Nuevos servicios turísticos


31 uzt. 17

Jarduera turistikoaren inguruan Turismoko eta Merkataritzako Zuzendaritza Nagusiak sustatutako kontrol-ekintzen balantze positiboa

Alokairu turistikoko plataformetako eskaintzaren jarraipena egiteko hartutako neurrien ondorioz, 63 zehazpen-espedienteri eman zaie hasiera eta 91 establezimendu berri inskribatu dira



Nafarroako Gobernuko Turismoko eta Merkataritzako Zuzendaritza Nagusiak hainbat kontrol-ekintza burutu ditu azken hilabeteotan bidegabeko lehiaren arloan. Jarduera turistikoaren zenbait arlo hartu dira kontuan, hala nola etxebizitzen alokairu turistikoa, baita autokarabanak bertan gelditzeko eta aparkatzeko eremuak ere, Nafarroako Foruzaingoaren laguntza handiagoarekin eremu horien erabilera okerra kontrolatzeko.

Zuzendaritza Nagusiak martxoan aurkeztu zuen Turismoko Ikuskapen Plana, eta bertan biltzen dira burutu nahi diren jardunak eskaintza turistikoaren kalitate handiagoa lortzeko eta jarduera turistiko klandestinoak modu eraginkorragoan kontrolatzeko.

Turismoko Ikuskapen Planaren helburuetako bat da zerbitzu turistiko klandestinoak detektatzea, eta horretarako zenbait jardun planteatzen ditu, alojamenduko zerbitzu turistikoen, bitartekotza-zerbitzu eta informazio turistikoko zerbitzuen, eta turismo aktibo eta kulturaleko jardueren egikaritzapen klandestinoa saihesteko, arreta berezia eskainiz Interneten eta gailu mugikorren bidez egindako jarduerei.

Ildo horretan, Meridiano Zero enpresak sareetako alojamendu-eskaintzari buruzko azterlan bat egin zuen 2016ko urrian eta azaroan, sarean erregistratu gabeko alojamendu turistikoek Nafarroan zuten egoera zein zen jakiteko; eskaintza horrek Nafarroako guztizko eskaintza arautuarekin alderatuta duen bolumena kalkulatzeko; eskaintza horren inpaktu ekonomikoa zenbatesteko eta oinarrizko lanerako dokumentu bat lantzeko.

Era berean, modu aktiboan eta etengabe ari gara lanean Nafarroako Ogasunarekin sektoreko ezkutuko ekonomiaren aurka, informazioak partekatuz, baterako estrategiak diseinatuz eta enpresaburuen eta profesionalen ekarpenak zuzenean jasoz “bidegabeko lehiari buruzko mahaiaren” bidez. Batera ekin diegu, halaber, egiaztapen-jardunei hiri- eta landa-errentamenduen sektorean deklaratu gabeko apartamentu turistikoak detektatzeko. Ildo horretan, San Ferminetarako balkoien alokairua ere kontrolatu du Nafarroako Ogasunak; izan ere, jarduera hori ez dago turistikoki arautua eta, a priori, ez du erregistratzeko betebeharrik, baina dagozkion zerga-betekizunak bete behar ditu dena dela.

Era berean, lankidetza hasi dugu Nafarroako Gobernuaren Etxebizitza Zerbitzuarekin informazioa trukatzeko nolabaiteko bateraezintasunen bat izan dezaketen establezimendu bat edo beste establezimendu turistiko gisa eskaintzen diren kasuetan, departamentu horrek emandako diru-laguntzak jaso dituztelako, nahiz eta gaur egun arte zenbait kasu puntual baino ez diren detektatu.

Burututako beste ekintzetako bat zenbait online plataformarekin zuzeneko harremanetan egotea izan da, hala nola Sanfermin.com, Airbnb eta Booking plataformekin, online bidegabeko alokairuen eskaintza bideratzeko, plataforma horietako bezeroei berriki onartutako Turismoko Ikuskapen Plana ezagutaraziz eta bertako araudia bete behar dutela ere gogoraraziz.

Martxotik aurrera, Turismoaren Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Atala buru-belarri aritu da jarduera konplexu horretan, plataforma guztietan erregistratu gabeko eskaintzaren titularren datuak ikertuz, eta 63 zehapen-espedienteri eman zaie hasiera ikerketa horren ondorioz, batez ere alojamenduarekin lotutakoak, baina kasuren batean bilduta dago, halaber, balkoien eskaintza eta gida- eta laguntza-zerbitzuen eskaintza ere.

Bestalde, eta gai horren inguruan sortutako albisteek eragindako oihartzunaren ondorioz, eta hori ere Turismoko Ikuskapen Planaren beste helburuetako bat delarik, 180 informazio-eskaera inguru artatu ditugu, 91 establezimendu berriren erregistroa izapidetuz, 2016ko aldi berean izandako 40 erregistroekin alderatuta.

Azkenik, maiatzaren 30eko 22E/2017 FORU AGINDUAREN bidez, Nafarroako Turismoari buruzko otsailaren 14ko 7/2003 Foru Legea partzialki aldatzeko aurreproiektua egiteko prozedura hastea erabaki da, Foru Legean establezimendu eta enpresa guztientzat Erregistroko zenbakia nahitaez iragarri beharra sartzeko, baita plataformen erantzukizun subsidiarioaren ideia sartzeko ere, plataforma horietan ostatatzen diren establezimendu eta enpresen Erregistroko zenbakia iragartzearen arloan.

Aldez aurreko kontsulta publikoko fasean dago une honetan 7/2003 Foru Legea partzialki aldatzeko aurreproiektua egiteko espedientea. http://gobiernoabierto.navarra.es/es/participacion/procesos/consulta-publica-previa-relativa-al-anteproyecto-ley-foral-por-que-se

Autokarabanen eremuak

Turismoko eta Merkataritzako Zuzendaritza Nagusiak zenbait ekintza garatu ditu, halaber, autokarabanak bertan gelditzeko eta aparkatzeko eremuei dagokienez ere, batez ere kanpinen sektore profesionalean dagoen kezkak eragindakoak, zenbait erabiltzailek eremu horiek oker erabiltzen baitituzte, kanpatzeko ez diren eremuetan kanpatzeak izan duen gorakadak eragindakoak ere ahaztu gabe.

2016ko ekainetik aurrera, zenbait bilera izan dira, batera edo bereizita, Nafarroako Kanpinen Elkartearekin, Tximeleta Elkartearekin (Turismo Autokarabanistaren Nafarroako Elkartea), Nafarroako Udalerri eta Kontzejuen Federazioarekin eta Nafarroako Foruzaingoarekin.

Bilera horien ondorioz, azken hilabeteotan, eremu horiek sustatzen dituzten udalak eremu horiek arautzen dituzten ordenantzak ekarri dituzte eremu horiei buruzko informazioarekin batera, baita eremuen kontrol handiagoa egiteko konpromisoa adierazi ere. Informazio hori, behin osatu eta egiaztatutakoan, zerbitzu horiei buruzko informazioa Nafarroako Turismoko atariaren bidez ere ematea ahalbidetuko du, beste erakunde batzuetako zerbitzu edo eskaintzekin egiten den bezala.

Bestalde, Nafarroako Foruzaingoak, Nafarroan baimenduta ez dagoen kanpatze librea kontrolatzeko esparruan, ikuskapen-plan bat prestatu du autokarabanak bertan gelditzeko eta aparkatzeko eremuentzat eta aparkalekuentzat 2017ko uda-denboraldirako, autokarabanak bertan gelditzeko eta aparkatzeko eremuetan arauz kontrako kanpatzea kontrolatzeko, baita jarduera hori ikus daitekeen leku ohikoenak kontrolatzeko ere, detektatzen diren arau-hausteak salatuz.