5 kilometro), Osabako Gurutzea (8 kilometro), Cerrillar (5 kilometro) eta Koista Bidea (3,5 kilometro).

Erronkariko eski-zentroak zein Abodi-Iratiko zentroak eski-ekipoen eta elur-erraketen alokairua eskaintzen dute, bisitari guztiei kirol horietan aritzeko aukera errazteko.