Nuevos servicios turísticos


29 mai. 18

Turismo Zuzendaritzan 107 apartamentu berri erregistratu dira eskaintza klandestinoa kontrolatzeko ekintzen ostean

Aurten turismo-erabilerarako 107 apartamentu erregistratu dira Turismo Erregistroan, 57 Iruñean, Nafarroako Gobernuak kontrol-neurriak abian jartzearekin batera. Gaur egun, horrelako 695 establezimendu daude alta emanda Nafarroan, horietatik 201 Iruñean.




Turismo-erabilerarako etxebizitzaren fenomenoaren goranzko joera 2017an erregistratutako gorakada berrestera dator. Izan ere, 2017an % 34,53ko gorakada nabari zen aurreko urtearen aldean, Nafarroako Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiaren arabera.

Aldi berean, 2017ko eta 2018ko ikuskatze-planen barruan Turismo Zuzendaritza eskaintza klandestinoa kontrolatzeko jarritako jardunen argitan, administrazioak kontrolatu gabeko ostatu-eskaintzak agertzen ari dira, ikuskatze-zeregin horren barruan turismo-bitartekotza, eta turismo aktibo eta kulturala ere biltzen direlarik.

2017an egindako jardunek zenbait eskaintza klandestino desagerrarazteko aukera eman zuten. Esaterako, lotutako bi merkataritza-sozietate 14 apartamentu turistiko kudeatzen ari ziren, eta, beste kasu batean, pertsona fisiko bat arduratzen zen kudeaketaz. Bidaia-agentzia baten iruzurrezko jarduera ere detektatu zen, atzerriko turistak jomugan zituena eta San Ferminen Jaietarako soilik ziharduena.

Guztira, jarduera klandestinoaren aurka egindako 200 jardun baino gehiagoren ondorioz 90 zigor-espediente egin ziren, 105 establezimenduri eraginez. Ikuskatze-izapideak ez dira oraindik amaitu, Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusia Nafarroako Zerga Ogasunarekin elkarlanean ari delako turismo-eskaintza klandestinoaren egoera zerga-ikuspegitik ere erregularizatzeko helburuarekin.

2018an kontrol-neurriei eutsi zaie, eta dagoeneko 11 zigor-espediente ireki zaizkie turismo-ostatu klandestinoen titularrei; gainera, turismo aktibo eta/edo kulturaleko, bitartekotzako eta informazioko enpresetan ikuskapenak areagotu dira, eta bereziki udan eta San Ferminetan eskainitako zerbitzuei dagokienez.

Gogoratuko duzuenez, apartamentu turistiko bat alokairuan jarri nahi duen pertsonak erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu behar du, eta Nafarroako Turismo Erregistroaren lotura honetan alta eman, egiten dituen publizitate mota guztietan inskripzio-kodea adierazteaz gainera. Hori ez betetzeak arau-hauste larria dakar turismo-alorrean, eta Administrazioak zigorra ezar dezake 1.201 eurotik 6.000 eurora bitarteko isuna jarriz.

Kontrol-plan horren bitartez, Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak sektorearen bidegabeko lehiari aurre egin nahi dio eta erabiltzaileen eskubideak babestu, 2018-2025 aldirako Nafarroako Turismo Plan Estrategikoan ezarritakoarekin bat etorriz.