Propuestas turísticas


23 aza. 16

Gastronomiaz, kulturaz eta naturaz betetako zubi batez gozatzera gonbidatzen zaitu Nafarroak

Foru Komunitateak turismo-eskaintza zabala eta askotarikoa aurkeztu du abenduko zubi luzeaz gozatzeko; jai tradizionalak, aire zabaleko planak eta ongi osatutako kultura-eskaintza bat izango dituzte aukeran bisitariek.



Abenduko zubi luzea aukera ona da natura, kultura eta gastronomia protagonista berezi izango dituzten planak egiteko. Eta Nafarroa leku aproposa da Gabonetako jai eta ospakizunen aurretik gozatzeko.
Foru Komunitateak zubiaren aurreko asteburura aurreratuko ditu jaiegunetako jarduerak, azaroaren 3an Nafarroako Eguna eta Nafarroako zaindari San Frantzisko Xabierkoaren eguna ospatuko baita. Musika-ekitaldiak Barañain Auditorioan eta Gaiarre Antzokian hasiko dira, Oberena Dantza Taldearen 75.
urteurrenarekin eta Nazioen Jaialdiarekin, hurrenez hurren. Gainera, Nafarroako 88 lekutan ere doako kontzertuak egingo dituzte Foru Komunitateko abesbatzek eta musika-bandek. Nafarroako Ereserkia jotzen hasiko dira, eta programa espezifikoak eskainiko dira.

Castejón herriak ere omenaldia egingo dio bertakoa ere baden zaindariari. Castejónen, gainera, ‘Neguko festak’ ospatzen dira abenduaren 2tik 4ra bitarte, eta behiak eta entzierroak, haur eta helduentzako ikuskizunak eta kaleko musika izaten dira ekitaldi nagusiak.

Asteburu horretan bertan, hilaren 4an, igandea, San Andres omenduko da Lizarran. Ohiko azienda-feriaz eta eskualdeko artisau-lanen erakusketaz gain, txahal gozo bat erreko dute.

Gastronomia-ekitaldiak: boilurrak eta ohitura zaharrak

Abenduaren 6an, boilurrak izango dira protagonistak Metautengo ‘Boilurraren jaian’. Egun horretan, Tuber Melanosporum vitt espeziea (neguko boilurra) sustatzen da, produktu garesti horrek sukaldean duen balioa ulertu eta estimatu dadin.

Zubian bete-betean sartuta gaudela, abenduaren 7an ‘Azeriaren Eguna’ izango dugu Mendigorrian’. Herritarrak, ohitura zahar bati jarraikiz, jateko eta edateko biltzen dira egun horretan. Ohitura horren arabera, herriko gizonek herrian azeri bat aske zebilela esaten zieten emazteei, eta aitzakiarekin ardandegietako ardo berriak dastatzera joaten ziren.

Gabonak gainean ditugu, eta zuhurrenek dagoeneko badute erosketak aurreratzeko aukera, Iruñeko zezen-plazan egingo den Gabonetako Feriako 50 standetan. Arropa, jostailuak, artisau-produktuak eta gastronomia-produktuak eskainiko dira bertan, eta zuzeneko emanaldiek girotuko dute erosketak egiteko arratsalde atsegina.

Natura bete-betean, eta lehen elurteak

Naturazaleentzat, Nafarroak proposamen ugari eta paisaia harrigarriak eskaintzen ditu: Iratiko oihanaren bikaintasuna, Bertizko Jaurerria, Urbasako Parke NaturalaLeurtzako urtegien argitasuna, Errege Bardeetako Natura Parkearen berezitasuna edota Orgiko basoaren mila urtetik gorako historia.
Bestalde, Nafarroako 2016-2017ko eski-denboraldia datorren azaroaren 27an inauguratuko da ofizialki Nafarroako Pirinioetako Belagua, Erronkari eta Zaraitzuko haranetan.

Kultura-eskaintza: antzerkia, dantza eta musika

Iruñera hurbiltzen diren bisitariek askotariko kultura-eskaintza batez gozatzeko aukera izango dute. Baluarten, ‘Cervantes y el CSIC’ erakusketa dago ikusgai, eta bidaia ahaztezina egin ahal izango dugu gizakiaren gorputzaren barnera, ‘Human Bodies’ erakusketaren bidez.

Nafarroako hiriburuan, halaber, Gaiarre Antzokiak Compañía Ibérica de Danza konpainiaren ‘Carmen vs Carmen’ obra programatu du abenduaren 4rako. Hilaren 8an, Pedro Ruizek ‘Eterno’ ikuskizuna aurkeztuko du, eta hurrengo egunean, abenduaren 9an, Asfalto taldeak kontzertu berezi batekin ospatuko du 45. urteurrrena. Bertan, Nafarroako musikari handiak izango ditugu, hala nola Kutxi Romero eta Aurora Beltrán. Azkenik, abenduaren 10ean eta 11n, Concha Velasco Joana Eroa izango da ‘Reina Juana’ obran.