Nuevos servicios turísticos


30 mai. 18

Nafarroako Gobernuak turismorako laguntzen deialdia egin du; guztira, 850.000 euro diru-laguntzetan

Diru-laguntzen helburua da elkarte eta partzuergoek turismoa dinamizatu eta sustatzeko aurrera daramaten jarduera bultzatzea batetik, eta toki-entitateei gune eta baliabide turistikoak balioan jartzeko bultzada ematea bestetik.



Nafarroako Gobernuko Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak bi diru-laguntza deialdi onartu ditu Foru Erkidegoko turismo-sektorea bultzatzeko, guztira 857.550 euroko aurrekontu-zuzkidurarekin. Diru-laguntzek bultzatuko dute, besteak beste, turismo-elkarte eta turismo-partzuergoek turismoaren dinamizazio eta sustapenaren alorrean aurrera daramaten eginkizuna, eta, bide batez, toki-entitateei bultzada emango diete baliabide eta gune turistikoak egokitzeko aukera izan dezaten.

Turismo-sektorerako onartutako lehen deialdia, NAOn jada argitaratu dena, turismo-elkarte, toki-entitate eta turismo-partzuergoek 2018an turismo-arloan egiten dituzten garapen- eta marketin-jardueretarako diru-laguntzei dagokie, Turismo Plan Estrategikoarekin bat etorriz. Planaren helburuetako bat indartu nahi du neurriak, hain zuzen ere honela dioen helburua: “bisitariaren gogobetetze-ahalmena garatzea Nafarroako soziabilitatea aprobetxatuz, jende asko dabilen guneetan harreraguneak antolatuz eta lurraldez lurralde ekitaldiak eginez”. Jendea azoka eta aurkezpenetara bertaratzea ere bultzatu nahi du, eta sektoreko entitate profesionalak sustatzeko jardunak indartu.

Nafarroako turismo-elkarte, toki-entitate eta turismo-partzuergoak ditu jomugan deialdi horrek, eta guztira 622.550 eurorekin finantzatuko da, honela xehatuta: 272.550 euro turismo-elkarteentzat eta 350.000 toki-entitate eta turismo-partzuergoentzat.

Diruz laguntzeko moduko jardunetarako gastuak 2017ko azaroaren 1etik 2018ko urriaren 31ra bitarte (biak barne) egin, fakturatu eta ordaindu beharko dira.

Eskaerak aurkezteko hilabeteko epea izango da deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren hurrengo egunaz geroztik, eta nahitaez telematikoki aurkeztuko dira Nafarroako Gobernuaren web atariko zerbitzu-katalogoan aurki daitekeen lotura honen bitartez.

Baliabideak egokitzea


Bigarren deialdi batek toki-entitateentzako diru-laguntzak eskaintzen ditu, 2018an bidezidorrak, guneak, eta, oro har, baliabide turistikoak egokitzeko aukera izan dezaten. Nafarroako Turismo Plan Estrategikoan ezarritakoaren arabera, programaren helburua da turismo-jardueraren elementuak kokatzen diren espazioa hobetzea, eta, ildo horretan, baliabideak aprobetxa daitezke turismo-produktuak sortzeko, sarbideetako azpiegitura eta azpiegitura lagungarriak egiteko, eta turismo-jardueretarako ostatu eta guneak eratzeko.

Prozedura eta haren oinarriak NAOn argitaratu dira dagoeneko, eta, horien arabera, guztira 235.000 euroko gastua baimentzen da, diruz lagundu beharreko jardunak honela xehatuta: bidezidor turistiko, bide natural eta bide berdeak egokitu eta interpretatzea, 65.000 euro; baliabide eta gune turistikoak hobetu eta egokitzea, 170.000 euro. 2018ko urtarrilaren 1etik 2018ko urriaren 31ra bitarte inbertsioan, hobekuntzan eta egokitzapenetan egindako jardunek jaso dezakete diru-laguntza.

Bidezidor turistiko, bide natural eta bide berdeen egokitzapen eta interpretazioari dagokionez, toki-entitateak gutxienez 3.000 euroko inbertsioa egin beharko du, eta gehienez 7.000 euroko diru-laguntza jasotzeko aukera izango du. Gune turistikoak hobetu eta egokitzeari dagokionez, berriz, gutxienez 6.000 euroko inbertsioa egiteko aukera izango da, eta gehienez 25.000 euroko diru-laguntza jasotzeko aukera, dagokion toki-administrazioak bideratutako zenbatekoaren % 60ari dagokiona.

Eskaerak aurkezteko hilabeteko epea izango da deialdia NAOn argitaratzen den egunaren hurrengo egunaz geroztik, eta, soil-soilik, Nafarroako Gobernuaren Atariko zerbitzu-katalogoaren dagokion fitxaren bitartez aurkeztu ahal izango dira.