Nuevos servicios turísticos


08 mai. 17

Arantza Hotela nafar establezimenduak Condè Nast Traveler 2017 saria irabazi du

Bost izarreko landa-hotel hori Baztan-Bidasoa eskualdean dago, Nafarroako iparraldean, eta ihesaldi-hotelaren kategoriako saria irabazi du; izan ere, 2016ko ‘Gold list’ zerrendan sartu dute, bidaiaren munduko izen garrantzitsuenekin batera.



Arantza Hotela nafar establezimenduak Condè Nast Traveler 2017 saria irabazi du. Urtero-urtero ematen du sari hori bidaia-aldizkari ospetsuak, hotel, konplexu turistiko, spa eta bestelako turismo-baliabideak saritzeko ‘Gold list’ izeneko zerrenda bakarrean bildu ondoren, non argitalpenak bidaiaren munduko 2016ko izen garrantzitsuenak bildu dituen.

Arantza Hotela bost izarreko landa-hotel xarmangarria da, eta ihesaldi-hotelaren kategoriako saria irabazi du, Dueroko Erriberako (Valladolid), La Palmako, Salamancako, Eltziegoko (Araba) eta Gredosko Mendilerroko beste bost establezimendurekin lehiatu ondoren.

Nafarroako Arantza herri txikian dago saritutako establezimendua, Frantziako eta Euskadiko mugaldean, eta Biarritzeko, Donostiako eta Iruñeko aireportuetatik ordubetera bakarrik. Bikoteentzako boutique hotela da, eta spa pribatua eta beste hainbat esperientzia esklusibo jartzen ditu bezeroen eskura, guztia ere konforta bermatzeko asmoarekin. 4 sardexkako jatetxe bat ere badu establezimenduak, non zentzumenen plazeraz goza daitekeen kontu handiz landutako platerak dastatuz, guztiak ere Nafarroako mendian kokatutako Baztan-Bidasoa eskualdeko bertako produktuez prestatuak.

Arantzak eta beste lau herrik (Igantzi, Lesaka, Etxalar eta Bera) Bortziriak osatzen dituzte. Bost herri horiek hiribilduko kategoria historikoa dute, eta bertako paisaia berde bizian hainbat baserri barreiatzen dira belardi, iratze-leku eta pinuz, haritzez, pagoez eta gaztainondoez osatutako basoen artean. Horrek guztiak Bidasoa Ingurua osatzen du; izokinak daramatzan ibaiak zeharkatu eta izendatzen du lurraldea, Kantauri itsasora urak isuri baino lehen.

Baztan, aukera ugari eskaintzen dituen ibarra

Handik kilometro gutxira bisitariek aukera dute, baso eta mendien artean, Baztango ibarraren natura-ingurune zoragarriaren lasaitasunaz eta tradizio eta kulturaz gozatzen jarraitzeko. Paisaia benetan dotoreak dauzka Baztanek, eta jende asko berriz hurbildu da bertara Dolores Redondoren ‘Zaindari ikusezina’ trilogiak eta haren zinema-bertsioak egundoko arrakasta lortu ondoren.

Baztanen bisitariak aukera ugari balia ditzake. Bidezidor errazak, lur hauetan, Nafarroako Pirinioetako gandorrak Itsaso aldera makurtu eta leuntzen direlako; askotariko museoak; oraindik jardunean dauden errotak; gastronomia ederra; eta mendetan iraun duten tradizioak.

Nafarroa, erreferentzia bat landa-turismoan

Azken urteetan Nafarroa landa-turismoaren erreferentzia bihurtu da, eta ongi zainduriko landetxeen eskaintza zabala eskaintzen du. Arkitektura tradizionaleko etxeak dira, eta osorik zein gelaka aloka daitezke. Ingurune lasai batez goza daiteke etxe horietan, baita bertako kultura atseginaz gozatu ere, egun batzuk deskonektatuz naturarekin kontaktuan.